Bi euskal galeria izango dira ARCOren 40. edizioan
Euskara. Kultura. Mundura.
CarrerasMugica eta Cibrián euskal galeriek erakustoki bana izango dute ARCOmadrid 2021 nazioarteko arte garaikideko azokaren 40. edizioan. Otsailean egitekoa zen azoka COVID-19a dela eta atzeratu eta gero, aurrez aurre egingo da uztailaren 7tik 11ra, IFEMAren erakustazokan, inflexio-puntua izateko helburuarekin, artearen merkatua berriro abiarazteko eta sustatzeko.
Etxepare Euskal Institutuaren laguntza izan dutela (euskal arte-galeriei diru-laguntzak ematen dizkie nazioarteko arte-azoketan standak alokatzeko, euskal sortzaile eta artisten lana zabaltzeko), alde batetik, Bilboko CarrerasMugica galeriak honako euskal artisten lanak izango ditu erakusgai: Txomin Badiola, Juan Pérez Agirregoikoa, Jon Mikel Euba, June Crespo eta Eduardo Chillida; baita Armando Andrade Tudela perutarraren eta Angela de la Cruz galiziarraren obrak ere.
Eta bestetik, 2018an sortutako Cibrián galeria donostiarrak lehenengo aldiz parte hartuko du, Opening sailean (Övül Ö. Durmusoglu eta Julia Moranderia komisario dituela) bi standekin: 9OP01 eta 9OP01A. Lehena, sekzio horren nagusia izango da, José Ramón Amondarain artista donostiarraren eta Esther Gatón Valladolideko artistaren lanak bilduko dituena; bigarrenean, aldiz, Esther Gatónen lanak izango dira erakusgai.
Bi euskal galeria hauek Arcon parte-hartzearen harira, Imanol Otaegi Etxepare Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak nabarmendu duenez, “berri pozgarria da, izan ere, bi euskal galeriak parte hartu zuten azken aldia 2016. urtean izan zen, CarrerasMugica eta Altxerri galeria bertan izan zirenean”. “Espero dezagun, aurtengo edizioak artearen merkatua eta topaketa profesionalak suspertzeko balio izatea”, gaineratu du euskal galeria hauen lana babesten bertan izango den Otaegik.
Ibarrolaren `Guernica Gernikara´
Halaber, Agustin Ibarrolaren `Guernica Gernikara´ (1981) margolana erakutsiko dute Arco azokan. Bi metro altu eta hamar metro zabal dituen horma irudi bat da, zeinaren bidez Ibarrolak, Picassoren maisulanari gorazarre egiteaz gain, pieza Euskal Herrira eramatea eta ez Madrilera aldarrikatu zuen. Orain, askok galdutzat ematen zuten Ibarrolaren lana José de la Mano galeriak berreskuratu eta erakusgai jarriko du Arcon, Picassoren koadroa New Yorketik Madrilera eraman zuteneko 40. urteurrena ospatzeko.
Bestalde, Bilboko Consonni argitaletxeak ArtLibris foro profesionalean parte hartuko du, artisten argitalpenei buruz eta haiek beren sormen-prozesuan duten lekuari buruz hitz egiteko gogoeta- eta topaketa-gunea.
ARCOmadrid-en aurtengo edizioan, 27 herrialdetako 131 galeriak parte hartuko dutela —% 54 nazioarte mailakoak —, kalitate handiko proposamen artistikoak eskaintzea espero dute antolatzaileek, Latinoamerikako arteari eskainitako atal berezia barne. Era berean, berrikuntza gisa, artista-proiektuen atalean emakumezkoek egindako artelanak baino ez dira bilduko, emakumezko sortzaileen ikusgarritasuna eta protagonismoa handitzen laguntzeko asmoz.