Amaia Vicente eta Mario Paniegok egonaldi artistikoa egingo dute Wroclawen

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-09-20

Bosgarren urtez jarraian Euskal Herriko bi artistak egonaldia egingo dute Poloniako Wroclaw hirian AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitan. 10 proposamen jaso dira aurten eta, horien artean, Amaia Vicente eta Mario Paniego hautatu ditu epaimahai espezializatu batek.

Bosgarren urtez jarraian Euskal Herriko bi artistak egonaldia egingo dute Poloniako Wroclaw hirian  AIR Wro (Artists in Residence Programme) programaren baitan. 10 proposamen jaso dira aurten eta, horien artean, Amaia Vicente eta Mario Paniego hautatu ditu epaimahai espezializatu batek.

Lehenengoak hiri-espazioaren inguruko hausnarketa egingo du soinuaren eta geolokalizazioaren bidez. Bigarrenak aldiz hiriko espazio publikoetan egiten den publizitatearen erabileran sakonduko du. Egonaldiaren baitan Wroclaweko biztanleentzat tailerra eta proiektuaren aurkezpen irekia ere egingo dira.

Egonaldia irailaren 24tik azaroaren 18ra burutuko dute. Horretarako, artista bakoitzak 2.000 euroko ordainsari garbia jasoko du eta proiektua aurrera ateratzeko ekoizpen, promozio eta komunikazio babesa jasoko dute antolakuntzatik. Era berean Wroclawera joan-etorriko hegaldia ordainduko zaie, baita ostatua ere.

Polonia eta Euskal Herriaren arteko elkarlana 2014. urtean hasi zen, Donostia eta Wroclaw 2016an Europako Kultur Hiriburu izateko prestaketak medio. Ordutik 11 euskal artistak egin dute egonaldia Wroclawen AIR Wro programaren bidez. Culture Zone Wroclaw erakundeak kudeatzen du programa gaur egun, eta Etxepare Euskal Institutuak Donostia 2016ren legatu bezala eman die jarraipena egonaldi hauei. Horrela, euskal artistei euren prestakuntzarako eta euren lanaren zabalkunderako plataforma eskaintzen die eta mugikortasuna, kultura arteko elkarrizketa eta nazioarteko elkarlana sustatzen ditu.


Artists in Residence Programme Wroclaw

AIR Wro programaren xedea da kultura eta artearen alor ezberdinetan jarduten duten sortzaileen lana lagundu eta sustatzea; beti ere, euren lana hiri-identitatea eta kultura kontzeptuen inguruan burutzen badute. Izan ere, egonaldi artistiko hauen azken helburua hiri modernoaren arazoen konponbiderako praktika egokiak aurkitzea eta bitartekaritza sustatzea baita.

Euskal artistentzako aurtengo deialdiak hiriaren nortasunarekin lotuta dauden eta faktore ezberdinek – sozialak, historikoak, pertsonalak– eragiten dituzten mugimendu eta aldaketekin du zerikusia. Hiriaren paisaia eta ekosistema jendeak osatu eta eraldatzen duen zerbait da. Nola ordea? Elkar eraginez ala elkar oztopatuz? Hirietako komunitateetan etengabe gertatzen ari diren aldaketen ondorioz ekintzailetza, praktika artistiko eta kolektibotasun-eredu berriak ari dira sortzen. Aldaketa horiek, askotan, hiritar jarrera gisa definitu ohi diren korronteekin bat egiten dute: ikerketa eta hiri-heziketa, garapen iraunkorra eta ekologia, gerrilla-ekimenak eta auto-antolakuntza, eta espazio publikoarekin lotura duten gaiak. Guztiek dute, nolabait, eragina gure bizitzeko, elkar bizitzeko eta lan egiteko moduan.

Hiria eta bere kultura elkarrizketan eta bitartekaritzan sustraitutako jarduera artistiko, kultural eta sozialen abiapuntu izan daitezke. Egitasmo honen bitartez, hiri-identitatean eta kulturan interesa duten artistei gonbitea egiten zaie Wroclawen proiektu berri bat sor dezaten. Egonaldiak ezinbestean jaso beharko du bertako herritarrekin workshop bat, eta egonaldia amaitzean, publikoari irekitako aurkezpen bat egingo da.

Hautatutako artista eta proiektuen inguruko informazio gehiago hemen.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.