Celtic Connections: Eskoziako euskal leihoaren lehen mugarria
Euskara. Kultura. Mundura.
Amaitu da dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak Glasgowko Celtic Connections jaialdian izan duen esku-hartzea, baina #ScotlandGoesBasque ekimena hasi besterik ez da egin. 2019. urtean euskal kulturak Eskozian presentzia berezia izan dezan Institutuak egingo duen lanaren lehen urratsa izan da hau, eta bai kontzertuak eskaini dituzten artisten aldetik, bai jardunaldietan parte hartu duten euskal musika sektoreko profesionalen aldetik ere, egonaldiaren oso balorazio positiboa egin da.
Amaitu da dagoeneko Etxepare Euskal Institutuak Glasgowko Celtic Connections jaialdian izan duen esku-hartzea, baina #ScotlandGoesBasque ekimena hasi besterik ez da egin. 2019. urtean euskal kulturak Eskozian presentzia berezia izan dezan Institutuak egingo duen lanaren lehen urratsa izan da hau, eta bai kontzertuak eskaini dituzten artisten aldetik, bai jardunaldietan parte hartu duten euskal musika sektoreko profesionalen aldetik ere, egonaldiaren oso balorazio positiboa egin da.
Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Irene Larrazak dioenez, urtarrilaren 24 eta 25ean antolatu ziren Connecting Cultures jardunaldiak “oso era profesionalean antolatu dira”. Hainbat jarduera egin ziren bi egunotan; tartean bakarkako hitzaldiak (euskal sektoreko profesionalek 24ean eta Britainia Handikoek 25ean), bisita gidatuak, speed meeting-ak edota networking afari bat. Institutuko Kultur teknikari Alex Aginagalderi azken bi jarduerak oso baliagarriak iruditu zaizkio: “Speed meeting-ek, edo 3 minutuko bilerek, aukera eman ziguten ordubetean Eskoziako erakunde eta jaialdietako 20 profesional ezagutzeko. Bestalde, networking afarian, plater bakoitzarekin lekuz aldatzen gintuzten, eta horrek aukera eman zigun aldiro profesional ezberdinekin harremana sakontzeko”. Horrez gain, Institutuko Kultur zuzendari Imanol Otaegiren iritziz, “oso modu zorrotzean neurtu dira denborak, eta horrek agenda estua modu efizientean betetzea ahalbideratu du”.
Euskal Herritik joandako kolektibo, agentzia edota musika taldeetako profesionalek, bestalde, oso ondo egin zituzten euren aurkezpen-hitzaldiak. “Serio hartu zuten euren lana, ingelesez ondo komunikatzeko ahalegin handia eginez”, Larrazaren esanetan. Britainia Handiko leku ezberdinetatik etorritako profesionalei dagokienez, “etorkizunera begira lankidetza bila etorri” direla dio Otaegik. “Kuriositate handiz hartu dute euskal kultura, eta interes hori bermatzeko, jardunaldietara ez ezik, kontzertuak ikustera ere joan dira”.
Oro har, lan-harreman interesgarriak sortu dira Euskal Herriko eta Britainia Handiko sektoreko profesionalen artean. “Horrez gain, Institututik jaialdiei eskaintza bat egin genien: bi euskal talde edo gehiago programatzeko prest badaude, Institutua prest egongo da mugikortasunean laguntzak emateko, haiekin hitzarmen bat sinatuta”, gehitu du Larrazak.
Celtic Connections jaialdian euskal artistek emandako kontzertuak ere arrakastatsuak izan dira. Huntza, Kalakan, Korrontzi eta Oreka Tx izan dira bertan jo duten euskal taldeak, Tosta Banda talde kulturanitzaz gain; eta denen kasuan, “espazioak talde bakoitzarentzako oso egokiak eta emanaldiak oso onak” izan dira, Otaegiren ustetan. Bertako entzulegoak ere oso harrera beroa egin die talde guztiei, aretoak ia leporaino betez. Larrazaren hitzetan, “taldeak pozik joan ziren: haientzat bakarka joatea edo horrelako programa baten baitan joatea erabat desberdina dela adierazi digute; merezi duela horrelako programak sustatzen jarraitzeak”.
#ScotlandGoesBasque egitasmoaren bidez, Eskozia eta Euskal Herriaren arteko harremanak sendotzea da helburua, arteen, kulturaren eta hizkuntzaren bitartez. Glasgowko Celtic Connections jaialdian Etxepare Euskal Institutuak bilatzen zuena behar bezala bete da, euskal presentziak ikusgarritasun handia lortu baitu bertan. Urtean zehar ekintza gehiago antolatuko dira Eskoziako jaialdirik garrantzitsuenetan, arte diziplina ezberdinekin uztartuko direnak.