Bederatzi euskal film Malagako 22. zinema-jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-03-18

Sail ofizialetarako hautatutako bederatzi filmekin eta urteko euskal produkzioaren 2019ko katalogoarekin, Basque Audiovisual markak lehen aldiz izango du stand bat Málagako MAFIZ zinema jaialdiaren eremuko villagean. Zinema jaialdiak martxoaren 15tik 24ra iraungo du.

Sail ofizialetarako hautatutako bederatzi filmekin eta urteko euskal produkzioaren 2019ko katalogoarekin, Basque Audiovisual markak lehen aldiz izango du stand bat Málagako MAFIZ zinema jaialdiaren eremuko villagean. Zinema jaialdiak martxoaren 15tik 24ra iraungo du.

Aurten, bederatzi euskal ekoizpenek hartuko dute parte zinema-jaialdiaren zenbait sailetan: El doble más quince, Mikel Ruedak zuzendua eta Baleukok ekoiztua, Lehiaketako Sail Ofizialean estreinatuko da. Filmak bizitzaren bi aldi guztiz ezberdinetan sortzen diren galdera existentzialei erantzuten die. Beste estreinaldi handi bat, luzez esperotako Elcano, lehen mundu bira izango da, Dibulitoon Studiok produzitua eta Ángel Alonso Garcíak zuzendua. Film hori estreinaldi berezi gisa emango da, eta inoiz gertatutako abentura handienetako baten berri emango digu: munduaren lehen itzuliarena, hain zuzen. Zonazine ataleko film luzeen artean El increíble finde menguante aurkeztuko da. Trepamuros Produccioneseko Jon Mikel Caballerok zuzendutako lana da hau.

Bestalde, hiru euskal film labur emango dira hainbat sailetan: María Elorzaren (Txintxua Films) Ancora Lucciole Film Labur Dokumentalen Sail Ofizialean aurkeztuko da; Norma Vilaren (Demeter Films) El fin de todas las cosas Film Laburren Sail Ofizialean lehiatuko da eta Soy una tumba, Uniko ekoiztetxeko Khris Cembek zuzendua, Animazine Sail Ofizialaren parte izango da.

Aurtengo beste alderdi nabarmen bat da hiru euskal proiektu hautatu dituztela MAFIZek antolatutako Work in Progress sailetan parte hartzeko. Hauek izango dira izenburuak: Iban del Camporen (Limbus Filmak) Glittering Misfits lana Málaga WIP Lab-en parte izango da, eta Galder Gaztelu-Urrutiaren (Basque Films) El hoyo lanak eta Miguel Ángel Jiménezen (Kinoskopik Film Produktion) Sumendia lanak Málaga Spanish WIPen hartuko dute parte. 

Itsasoko villagean kokatutako espazioan, Zineuskadi, Eiken klusterra eta Etxepare Euskal Institutuaren babesaz sortutako Basque Audiovisual markaren standean 50 proiektu zinematografiko biltzen dituen katalogo bat banatuko da. Horietako 22 garapen-fasean daude, 11 produkzio-faseren batean eta 2018an amaitu eta/edo estreinatu dira gainerako 17ak. Guztira, argitalpen horretan 31 euskal ekoiztetxeren lanak jaso dira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu