Ainara Muntek eraman du aurtengo Etxepare-LABORAL Kutxa Itzulpen Saria

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-10-23

Etxepare – LABORAL Kutxa Itzulpengintza sariaren 5. edizioan, Ainara Munt Ojangurenek (Zaragoza, 1975) eraman du saria. Lan saritua Joseba Sarrionandiaren Hilda dago poesia? poema liburuaren katalanerako itzulpena izan da, És morta la poesía? izenburua duena; eta Bartzelonan egoitza duen Pol·len Edicions etxeak atera du argitara. Itzultzaileak eta argitaletxeak 4.000 euroko saria partekatuko dute, eta 2.000 euro arteko laguntza jasoko dute argitalpen horien sustapenerako.

Aurtengo irabazleak gaur bertan jaso du saria, Euskadiko Artxibo Historikoan (Bilbon) antolatutako ekitaldi batean, Pol·len Edicions argitaletxeko Jordi Panyellarekin batera. Han izan da Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, eta itzulpenaren garrantzia nabarmendu du euskal kultura nazioartekotzeko bidean: "Itzulpengintzarekin lotutako proiektuak sustatzeaz gain, Eusko Jaurlaritzak aintzat hartzen du itzulpengintzaren garrantzia eta ahalegin bat egiten du itzultzaileen lana aitortzeko. Kasu honetan, Etxepare-LABORAL Kutxa Sariaren bitartez, euskaratik beste hizkuntzetara egiten diren itzulpenik bikainenak aitortu nahi ditugu, garrantzitsuak baitira euskaraz sortzen den kultura munduratzeko". Ekitaldian ere, Joseba Sarrionandiak preseski bidalitako hitz batzuk irakurri ditu Pamielako editore Pello Elzaburuk.

Saria nori eman erabakitzeko orduan, epaimahaiak (LABORAL Kutxako, Etxepare Euskal Institutuko zein itzulpengintzaren arloko profesionalez osatua) itzulpenaren kalitatea izan du kontuan, baita argitaletxeak egin duen sustapen lana ere. Itzultzailearen ibilbidea eta itzulitako generoaren, poesiaren, balioa ere aintzat hartu dira baloratzerako orduan. “Itzulpen zaindua eta zehatza izatea, idazleak jatorrizko hizkuntzan bilatutako esanahia katalanez islatzeko jarritako arreta eta jatorrizkoaren musikalitateari eta efektu adierazkorrari eusteko ahalegina" nabarmendu du epaimahaiak bere adierazpenean. Era berean, argitaletxearen lanari dagokionez, zera azpimarratu du: “nabarmentzekoak izan dira euskal literatura eta, bereziki, Sarrionandiaren lana kataluniarrei helarazteko urtetan egindako ahalegina”.

2015. urtean sortutako sari banaketa honen aurreko edizioetan Joseba Sarrionandia beraren, Kirmen Uriberen, Bernardo Atxagaren eta Gabriel Arestiren lanen itzulpenak saritu dira, hurrenez hurren.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu