Basque. Playlist. #7 - Amorante

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-09-04

Amorante Iban Urizar (Elgoibar 1975) musikariaren proiektua da. 2014tik han hemenka dabil emanaldiak ematen eta musika sortzen. Herritik ateratzen den musika erabiltzen du helduleku bezala, ‘errotik ateratzen ditu musika ezberdinen sustraiak gero erraietatik kantatu ahal izateko. Herritik, errotik eta erraietatik sortzen da Amoranteren musika. Amorantek tronpeta jo dezake dena beltzez margotzeko, kopla bat autotunearekin abestu dezake osabaren espiritua inbokatzeko, elektronikaz busti dezake aspaldi ahaztutako hitzak gogoratzeko. Bere musikaren jatorria urruneko oihartzunek dakarte, baina gaur egungo haizea darabil bere buru, eztarri eta ezpainetan’ (Amorante). 

Artistak berak ‘musika herrikoi’ gisa definitzen du bere musika, inprobisazioarekin jolasten du bere abestietan. Antzinako eta abangoardiako musikarako bidaia diren konposizioak sortzen ditu, non aldakortasuna eta esperimentazioa ezinbestekoak diren. Musika estilo askotako keinuak aurkitu daitezke bere kantuetan, direla Bixenta Mogelen koplak, direla Antonio Molina edota Pepe Marchena flamenko kantarien itzalak, direla herri musikatik hartutako oihartzunak.  Inprobisazioarekin batera, tradizioak pisu handia du Amoranterentzat, baina modu aldakor batean ulertuta: kantua etengabe aldatzen ari den zerbait da harentzat, eta, hortaz, aurrez ezarritako gidoirik gabe aritu ohi da. 

Hogei urteko ibilbidean musikari askoren bidelagun izan da, Cafe Teatro, Bizarra eta Andrakan taldeetan aritu da besteak beste. Duela bospasei urte igaro zen estreinakoz Iban Urizar bakarkako bidea egitera. Lau disko ditu bakarlari gisa: Amorante (2016); Manuela/Brueghel Zarra, (2017) Xabier Erkiziarekin batera; Gure Oroitzapenak (2018), Xabier Erkizia, Mariano Hurtado eta Miren Narbaizarekin batera, eta Bat edo Hiru (2020). Orain bere lan berria aurkeztuko du Mercat de Musika Viva de Vic jaialdian, Harriherrihar. 

Spotify zerrenda hau ikusteko cookie estatistikoak eta marketin-kookieak onartu behar dituzu. Cookie hauek onar ditzakezu botoi honetan klik eginez.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu