Barnetegia eta euskara gaitasunaren egiaztagintza frogak egin dituzte Buenos Airesen

2022/07/28

Euskara. Kultura. Mundura.

Etxepare Euskal Institutuaren Euskara Munduan programak  mundu osoko euskal giza kolektibitateen artean euskararen ezagutza bultzatzea du helburu. Euskal Etxeetan ematen diren eskolaz diruz lagundu eta materialez hornitzeaz gain, euskara irakasleen trebakuntza sustatzen da programa honen bidez. Izan ere, giza baliabideei dagokionez, Euskal Etxeek askotan beren irakasle taldea trebatu beharra dute eta hori erronka handia da.

Helburu horrekin burutu da, hain zuzen, uztailaren 15etik 22ra bitarte, Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxean egin den barnetegia. Argentina, Txile eta Uruguaiko 22 ikaslek hartu dute parte B1.2 mailako ikastaro honetan. Zortzi eskola egun eta 54 ordu lektibo jaso dituzte, Gabriel Arce, Irene Lopez de Vizuña eta Gabriela Mendi irakasleen eskutik. Hauek ere, diasporan euskara ikasitako euskaldunak.

Euskara Munduan programaren koordinatzailea Buenos Airesen izan da eta, bere hitzetan, talde honen bilakaera atipikoa eta konplexua izan da: “2020ko urtarrilean hasi ziren aurrez aurre, baina pandemia dela eta, geroztik ezin izan dugu prozesu normal bat jarraitu, eta ondoko hiru barnetegiak —bi egin ohi dira urtero, urtarrilean eta uztailean— online  dira”.

Adierazi duenez, “oraingo hau izan da, lehenengo aurrez aurrekoa normaltasunera bueltatuta”.

Ikastaroa bukatu eta biharamunean, maila egiaztatzeko azterketak egin ziren. Hamaika pertsona aurkeztu ziren C1 mailara, hiru B2ra eta sei B1era.

Zinkunegiren iritziak ez dauka honetaz zalantzarik: "Momentu honetan Buenos Airesen C maila egiaztatzeko azterketa egingo duten hamaika pertsona izatea mugarri bat da, lorpen ikaragarri”.

Gogoan hartu behar ikasitako % 95a Argentinan edo Uruguain lortu dutela, online, barnetegien laguntzarekin, baina euskararen eremutik hamar mila kilometrotara.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu