Broken Brothers Brass Band, Nogen, Elena Setien, Maite Larburu eta Unclose taldeak, Artistas en Rutarako hautatuak
Euskara. Kultura. Mundura.
AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen “Artistas en ruta” estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2019. urteko udazkenean, urritik abendura bitarte, zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Broken Brothers Brass Band, Nøgen, Elena Setien, Unclose eta Maite Larburu.
AIE erakundeak (Entidad de Gestión de los Artistas Intérpretes o Ejecutantes de la música) antolatzen duen “Artistas en ruta” estatu mailako zirkuituak jada aditzera eman ditu 2019. urteko udazkenean, urritik abendura bitarte, zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzten euskal taldeak: Broken Brothers Brass Band, Nøgen, Elena Setien, Unclose eta Maite Larburu.
Azken urteotako aukeraketarik zabalena izan da oraingoa; normalean Artistas en Ruta egitasmoko epaimahaiak hiru artista edo talde hautatzen baititu. Musika estilo guztiz ezberdinetatik edaten duten taldeak dira hautatutako bostak: metalezko haize instrumentuen festa girotik hasi, folk-pop doinu alaietatik igaro, elektronika zeharkatu eta proposamen intimista eta esperimentalagoetara iristeraino.
Zuzeneko musika estatu mailan sustatzeko xedea duen programa da Artistas en Ruta, eta helburu hori betetzeko zuzeneko emanaldiak antolatzen dituzte musika areto ezberdinekin elkarlanean, hainbat hilabetez luzatzen diren zirkuituetan. Fase bakoitzerako taldeak, estatuko ordezkari anitzek osaturiko epaimahai batek aukeratzen ditu aldez aurretik. Etxepare Euskal Institutuak AIErekin duen hitzarmenari esker, euskal musikarien presentzia beti bermatua dago.
Jarraian ikus dezakezu hautatutako taldeei buruzko informazioa:
Broken Brothers Brass Band: jatorria Iruñean duen brass band (metalezko haize-instrumentuz osaturiko talde) honek New Orleanseko kaleetako jai giroko musika ekarri du Euskal herrira 2006az geroztik. Funka, gospela eta jazz modernoa jorratzen dituzte euren euskarazko kantuetan, inprobisazioa ardatz. Aurtengo MIN sarietan Euskarazko Disko Onenaren Sarian izendatuak izan dira euren azken lanari esker: Txertaketa.
Entzun: https://www.youtube.com/watch?v=ptYsvzwklW4
Nøgen: Talde gazte eta ibilbide motzekoa izan arren, zeresan handia eman du azken hilabeteotan. Pop-folk alaia jorratzen dute, ukelelearen eta ahots koralen ukituak azpimarragarri, eta EP bat (Lys) eta lan luze bat (Liv til døden) dituzte esku-artean. Boskoteak Euskal Herriko plaza gehienak bete ditu, eta Artistas en Ruta egitasmoari esker, Estatura egingo dute salto oraingoan.
Entzun: https://www.youtube.com/watch?v=t5RoPTL7zF0
Elena Setien: artista donostiar honek Euskal Herritik kanpo lortu zuen ospea lehenbizi, Londresen, Bartzelonan eta Copenhagen bizi izan zen garaietan. Hogei urteren ostean, sorterrira itzuli zen Setien, eta orduztik bi disko kaleratu ditu hemen: Dreaming of earthly things eta Another kind of revolution. Pop-folk oniriko eta esperimentala jorratzen du.
Entzun: https://www.youtube.com/watch?v=kxs2C6iFyDM
Maite Larburu: Larburuk biolin ikasketak egin ditu txikitatik, eta Europan antzinako musikaren zirkuitoan aritzen da hainbat taldetan. Euskal herrian, jatorri ezberdineko kideez osatutako Neighbor taldearekin egin zen ezagun hernaniarra. Orain, ordea, bakarkako bideari ekin dio, eta Hezurren azpian lan luzea atera du: estilo eklektikoz jantzitako proiektua, non Larburuk ahotsa, biolina, gitarra klasikoa, ukelelea eta shruti boxa jotzen dituen.
Entzun: https://www.youtube.com/watch?v=7ijtCjYY8Nw
Unclose: Iskandar Rementeria eta David “Deibol” Rodríguez bikotek osatzen dute Unclose talde bilbotarra. Gitarraz eta bateriaz lotutako bikotea osatzeko, elektronika eta taldea nortasunez janzten duen funtsezko tresna bat ere gehitu dute: ahots sakonak. Txufo Wilsonek (Empty Files izenez ere ezaguna) osatzen du taldea zuzenekoetan teklatua jotzen. Lan luze bat dute, The Long Tomorrow izenekoa.