Berrikuntza, kultura eta sormen industriak hizpide Tabakaleran

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-03-01

Donostiako Tabakaleran egin zuten atzo ´RIS3, Berrikuntza, Kultura eta Sormen Industriak (KSI): lurraldeak artikulatzeko aukera bat´ izeneko jardunaldia. Topaketa honetan, alor honek Euskadin izan ditzakeen aukerak azaldu eta beste lurraldeekin lankidetza aukerak aztertu zituzten.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarlanean antolatutako topaketan, KSIei bultzada emateko estrategia azaldu zuten Euskadiko ordezkariek, hainbat jarduera eta tresnaren bitartez gauzatuko dena.

Hizlarietako bat Francesco Panella izan zen, Europar Batzordeko Joint Research Center erakundeko ikerlaria. Hitzaldian Kultura eta Sormen Hirien 2017ko txostenaren erradiografia egin zuen. Donostia eta Bilbo sare honetako partaide dira. Halaber, kultura eta sormenaren esparruan hiri eta lurraldeek dituzten erronkez jardun zuen Panellak.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzatik KSIek Europa mailan duten potentziala azpimarratu zen, eta lurraldeen garapenean duten garrantzia, espezializazio adimenduko RIS3 estrategiaren bitartez. Honela, KSI Berritzaile  programaren potentziala nabarmendu zen jardunaldian eta Creadis 3 europar programa ere azpimarratu zuten Kultura eta Sormen Industrien arloko ekimen honetan Euskadik darama lidergoa eta Europako Batasuneko sei lurralderekin batera egiten da lan. Euskadirekin batera, estatu batek, Eslovakiak, eta lau lurraldek hartzen dute parte: erdialdeko Finlandia, Emilia -Romagna, Balonia eta mendebaldeko Grezia.

Horrekin batera, Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak azaldu zuen Nouvelle Aquitaine-Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen testuinguruan egindako elkarlan esperientziak ekarri dituen fruituak. Adibide moduan jarri zituen Aquitaine.eus egitasmoa eta hiru lurraldeetako diseinatzaileen arteko aliantza.

KSIen ikuspegi berriak esparru kulturaleko sormenarekin lotutakoak bai, baina tradizionalki bazterrean uzten diren  diziplinak hartzen ditu bere baitan (diseinua, moda, gastronomia, bideo-jolasak..). Industriaren eta artearen erdibidean aurkitzen dira diziplinok. Esparru horietan Euskadik eta bere lurraldeek apustu sendoa egin dute.

Europa mailan, ekonomiaren ikuspegitik, sormen industriek BPGaren %4,4 osatzen dute eta 8,8 milioi lanpostu sortzen dituzte.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu