35etik gora euskal sortzailek erakutsiko dituzte euren lanak euskal leihoen bidez

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-29

BASQUE. PERFORMING ARTS. markapean, 35etik gora euskal sortzailek eta hamabost konpainiak parte hartuko dute abuztuan eta irailean Estatuan, Frantzian eta Portugalen egingo diren arte eszenikoen 9 jaialditan, hala nola, Libourneko Fest´Arts eta Avignoneko Opera Teatroa (Frantzia), Anfitrión Arte Eszenikoen jaialdia (Andaluzia), Torres Vedras (Portugal), Tàrregako Fira de Teatre al Carrer (Katalunia), Escena Patrimonio (Salamanca, Cuenca eta Segovia) eta Expoesian (Soria), tartean hainbat estreinaldi izango direla. Hala eman dute aditzera gaur goizean Etxepare Euskal Institutuko ordezkariek, udako euskal leihoen berri emateko prentsaurrekoan, Bilboko Azkuna Zentroan.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak azpimarratu duenez, pandemiaren bilakaerak “eragin zuzena izan du gure sortzaileen mugikortasunean”. Horri erantzuteko, alde batetik, sortzaileekin lankidetzan “mugikortasuna sustatzeko diru-laguntza deialdia eraldatu” ditu aurten Institutuak. Bestetik, “arte eszenikoetako nazioarteko jaialdiek gertuko proposamenak lehenetsiko zituztela ikusita, garbi ikusi genuen geografikoki gertuen dauden jaialdiak eta hitzorduak modu proaktiboan landu behar genituela, euskal kulturaren presentzia gure mugetatik haratago eramaten jarraitzeko eta Etxepareren misioari eusteko”.

Halaber, Larrazak adierazi du udako leiho hauek guztiek “oso ongi islatzen” dutela euskal sortzaileen “gaitasuna proiektu bikainak sortzeko eta gauzatzeko”; baita euskal kulturak “gure mugetatik kanpo duen tiradizoa ere”. Eta azpimarratu du lanean jarraituko dutela “nazioarte mailan aurten atzeratu diren kultur programak berreskuratzeko eta proposamen berriak garatzeko”.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “Etxepare Euskal Institutuaren zereginen artean dago gure kulturaren berri kanpoan ematea eta gure sortzaileei eta ekoizleei euskal kultura zer den kanpoan erakusteko laguntza ematea. Eta zeregin hori ez da erraza izan bizi dugun egoera honetan.  Baina badabil bai Etxepare Euskal Institutua helburu hori betetzen eta aurkitu ditu bideak. Eta zabaldu dira leiho berriak ere. Gure artista eta sortzaileek ere jakin dute egoera berri eta berezi honetara moldatzen eta aurkitu dituzte beraiek ere leiho berriak. Lanerako aukera berriak dira, gure kultura gure mugetatik kanpo ezagutzera emateko pauso berriak dira. Eta eskerrak eman nahi dizkiet bai Etxepare Institutuari eta baita gure sortzaileei ere aukera berri horiek hartu eta bidea egiten jarraitzeagatik”.

Gaurko aurkezpenean udako euskal leiho hauetan parte hartuko duten sortzaileetako batzuk ere izan dira, hala nola, hiru jaialditan izango den Jon Maya (Kukai Dantza), bi jaialditan jardungo duen Judith Argomaniz (Lasala Dantza), Garbitxu (Deabru Beltzak) eta Ana Meabe (Marie de Jongh).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu