“Argentinan garatu den euskara irakasteko sistema txapela kentzeko modukoa da”
Euskara. Kultura. Mundura.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak zazpi egun egin ditu Argentinan, Mar del Platan egin den Euskal Astearen harira; eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren zabalkundearekin zerikusia duten hainbat ekitalditan hartu du parte. Berarekin izan gara hizketan bidaia honen nondik norakoez.
Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak zazpi egun egin ditu Argentinan, Mar del Platan egin den Euskal Astearen harira; eta euskal kulturaren eta hizkuntzaren zabalkundearekin zerikusia duten hainbat ekitalditan hartu du parte. Berarekin izan gara hizketan bidaia honen nondik norakoez.
Zein helburu izan du egin duzun bidaiak?
Argentinara eraman ninduen lehenbiziko arrazoia, Mar del Plata hirian Euskal Astearen baitan egin den Ertamerika eta Hego Amerikako Euskal Etxeen Eskualdeko Bilera izan zen. Ertamerikako eta Hego Amerikako Euskal Etxeetako ordezkariak bildu ziren bertan, eta Institutuaren parte-hartzearen arrazoia, gure lana aditzera eman eta Euskara Munduan programa elkarrekin kudeatzen hastea izan zen, 2019. urteari begira. Euskara Munduan programaren bitartez, munduko Euskal Etxe guztietan ematen diren euskara eskolak kudeatzea da asmoa, eta lan ildo hori guretzako berria da.
Bidaiaren bigarren zatian Buenos Airesera joan nintzen, eta kultur eremuko eta eremu akademikoko hainbat ordezkarirekin bildu nintzen.
Zein ildo jorratu dira Buenos Airesen kulturguneetako ordezkariekin egin dituzun bileretan?
Argentinan kultur kudeaketan dabiltzan erakundeekin eta gobernuko eta hiriburuko kultur arduradunekin bildu naiz, Sara Pagolarekin batera, Euskadiren Argentina-Mercosur-eko (Hego Amerikako hainbat herrialderen merkatu komuneko) ordezkariarekin. Hangoek kultur ekintzak antolatzeko duten modua ezagutu eta elkarlanerako aukera ezberdinak aztertu genituen. Horrez gain, hainbat kulturgune zehatz bisitatu genituen, eredu interesgarriak dituztelako eta haiekin harreman-ildo berriak zabaltzeko aukera ikusten dugulako. Horiek izan ziren Centro Cultural Kirchner, Usina del Arte eta Centro Cultural San Martín. Ildo berean, Buenos Aireseko jaialdiaren arduradunarekin eta Fondo Nacional de las Artes-eko arduradunarekin ere izan ginen.
Eta eremu akademikoan egin dituzun bileretan?
CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundeko arduradun batzuekin bildu nintzen. Latinoamerikako ikerketarako erakunde garrantzitsuena da CONICET, eta erreferentziazko gunea Argentinan. Haiekin sinatutako esparru-hitzarmenak egitasmo akademiko egonkor bat garatzea du helburu, Euskal Ikasketen gaineko interesa pizteko eta ikertzaileak jakintza eremu zehatz horretara erakartzeko. Horretarako, hango eta hemengo adituez osatutako programa akademiko bat gauzatuko dugu urtero, Argentinako unibertsitateetan (aldi bakoitzean gaiaren arabera egokiena, CONICETen iritziz).
Bestalde, La Platako Unibertsitatean Etxeparek duen Euskara eta Euskal Kultura Irakurlearekin bildu nintzen; eta azkenik, beste unibertsitate batzuetatik eskaintzak eta lan aukerak ere jaso ditut. Beraz, etekin handiak atera ditugula esan daiteke.
Zer nolako harrera egin dizute egon zaren lekuetan?
Argentinako euskal diasporak izugarrizko harrera egin dit. Etxepare Institutuan denbora luzea daramagu munduan zeharreko unibertsitateetan euskararen irakaskuntza garatzen, baina Euskal Etxeekin lan gutxi egin dugu, eta bazen garaia Euskara Munduan programarekin lanean hasteko. Bide horretan lehen pausua elkar ezagutzea da, eta bidaia honetan urrats hori ondo burutu dela esango nuke; jendea oso atsegina eta eskuzabala izan da, eta elkarlanerako gogo handia dute.
Euskal Etxeen kongresu horretan, zein izan zen Etxepare Institutuaren funtzioa?
Eusko Jaurlaritzak sustatutako eskualdeko bilera bat zen, eta nire papera, batetik, Etxepare Institutua aurkeztea (gure misioa eta betebeharrak) eta, bestetik, Euskara Munduan programa martxan nola jarri nahi dugun azaltzea izan zen. Oso ideia ona izan zen kongresu horretara joatea, Euskal Etxeek zituzten duda asko uxatu baikenituen.
Zein pisu du Argentinan Euskal Kulturak?
Inpresio handia eragin zidan Argentinako euskal diasporak. Iruditzen zait izugarrizko lana egiten dutela euskal kulturaren transmisioan, batez ere belaunaldiz belaunaldi umeei euskaldun izatearen nortasuna eta harrotasuna musika edota dantzaren bitartez transmitituz. Gero, heldutan, askok transmisio horri jarraipena ematen diote euskara ikasiz.
Bestalde, Argentinan euskalduna zarela esatea gauza positiboa da; jende fidagarri eta langiletzat gaituzte. Haiek esaten duten bezala, “el vasco es conocico y reconocido”. Gainera, kontuan hartu behar da Argentinako gizartearen jatorri heterogeneo horretatik, Euskal Herritik datozenen ehunekoa oso handia dela; 3 milioitik gora dira euskal abizena duten argentinarrak.
Zein balorazio egiten duzu egindako eta jasotakotik?
Oso esperientzia hunkigarri eta probetxugarria izan da. Batetik, arlo profesionalean, ezinbestekoa zitzaidan Euskara Munduan programa garatzeko bertako kolektibitate euskalduna ezagutzea; eta Unibertsitate eta kulturguneekin harreman berriak garatzeko bideak irekitzea ere aurrerapauso handia izan da. Baina, batez ere, arlo pertsonalean, harrera oso ederra egin didate, eta Argentinako euskal komunitateak egiten duen lanak benetan harritu eta hunkitu egin nau. Batez ere, euskararen irakaskuntzan egiten dutena azpimarratu nahiko nuke; Argentinan garatu den sistema txapela kentzeko modukoa da. Hainbat belaunaldiren ondoren bertan jaiotako euskaldunetatik, badira asko euskara bertan ikasi dutenak eta orain irakasle direnak; ez da bakarrik euskaraz dakitela, baizik eta guk bezala egiten dutela. Nolabait, euskaldun izatearen haria ez etetea lortu dute.