Bikaintasuna Euskal Ikasketetan IX ikastaroak teknologia eta eremu digitala izango ditu hizpide
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak, urtero bezala, Euskal Irakaskuntzaren inguruko ikastaro bat antolatu du UPV-EHUko Udako Ikastaroekin lankidetzan, Garbiñe Iztueta Goizueta, Etxepare Euskal Institutuko Euskararen Sustapen eta Hedapenerako zuzendariaren gidaritzapean. Ikastaroaren helburua Etxepare Euskal Institutuak munduan zehar duen irakurletza sareko euskara eta euskal kultur irakurleei formakuntza ematea da. Hala ere, ikastaroa interesa duen edonorentzat dago zabalik.

Aurtengo udako ikastaroak Bikaintasuna Euskal Ikasketetan IX. Euskara eta euskal kultura eremu digitalean du izena, eta teknologiak eta eremu digitalak euskararen eta euskal kulturaren irakaskuntzan duen eragina jorratuko da bertan. Horretarako, Etxeparek teknologia, hizkuntzalaritza eta euskal kulturaren jakintza arlo desberdinetako adituak gonbidatu ditu.
Programaren egitarauan agertzen den bezala, irakaskuntzarako tresna digitalak, kultura digitalizatua, irakaskuntza eta IKTak, sare sozialak, euskal literatura eta artea garai digitalean, Wikipedia irakaskuntzarako tresna gisa edota ikus-entzunezko kultura eskolak bezalako gaiez hitz egingo da.
13 adituk emango dituzte hitzaldiak aurten: Iker Arranz Otaegui (Santa Barbarako Unibertsitateako irakaslea), Abel Camacho Romero (Santurtziko Udal Euskaltegia), Ane Castelruiz Garcia (San Patricio ikastetxeko irakaslea), Iratxe Esparza Martin (UPV/EHUko Literatura saileko irakaslea), Izaskun Etxeberria Uztarroz (UPV/EHU-ko irakaslea), Itziar Gonzalez Dios (UPV/EHU-ko irakaslea), Miren Ibarluzea (UPV/EHU-ko irakaslea), Mikel Iruskieta (UPV/EHU, HEZikt Berezko Tituluko zuzendaria), Arantza Lauzirika Morea (UPV/EHU-ko dekanoa), Iñaki Lopez de Luzuriaga Martinez (Euskal Wikilarien Kultura Elkartea), Detmar Meurers (Tübingeneko Unibertsitateko irakaslea), Amaia Orbe Barrio (Berlingo Freie Unibertsitatean irakurle) eta Xabier Paya Ruiz (Kultur kudeatzailea).
Ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian egingo da eta 20 orduko balio akademikoa izango du. Horrez gain, amaitzean titulu bat emango zaio parte hartu duen orori. Matrikulatzeko epea zabalik da honezkero; esteka honetan aurki daiteke informazio osatua eta izen-emate orria.