Arantzazu Aizpurua: “Euskal kultura eta hizkuntza eskolak nahastea da nire intentzioa, hizkuntzari denbora gehiago eskainiz”

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-02-23

Etxepare Euskal Institutuak euskara eta euskal kulturaren nazioarteko onespena indartu eta beste hizkuntza eta komunitate batzuekin elkarguneak sortzeko euskal ikasketak sustatzen ditu nazioarteko unibertsitate eta goi mailako zentroetan, irakurletza programaren bitartez. Euskara eta euskal kulturarekin loturiko ikasgaiak munduko hainbat unibertsitateren eskaintza akademikoan daude haiekin sinatzen dituzten lankidetza hitzarmenei esker.

Etxepare Euskal Institutuak, Zuricheko Unibertsitatearekin elkarlanean, irakurletza berria sortu du unibertsitatean suizarrean. Programaren barruan, otsailaren 24an hasiko den ´Introduction to Basque Language and Culture´ ikastaroa emango da. Eskolak ostiralero emango dira 10etatik 12etara, hurrengo sei hilabeteetan, ekainaren 2ra arte. Irakurletza Zurich Unibertsitateko Hizkuntza Erromantzeen sailak koordinatzen du, Hizkuntzalaritza Konparatuko Institutuaren programaren barruan.

Arantzazu Aizpurua Arconadarekin, Zuricheko Unibertsitateko irakurletza programa berriko irakaslearekin,  hitz egin dugu Zuricheko Irakurletzaren inguruan bere ikuspuntua eta ´Introduction to Basque Language and Culture’ ikastaroari begira duen aurreikuspena ezagutzeko. Arantzazu, Konstantzako Unibertsitatean (Universität Konstanz) euskara klaseak eman ditu urte eta erdiz, eta Zuricheko Unibertsitateko irakurletza berriko ikastaroan irakasle izango da. 

Ostiralean, Zuricheko Unibertsitatean ‘Introduction to Basque Language and culture I’ ikastaroa abiatuko duzu, Zuricheko Unibertsitatean sortu berri den irakurletza programaren baitan. Nolakoa izan da ikastaroaren prestaketa prozesua?

Konstantzara duela urte eta erdi etorri nintzenean, katalaneko irakurlea ezagutu nuen iritsi eta gutxira, eta komentatu zidan berak bai Konstantzan eta bai Zurichen zituela eskolak. Etxepare Euskal Institutuarekin harremanetan jarri nintzen, eta berehala jarri ziren Johannes Kabatek-ekin kontaktuan, Zurich Unibertsitateko Hizkuntza Erromantzeen arduraduna, zerbait bideratu zezaketen ikusteko. Seihileko bakoitzeko irakasgai bat egitea akordatu zuten: Introduction to Basque Language and Culture.

Nire partetik, Zuricheko irakurletza egingo zela konfirmatu zidatenetik, prestaketa batez ere administratiboa izan da. Unibertsitatetik eskatu zidaten lehenengo gauza ikasgai fitxa bat betetzea izan zen. Bertan, erabiliko ditudan materialak, klaseen edukia eta ebaluatzeko modua deskribatu behar izan nituen. Informazio hau unibertsitateak bere irakasgai katalogoan gehitzen du, ikasleek ikastaroaren deskribapena ikus dezaten.

Orain, irakurletzek bi unibertsitateetan daukaten desberdintasuna handiena da, Zurichen, euskarako ikasgaia Hizkuntzalaritza Konparatuko Institutuaren programan dagoela. Horrela, errazagoa da ikasleentzat euskara beraien ikasketa planetan konbalidatzea.

Zer ikuspegi emango diozu ikastaroari?

Ikasgai bakarra denez, euskal kultura eta hizkuntza eskolak nahastea da nire intentzioa. Beharbada hizkuntzari berari denbora gehiago eskainiko diot, eta gramatikari bereziki. Lehen esan dudan bezala, ikasleek hizkuntzalaritza programa batean kokatuta izango dutelako ikastaroa. Hau ere, eskolak hasten direnean ikasleen interesen arabera aldatzen joango naiz.

Normalean klaseak albiste batekin hasten ditut, euskal gizarte edo kulturaren aspektu bereizgarri bati buruzkoa. Aurkezpen labur bat egiten dut albistearen atzean dagoen ohitura edo aspektuaren inguruan, eta gero ikasleekin beraien jaioterrietan antzekorik edo alternatibarik duten galdetzen diet. Debate eta solasaldi interesgarriak sortzen dira normalean, beti izan baititut jatorri askotako ikasleak eskoletan, ez alemaniarrak bakarrik.

Nori dago zuzenduta ikastaroa? Nolakoa da ikasleen profila?

Berez, klaseetara etorri nahi duten guztiei ongi etorria ematen diet. Berdin dit zein ikasketetatik datozen. Egia da, hizkuntzalaritza programa batean kokatuta dagoenez, gehienbat filologia eta irakaskuntza ikasleak izan ohi direla hurbiltzen direnak. Hala ere, klaseak hasi eta ikasleen artean hitza zabaltzen hasten denean beste espezialitateetako jendea ere etortzea espero dut. Konstantzako esperientziari erreparatuz gero, aipagarriena jatorrien aniztasuna dela iruditzen zait. Gustatuko litzaidake Zurichen ere hala izatea. Guztiontzat esperientzia askoz aberatsagoa egiten duela iruditzen zait.

Zer nolako esperientzia izan da eta izaten ari da atzerrian eskara klaseak ematea?

Hasiera gogorra izan daiteke. Oso zaila da ikasleak lortzea, eta hau irakurle guztiok komentatzen dugun gauza bat da. Ikusgarritasun falta dela, askotan borondatezko ikastaroa dela, ezjakintasuna dela… Izan ditut nire klaseetara etorri diren ikasleak Euskal Herria mapa batean kokatzen ere ez zekitenak, ikasteko gogo askorekin, baina inolako aurre ezagutzarik gabe. Horregatik bakarrik, nire lehenengo klasea beti Euskal Herria eta euskarari buruzko seminario expres antzeko bat izaten da.

Hala ere, nabaritu dut, behin euskara eta euskal kultura ezagutzen hasten direla, jarraitzeko gogoa izan ohi dutela. Seihilekoaren amaieran batzuetan esaten du norbaitek “nire hurrengo oporretan Euskal Herrira joango naiz”.

Nolakoa izango da, zure ustez, datorren seihilekoan Zuricheko Unibertsitatean euskara klaseak ematea?

Ostiralean izango da nire lurreratzea bertan. Oraingoz, bederatzi pertsona daude ikastaroan erregistratuta, Zuricheko lehenengo aldia izateko zenbaki dezente ona. Aurretik komentatu dudan bezala, ikastaroan ikasketa programa batean kokatuta egoteak asko laguntzen du. Unibertsitatetik ere interesa dutela nabari dut, eta hori oso eskertzekoa da.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu