24 euskal film Nanteseko Zinemaldian

Euskara. Kultura. Mundura.

2017-03-23

Enrique Urbizu, Leire Apellaniz, Iratxe Fresneda, Koldo Serra, Daniel Calparsoro, Hannot Mintegia, Koldo Almandoz, Juan Barrero… Euskal zineak ordezkaritza zabala izango du martxoaren 22tik apirilaren 2ra ospatuko den Nanteseko 27. Festival du Zinema Espagnol jaialdian. Guztira 24 euskal film ikusi ahal izango dira Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalena den honetan.

Enrique Urbizu, Leire Apellaniz, Iratxe Fresneda, Koldo Serra, Daniel Calparsoro, Hannot Mintegia, Koldo Almandoz, Juan Barrero… Euskal zineak ordezkaritza zabala izango du martxoaren 22tik apirilaren 2ra ospatuko den Nanteseko 27. Festival du Cinéma Espagnol jaialdian. Guztira 24 euskal film ikusi ahal izango dira Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalena den honetan.

Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen Fenêtre Basque (Euskal Leihoa) sailean 11 luzemetrai eta zortzi film labur eskainiko dira. Urteko euskal ekoizpen onenen eta euskal zinemagile garrantzitsuenen lanen hautaketa bat proposatzen du atal honek. Horiez gain bost euskal film luze gehiago ikusi ahal izango dira Festibaleko sail ezberdinetan. Euskal Herritik kanpo aurki daitekeen euskal zinema programazio zabalena da Nanteskoa.

Hasieratik amaierara, euskal zineak presentzia nabaria izango du festibalean. Nanteseko Operan atzo egin zen irekieran Daniel Calparsoro eta Cien años de perdón (2016) filma izan ziren protagonista. Calparsoro berak klausuran ere parte hartuko du, Kalebegiak (2016), Donostia 2016ren baitan eginiko film kolektiboak emango baitio amaiera zinemaldiari.

Guztira bederatzi film (sei luzemetrai eta bi film labur) ariko dira lehian festibaleko sail lehiakor ezberdinetan. Sail ofizialean, Pedro Aguilera donostiarraren Demonios tus ojos (2017) egongo da lehiatuko diren zortzi filmen artean. Dokumental onenaren sariaren bila Justin Websterren El fin de ETA (2016), Mikel Ruedaren Nueva York. Quinta Planta (2016) eta Leire Apellanizen El último verano (2016) arituko dira. Opera Prima sailean beste bi pelikula egongo dira: Psiconautas, los niños olvidados (2016), Pedro Rivero eta Alberto Vázquez zinemagileena  –animazio onenari Goya saria irabazi zuen- eta Koldo Almandozen Sipo phantasma (2016).

Gainera, Etxepare Institutuak eta Euskadiko Filmategiak urteko film labur onenak sustatzeko bultzatzen duten Kimuak plataformari esker Kepa Sojoren Hileta (2016), Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Renovable (2016) eta Alberto Vázquezen Decorado (2016) film labur onenaren sariaren bila lehian arituko dira.

Era beran, aurten Nantesko zinemaldiak atzera botako du begirada Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean. Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin hautatutako sei film eskainiko dira sail berezi batean. Horrez gain, bi erakusketa eta mahai inguru bat egingo dira.

Euskal erakundeen ordezkari bezala Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordea, Joxean Muñoz; Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, Miren Arzalluz eta Donostia 2016ko zuzendaria, Pablo Berastegi joango dira Nantesera, sari banaketa eta hitzaldietan parte hartzera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu