Barbara Pegelj: "60 lan itzuli ditut eslovenierara, eta 16 idazle euskaldunenak dira"

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-05-31

Ibilbide luze eta oparoa du itzulpengintzan Barbara Pregelj (Ptuj, 1970) esloveniarrak: 60 lan baino gehiago itzuli ditu gaztelaniatik, galegotik zein katalanetik. Eta azken urteotan liluratu duen hizkuntza batekin egin du topo, Zornotzako Barnetegian sei hilabeteko egonaldia egin ondoren: euskara. Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Bernardo Atxaga edota Arantxa Urretabizkaiaren lanak itzuli ditu, azken bienak ‘Itzultzaile berriak’ egitasmoaren testuinguruan. Nola bizi du euskara itzultzaile esloveniar batek? Hona kontatu diguna:

Ibilbide luze eta oparoa du itzulpengintzan Barbara Pregelj (Ptuj, 1970) esloveniarrak: 60 lan baino gehiago itzuli ditu gaztelaniatik, galegotik zein katalanetik. Eta azken urteotan liluratu duen hizkuntza batekin egin du topo, Zornotzako Barnetegian sei hilabeteko egonaldia egin ondoren: euskara. Juan Kruz Igerabide, Patxi Zubizarreta, Bernardo Atxaga edota Arantxa Urretabizkaiaren lanak itzuli ditu, azken bienak ‘Itzultzaile berriak’ egitasmoaren testuinguruan. Nola bizi du euskara itzultzaile esloveniar batek? Hona kontatu diguna:


  • Zerk eraman zaitu Bernardo Atxaga, Mariasun Landa, Juan Kruz Igerabide edota Patxi Zubizarreta bezalako idazleen lanak itzultzera?

Euren obren irakurketak. Ez nituzke lan horiek ezagutuko ez balitz Mari Jose Olaziregi, Xabier Etxaniz, Lourdes Otaegi [EHUko irakasle eta literaturan adituak hiruak] edota Atxaga berarengatik, eslovenierara itzulita dago. Baita euskaraz idatzitako literaturaren mundura gerturatzeko jakin-min handiak ere. Eta nire bikotekide Aleš eta Filip eta Gašper semeen babesak, haiekin konpartitu nituelako nire irakurketak eta ilusioa. Haientzat inprobisatzen nituen ozenki haur literaturako nire lehen itzulpenak. Eta urte hauetan topatu dudana zera da: irakurle heldu edo gazteak izatea baino, hitzetara eraman nahi duen mundua intereseko duen literatura bat. Horrek horrenbeste liluratu ninduen, ezin izan diodala hizkuntza hori itzultzeari utzi. 60 lan inguru itzuli ditut eslovenierara, eta 16 idazle euskaldunenak dira. 

 

  • Nolakoa izan zen zure lehen kontaktua euskararekin? Ezagutzen zenuen Euskal Herrira etorri aurretik ere?

1988an lehen aldiz penintsulara etorri nintzenean Donostiatik pasa nintzen. Gerora behin baino gehiagotan itzuli naiz Euskal Herrira, baina beti beste nonbaitera bidean. Behin Bakarka liburua erosi nuen, baina ez nuen ezer ikasteko tarterik izan. Beraz, Euskal Herrira euskara ikastera etorri aurretik ´eskerrik asko´ baino ez nekien esaten. 

 

  • ‘Itzultzaile berriak’ programari esker hainbat lan itzuli dituzu euskaratik eslovenierara. Nolakoa izan da esperientzia euskal obrak itzultzen?

Programari esker hasi naiz, hain zuzen, hizkuntzaren ikaskuntzan sakontzen eta euskaratik zuzenean itzultzen. Euskaraz hasiberria naiz, eta ia umea. Egoera linguistiko berezia da, izan ere, gai naiz esaldi sinpleekin komunikatzeko; literatura, aldiz, ezagutzen den hizkuntza adierazpen konplexuena da. Esan nahi dudana da lehen pausoetan nagoela, baina gorantz noa. Niretzat orain garrantzitsua da euskaraz idatzitako lanak eskuratu ahal izatea, gaztelania, ingelesa edota katalaneko itzulpenarekin alderatu ahal izateko eta ikasten joateko. 

Programaren baitan Bernado Atxaga (Xola eta Ameriketako izebaXolak badu lehoien berri eta Xola eta Angelito) eta Arantxa Urretabizkaia itzuli ditut. Haur literatura Eslovenian ere nahiko marginala da. Zentzu horretan uste dut betean asmatu nuela Urretabizkaia itzultzea erabakitzen: liburua zabaltzen hasi da, eta esloveniar irakurleen erantzuna oso positiboa da.  

Egitasmoari esker beste hainbat lan ere itzuli ahal izan ditut euskaratik: Jonasek arazo potolo bat du; Jonas larri; Adio, Jonas (Juan Kruz Igerabide). Orain poesia itzulitzen ari naiz.

 

  • Idazleek lagundu al dizute momenturen batean prozesuan? Gomendioren bat eman dizute edo azalpenen bat eskatu?

Bai, izan dut, baina ez didate aholkurik eman. Egia esan, ez dugu testuen xehetasunen inguruan hitz egin, baizik eta euren obraz orokorrean. Niretzat ezinbestekoa da idazleekin harremana, horrela Euskal Herriaren inguruko nire paisaia kultural propioa sortzen dudalako. Egiten ditudan ikerketetan ere laguntzen dit horrek. 

 

  • Euskara eta Esloveniera elkarrengandik oso urrun dauden hizkuntzak dira. Horrek eraginik al du itzulpenari heltzeko orduan?

Uste dut euskaratik egiten ditudan itzulpenak lehen egiten nituenekin alderatuta ezberdinak direla. Nabari da iturria ezberdina dela. Ezagutzen ditudan hizkuntza guztiengandik ezberdina da euskara, nahiz eta penintsulako hizkuntza guztiak diren eslovenierarengandik oso ezberdinak. Euskara beste hizkuntza asko baino sintetikoagoa da, eta zentzu horretan eslovenieratik antzekoagoa. 

Baina itzultzerako garaian, kultura bat itzultzen da bere zentzu zabalenean, eta ezinbestekoa da jatorrizko kultura hori ezagutzea. Ezagutuaz, kultura hori geroz eta gertuagokoa da. Euskal Herria eta Eslovenia artean gertutasun asko daude, nire ustez geure hizkuntzen hiztun kopurua eta paisaiak direla eta. Esloveniera ere hizkuntza handiez inguratuta dago (alemana, italiera...), eta bere bizirautea belaunaldi askoren lanaren emaitza da. 

 

  • Gaztelaniatik, katalanetik eta galegotik ere egin dituzu itzulpenak. Itzulpen prozesua ezberdina al da jatorrizko hizkuntzaren arabera?

Prozesua bera ez, testuaren irakurketa eta interpretazio literarioan oinarritzen delako. Baina ikusi dudana da euskaraz sinapsiak oso ezberdinak direla eta gehiago landu behar direla. 

 

  • Itzultzaile moduan, zein berezitasun ikusten diozu euskarari?

Lehen ere esan dut euskaran ´umea´ naizela. Asko interesatzen zaidan hizkuntza da, eta ikasketa prozesuak nire arreta erakartzen du. Ilusio handia egiten dit zerbait ulertu, esan eta idatzi ahal izateak. Ikusten duzuen moduan, nire arrazoiak pertsonalak dira.

 

  • Zein liburu itzuli dituzu ´Itzultzaile Berriak´ egitasmoaren baitan? Nola joan da itzulpen horien edizioa eta argitalpena?

Izenburuak aipatu ditut dagoeneko. Ez dut arazorik izan publikazioarekin, izan ere, nire senarrak eta nik argitaletxe txiki bat dugu eta bertan argitaratu ditugu. Malinc argitaletxe horretako obra asko idazle euskaldunenak dira; Mariasun Landaren lan bat izan zen hain zuzen argitaletxea sortzearen ideia ekarri zuena. 

Haur literatura Eslovenian marginala dela esan badut ere, irakurleen sozializazioan balio izugarria du. Harro esan dezaket aurten ´Leo,Leo´ egitasmoan -irakurketa sustatzeko urtero sortzen dugun ekintza- 4.500 umek parte hartu dutela. Zein lan irakurri dituzten? ´Itzultzaile berriak´ egitasmoaren baitan itzulitako Xola-ren hiru liburu (Bernardo Atxaga), eta baita Adio, Jonas (Juan Kruz Igerabide) eta Paularen zazpi gauak (Juan Kruz Igerabide eta Patxi Zubizarreta).

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu