Bruselako hiztun komunitate flamenkoaren ordezkaritzaren bisita
Euskara. Kultura. Mundura.
Tabakalerako eta Etxepare Euskal Institutuko instalazioak eta euskara eta euskal kultura sustatzeko planak ezagutu dituzte egindako bisitan.
Batzarreko zortzi ordezkari Euskadira etorri dira bertoko hizkuntza-errealitatea ezagutzeko helburuz eta euskara sustatzeko politika publikoak, erakundeetan, hezkuntzan edo ekonomian, bertatik bertara ezagutzeko hainbat bilera egin dituzte. Flamenkoa Belgikako herritarren gehiengo baten hizkuntza bada ere (%60 gutxi gora-behera), Brusela hiriburu-eskualdean hiztun-komunitate flamenkoa gutxiengoa da (%20).
Ordezkaritza Brusela hiriburu-eskualdeko Assembly of the Flemish Community Commission-eko parlamentariek osatzen dute.
Ordezkariak Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarekin eta Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendariarekin bildu dira Donostian, bi egoitzetako instalazioak eta euskara eta euskal kultura sustatzeko estrategiak eta ekintzak ezagutzeko.
Aste osoan zehar euskararen garapenean eragiten duten hainbat erakunde bisitatu ditu ordezkaritzak, horien artean, Etxepare Euskal Institutua, munduan euskal kultura eta hizkuntza sustatzeaz arduratzen den erakunde publikoa den heinean. Eusko Legebiltzarra, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Taldea, EITB, Guggenheim Bilbao Musea, Euskaltzaindia, AEK, Topagunea eta Udaltop jardunaldiak bisitatu dituzte egunotan.
Vlaanderen - Baskenland
Bisita eta harremana Vlaanderen - Baskenland proiektuaren testuinguruan kokatzen da. Ekimen horren helburua Flandrian eta Euskal Herriaren arteko harremanak estutzea da, kulturaren eta sorkuntza garaikidearen esparruan, eta gauzak horrela, Etxepare Euskal Institutuak eskualde horretako kultur eragile eta profesionalekin loturak estutzeko lanean dihardu. Bi lurraldeetako sortzaileen eta kultura-agenteen arteko topaketen emaitza da, 2021 eta 2022an egin zirenak. Vlaanderen Baskenland-ek jarraipena emango die 2023an eta 2024an Euskadirako estrategikoak diren eskualdeekin. Horiek ere badira, Eskozia (Scotland Goes Basque) eta Quebec (Saison Quebec Pays Basque), besteak beste.