Berlin, euskal zinemagintzaren erakusleiho
Euskara. Kultura. Mundura.
Bihar hasiko da Berlinale, urteko lehenengo hitzordu handia zinearen alorrean. Otsailaren 19ra bitartean 399 film ikusi ahal izango dira eta 120 herrialde ezberdinetako 22.000 profesional baino gehiago elkartuko dira Alemaniako hiriburuan. Mundu osoko ekoizle, banatzaile eta erakusleentzat ere ezinbesteko topagune bilakatzen da Berlin egunotan, zinemaldiaren baitan zine industriaren nazioarteko azoka garrantzitsuenetako bat egiten baita: European Film Market (EFM).
Bigarren urtez jarraian euskal zinemagintzaren erakusleiho bilakatuko da azoka, Basque Audiovisual zigilupean hainbat euskal ekoizle bertaratuko baitira. Marka honek bere espazioa izango du Berlineko topagune handi honetan eta euskal ikus-entzuneko sektorearen ordezkari izango da mundu osoko ehunka enpresa, profesional eta eragileren aurrean. Azken finean, bertan parte hartzeak euskal ekoiztetxeentzat finantziazio bideak bilatu, kolaborazioak ezarri eta negozio ideia berriei ateak irekitzea ahalbidetzen du.
Era berean, Euskadiko 19 ekoizleren 26 proiektu jasotzen dituen dossierra egongo da eskuragai azokan. Horrela, EFM euskal ekoizleentzako topagune ezin hobea bilakatuko da harremanak landu, industrian duten tokia indartu eta aurkeztutako proiektuen eskubideak negoziatzeko.
Orotara, katalogoak 19 ekoiztetxeren lanak jasotzen ditu: Arena Comunicación, Basque Films, Doxa Producciones, Esrec, Fascina Producciones, Gariza Films, Irusoin, Lamia Producciones, Lotura Films, Old Port, Píxel, Somuga, Se&Sra., Dibulitoon Studios, Txalapart, Txintxua Films, Kanaki Films, Caravan Cinema LTD eta Kinoskopik. Horietariko gehienak azokan izango dira egunotan.
Basque Audiovisual Etxepare Euskal Institutuak eta EIKEN Klusterrak sustatutako marka da, euskal ikus-entzunezko sektorearen sustapena egiten duena. Zineuskadi Euskal Ikus-Entzunezko Sektorearen Plataforma Publikoaren eskutik iritsiko da Basque Audiovisual Berlinera, euskal ikus-entzunezkoan nazioartekotzean indarrak batuz, sektorearen nazioarteko estrategia munduko ekitaldi garrantzitsuetan presentzia izatea baita helburua, Berlineko Nazioarteko Zinema Jaialdiaren gisan.