‘Besteen ahotsa/La Voix des Autres’ kongresuan jorratuko dituzte hizkuntza ez hegemonikoetako literatura eta hizkuntza-aniztasuna

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-07-09

Hizkuntza ez hegemonikoetako literaturan eta hizkuntza-aniztasunean interesa duten lagunentzako ekimena martxan da. ‘La Voix des Autres/Besteen ahotsa’ kongresua antolatu dute Laval Unibertsitateak, Etxepare Euskal Institutuak, Quebeceko PEN klubak eta Euskal PEN klubak elkarlanean, ‘Saison Québec - Pays Basque’ kultur trukaketa egitasmoaren baitan. Modu telematikoan garatuko da 2021eko urriaren 13tik 14ra bitartean. Eleaniztasuna eta literatura izango du hizpide.

Kongresuak alderdi ugari jorratuko ditu: hizkuntza gutxituak dituzten ingurune eleaniztunak, literatura frantziar-quebectarra, gutxiengo ikusgarrien edo kulturalen literatura, eta literatura ekoizpena Euskal Herrian, Quebecen eta Ipar Amerikan. Egunero aurkezpenak egingo dira, eta mahai-inguruak izango dira saio bakoitzaren amaieran. Izena emateko epea irailean zabalduko da eta doakoa izango da.

Jardunaldi hauen helburua periferiatik edo bazterretik garatutako literaturen ikerketa konparatua sustatzea da, euren herrialdeetan lehentasunezko literatura merkatuak ez dituzten hizkuntzetan sortutako literaturak aztertzeko. Jardunaldiek proposatuko dituzten adituen hitzaldiek sorkuntza literario hauek partekatzen dituzten ezaugarriak identifikatuko dituzte.

Era berean, jardunaldiek Euskal Herriko eta Quebeceko errealitateak aztertuko dituzte literaturaren ikuspegitik. Euskal Herriaren kasuan, euskara osasuntsu dago urtero 2.000 liburu baino gehiago argitaratuta, baina gaztelaniaren eta frantsesaren merkatu handiak euskal idazleen eskura daude, elebidunak baitira. Quebeci dagokionez, tokiko sorkuntza literarioak bidea urratu nahi du bi merkatu handiren artean, frankofonoa eta anglofonoa.

Komunikazio proposamenak

Egun bakoitzeko jardunaldiak osatzeko asmoz, antolakuntzak komunikazioak aurkezteko deialdia zabaldu du ikertzaileen eta adituen artean. Kongresuko gaien inguruko ikerlerroak jorratzen dituzten akademiako kideek aukera dute abuztuaren 15era bitartean euren proposamenak helarazteko. Deialdiaren inguruko xehetasunak honako webgunean topa daitezke: https://www.euskalpen.eus/besteenahotsalavoixdesautres

Aurkezpenek 15 minutuko iraupena izango dute eta 10 minutuko galdera-tartea ondoren. Parte hartzeko interesa dutenek gehienez 300 hitzeko laburpen-proposamena bidali behar dute helbide honetara: balvda21@gmail.com. Mezu elektronikoan ikertzailearen/en ikertzailearen/en izen-abizenak, unibertsitate-afiliazioa/k, hitzaldiaren izenburua eta gai-lerroa adierazi beharko dira.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu