Instituto Cervantes Erroma: Gonzalo Chillida

Euskara. Kultura. Mundura.

Instituto Cervantes Erroma: Gonzalo Chillida
  • 19
    Mar 2022
    09
    Uzt 2022
    Erroma

Martxoaren 19tik uztailaren 9ra bitartean, Instituto Cervantesek Erroman duen egoitzan ikusgai izango da Gonzalo Chillida erakusketa monografikoa. Instituto Cervantes eta Acción Cultural Españolak (AC/E), Etxepare Euskal Institutuarekin eta Bilboko Arte Ederren Museoarekin batera antolatu dute.

Gonzalo Chillida (Donostia, 1926-2008) Espainiar estatuan abstrakzio lirikoaren erreferente izandakoa da. erakusketak 34 margolan, 10 litografia eta 180 argazki eta fotocollage inguru biltzen ditu, Gonzalo Chillidaren zeregin artistikoaren adierazgarri, artearen historialari eta komisario independente eta artistaren alaba den Alicia Chillidak komisariatuta.

2016an Alicia Chillidak eta Benito Maciasek zuzendutako ‘La idea del Norte’ filmaren proiekzioa ere sartu da erakusketan. 40 minutuko iraupena duen filmak areago sakontzen du pintorearen sormen-prozesuan eta bere ibilbidean zehar behin eta berriz jorratu zituen motiboak –itsasoa, harea, basoa, zerua...– behatzeko zuen gaitasunean. Ahots gogoetatsu batek artistaren artxiboko materiala –Super 8 formatuko filmak eta jatorrizko argazkiak– bere obraren hiztegi bisualaren esentzia bihurtzen du. Dokumentalean, gainera, artistaren bizitzarekin lotura duten pertsonek esku hartzen dute, eta bizitoki eta lantoki izan zituen lekuak berreskuratzen ditu. 

Erakusketa dela-eta, argitalpen bat argitaratu da –euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, italieraz eta japonieraz–, Alicia Chillidaren aurkezpen batekin eta Miguel Zugaza, Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariaren epilogo batekin, eta Gonzalo Chillidaren lanari denboran zehar lagundu zioten egileen idazkiak berreskuratzen ditu: José Ángel Irigaray (Iruñea, 1942) eta Gabriel Celaya (Hernani, Gipuzkoa, 1911-Madril, 1991) poetak, Antonio Saura margolaria (Huesca, 1930-Cuenca, 1998) eta Francisco Calvo Serraller historialari eta arte-kritikaria (Madril, 1948-2018). 

Parisko Cervantes Institutuan ikusgai izan da 2021eko azarotik otsailera, eta Erromako egonaldiaren ondoren, Tokion (2022ko uztaila/urria) ere egongo da ikusgai. Ibilbidea Bilboko Arte Ederren Museoan bukatuko du, 2023an.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu