Banderen erabilera eztabaidagai Diego Vivancoren proiektu berrian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-11-08

Diego Vivanco euskal ikusizko artistaren If it moves, it’s alive (Mugitzen bada, bizirik dago) erakusketa ikusgai dago egunotan Buenos Airesen, Museos de la Universidad Nacional Tres de Febrero (MUNTREF) entitatearen parte den Immigrazioaren museoan. Egitasmoak, estatu eta nazioen banderen erabileraren inguruan gogoeta egitera bultzatzea du helburu, eta abenduaren 31ra bitarte ikusi ahal izango da.

Vivanco Bilbon jaio zen laurogeigarren hamarkada amaieran, baina bere bizitzaren zati handi bat egin du atzerrian; izan ere, EHUn Arte Ederretan lizentziatu ostean, Alemaniara joan baitzen bizitzera, bertan Media Art eta Time-based art (denboran oinarritutako artea) graduondoak egiteko. Bere hitzetan, “Euskal Herrian jaio eta atzerrian hamar urtez bizi izanak nire identitate kulturalaren inguruan gogoeta egitera behartu nau bizitza guztian zehar. Agian horregatik sortu zait banderekiko sentitzen dudan zirrara hau, objektu eta sinbolo bezala, komunikatzeko elementu kodifikatu bezala”.

Ez da kasualitatea, beraz, egoitza Immigranteen hotelean duen Immigrazio museoa aukeratu izana erakusketa hau ezartzeko. 1911tik migratzaileak, erbesteratuak eta bidaiariak babesean hartu dituen edifizio honek, orain museo bihurtuak, zuzeneko harremana du banderek herrientzat historian zehar izan duten garrantziarekin. Bitamine Faktoriaren Euskal Arte Garaikidea Nazioartekotzeko EAS-EZE programan aurkezteko aukeratu zuen Vivancok gai hau, eta horrek eraman du Argentinako hiriburuan bere lana erakustera.

If it moves, it’s alive proiektuak bideoa, instalazioa eta argazkia baliatzen ditu banderen erabileraren inguruan gogoeta egitera bultzatzeko. Euskarri horietan oinarritutako performanceek (argazkietako batean Vivancok bere gorputza bandera bat balitz bezala planteatzen du, esaterako) banderen funtzio ezberdinak aurkezten dituzte, ikuslea identitate kulturalaren inguruan galderak egitera bultzatuz.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu