«Berri Txarrak-en musikak zaleei eragiten dien emozioen inguruko filma da ´Dardara´»
2021/03/15
Euskara. Kultura. Mundura.
Luzea izan da agurra, baina amaitzera doa. Jarraitzaileei azken omenaldia eginez, 2019an hasitako despedida kantaren azken notak jotzera doa Berri Txarrak. Izan ere, ‘Ikusi arte’ izeneko azken bira hura dokumentatu zuen Marina Lameiro nafarrak film formatuan, eta aretoetara heltzear da. ‘Dardara’ du izena. Zirrara du, hain zuzen, erdigune; zaleen omenaldi izan nahi du, eta haientzako oparia ere bai. Hala ere, taldekideen barrenak ere azaleratuko ditu ikus-entzunezkoak, Lekunberriko taldearenzuzeneko kontzertuak bizitzeko modu paregabea ere erakutsiz. Ostiraletik aurrera, martxoak 19, ikusi ahalko da zinema aretoetan. Punto de Vista Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdian egingo dute estreinaldia. Hona Lameiroren esanak.
- Nola egituratu duzu filma? Zein da ‘Dardara’-ren muina?
- Sentimendu bat dago erdigunean, musikarekiko eta bizitzarekiko jarrera bat. Beldurrak atzean utzi eta aurrera egitearen mezua. Berri Txarrak-en abestiek josten dute dena, kontu handiz aukeratu ditugunak eraikitzeko filmaren diskurtsoa.
- Nolakoa izan zen grabaketa prozesua?
- Biran egin genituen grabaketak. Batik bat kontzertuetara joaten nintzen, eta zaleekin hitz egin. Gero, jarraitzaile horien bizitza pribatuetara sartzen nintzen, intimitatetik ere begiratuz afizio horren dimentsioan. Ez da hainbeste erretratu fidel bat, baizik eta musikak eragiten dienaren inguruko lan bat. Filmaren eszenatokia da Berri Txarrak-en azken bira, baina gaiak asko dira.
- Eta testigantza horiek jasotzeko lana?
- Hitz egiten nuen beraiekin, elkarrizketatu, esan dezagun, baina kameratik kanpo. Gero, filmean, ez diote kamerari solas egiten, ez dute zuzenean esaten zer den taldea beraientzat. Zeharkako estiloan eraiki ditut diskurtso horiek, erakutsiz beste modu batera taldearekiko sentitzen duten lotura.
- Gorka Urbizu, Galder Izagirre eta David Gonzalez ere biluztu dira kamera aurrean?
- Hasiera batean aurreikusitakoa baino parte hartze handiagoa dute dokumentalean. Ez genuen asmorik haiengan fokua jartzeko, baina sortze prozesuan murgildu ahala sumatu genuen haiek ere parte hartu behar zutela. Ekoizleekin hizketan, ohartu ginen zaleentzako omenaldia bada filma, behar genuela haien presentzia, jarraitzaileek ere izan dezaten taldekideak hobeto ezagutzeko aukera.
- Ez da biraren making-of-a, beraz.
- Ez. Beste zerbait da. Hain justu, nire beldurra da horren esperoan joatea ikusleak zinema aretoetara. Film bat da, eta alde horretatik, esplorazio zinematografikoa dauka. Aldendu nahi nuen plano efektista eta ikusgarrietatik. Zuzeneko kontzertu baten esperientzia ezin da ezergatik aldatu, eta horregatik, zuzeneko batean bizi ezin dezakezuna jasotzen saiatu naiz. Adibidez, hartu nuen zale baten gertuko planoa abesti batek iraun bitartean, hasieratik amaierara, agertokian gertatzen denaren isla modukoa sortuz.
- Taldearen alde ezezagunik topatuko al dute jarraitzaileek?
- Bai. Zaleentzako da filma, baina lan hau ikusi eta Berri Txarrak-ez ahaztuko denarentzako ere bada. Kontzertuen prestaketa, soinu frogak, abestien erabakitze prozesua, backstage-eko hainbat momentu erakusten ditu filmak. Musika talde batek biran egiten dituen beharrak. Nire asmoa izan da denentzako egitea sortze lana.
- Jarraitzaile askok ez dute euskaraz ulertzen, eta hala ere, bat egiten dute taldearekin.
- Musika hizkuntza unibertsala dela erakusten du filmak. Letren hizkuntzak, zaleentzako, ez du mugarik ezartzen. Plus bat ere bada Berri Txarrak-en hautua askorentzat, norberarekiko zintzotasunaren seinale edo adibide.