Amoria aurkeztuko dute Labèque ahizpek Pariseko Filarmonikoan
Euskara. Kultura. Mundura.
Katia eta Marielle Labèque ahizpa pianojoleek Amoria proiektua aurkeztuko dute Pariseko Filarmonikoan bihar, apirilaren 5ean. Bikote baionarraren lan honek euskal musikak azken 500 urteetan eginiko ibilbidea biltzen du.
Katia eta Marielle Labèque ahizpa pianojoleek Amoria proiektua aurkeztuko dute Pariseko Filarmonikoan bihar, apirilaren 5ean. Bikote baionarraren lan honek euskal musikak azken 500 urteetan eginiko ibilbidea biltzen du, eta goi mailako zenbait euskal musikarirekin elkarlanean osatu dute lan hau: Carlos Mena kontratenor gasteiztarra eta Hegiak boskotea, Eñaut Elorrietak, Thierry Biscarik, Harkaitz Martínez de San Vicente eta Mikel Ugarte txalapartariek eta Ander Zulaika perkusionistak osatua.
Lapurtarrek 2018ko abuztuan argitaratu zuten Amoria diska Deutsche Grammophon Records seilu diskografikoaren bidez, aktiboan jarraitzen duen munduko zaharrena eta Universal Music Groupen eskumendekoa. Orain, primizia gisa kontzertu gutxi batzuk eman ostean, Parisen egingo dute aurkezpena Cité de la Musique aretoan.
Euren musika ibilbidean aurrera egiteko Parisera joan behar izan zuten Labèque ahizpek; dena den, euskal jatorria ez dute ahaztu eta honetan zerikusi handia izan du Thierry Biscaryk. Baxenafar abeslari eta txalapartariak euskal musikagileek mendeetan zehar osatu duten errepertorioa aztertu du Errenteriako Eresbil euskal musikaren artxiboan, Jon Bagües fundazioko zuzendariaren laguntzarekin, eta musika akademikoa eta herrikoia nahasten dituen aukeraketa bat egin du.
Biscary ezagutu eta proiektu honetan murgiltzea erabaki zuten Labèquetarrek. Amoria osatzeko kontuan izan dituzten artisten artean Joanes Antxieta errenazentistatik Alberto Iglesias musikagile garaikiderainoko denbora tartean dauden artistak aurki ditzazkegu, hala nola Pedro Sarasate, Aita Donostia, Jesus Guridi edota Gabriel Olaizola, besteak beste.