Chejov vs Shakespeare: Zaldua eta Robertsoni elkarrizketa

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-02-28

Iban Zaldua eta James Robertson idazleek Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Chejov vs. Shakespeare egitasmoan hartuko dute parte, 2019 Scotland Goes Basque programaren baitan. Otsailetik uztailera bitartean, seina gutun idatziko dizkiote elkarri; gutunotan, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai, eta trukaketak bi idazleek gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du.

Iban Zaldua eta James Robertson idazleek Etxepare Euskal Institutuak sustatutako Chejov vs. Shakespeare egitasmoan hartuko dute parte, 2019 Scotland Goes Basque programaren baitan. Otsailetik uztailera bitartean, seina gutun idatziko dizkiote elkarri; gutunotan, Europa, identitatea, hizkuntza eta literatura izango dituzte mintzagai, eta trukaketak bi idazleek gai horien inguruan dituzten ikuspegiak ezagutu eta partekatzeko balioko du.

Zergatik eman diozu baietza Chejov vs. Shakespeare egitasmoan parte hartzeko jaso duzun gonbiteari?

Iban Zaldua: Alde batetik, eta nagusiki, kuriosoa naizelako eta kontuak jakin mina sortzen zidalako; gainera, ni beti nago prest Txekhoven alde egiteko, ipuinlaria zelako eta bere apaltasuna eta xehetasunekiko ardura tresna literario eraginkorragoak iruditzen zaizkidalako, batzuetan, Shakespeareren kaoserako joera baino. Gainera, arantzatxo bat neukan sartuta proiektuarekin, Donostia 2016 garaian parte hartzeko aukera izan nuelako; baina, oso interesgarria iruditu zitzaidan arren, zirkunstantzia pertsonalek atzera egitera eraman ninduten orduan.

James Robertson: Hiru arrazoirengatik. Lehenik, “gutxituak” edo “eskualdeko” deituriko hizkuntzak interesatzen zaizkit, nik neuk eskoziarra erabiltzen dudalako eta interesa dudalako eskoziar gaelikoan. Esperientziak erakutsi dit hizkuntza horiek, munduko zein lekutan erabiltzen diren gorabehera, kontu eta erronka antzekoak azaldu ohi dituztela politika, kultura, hizkuntzalaritza nahiz itzulpen arloan. Beraz, nahiko ezezagunak zaizkidan arren, asko interesatzen zaizkit euskal hizkuntza eta literatura.

Bigarrenik, loturak sortu nahi ditut eskozieraren eta beste europar hizkuntzen artean, euskara barne. Eskozia herrialde independentea eta Europa zein nazioarte mailako elkarlanarekin konprometitua izatea nahi dut; horregatik, sakonki atsekabetuta nago Brexit-aren inguruko iskanbilarekin eta garrantzizkoa deritzot loturak finkatzeari nire herrialdeko kulturaren eta Europako beste bazterretakoen artean.

Azkenik, itzulpen prozesua interesatzen zait, zer gertatzen den hitzek eta ideiek hizkuntza batetik bestera bidaiatzen dutenean.

Idazle bezala, zer espero duzu egitasmoaz?

I.Z.: Gustatuko litzaidake trukea akuilua izatea niretzat: gaia jarrita sortzeak, enkarguzko lanek bezala, ohiko ibilbideetatik ateratzeko aukera eskaintzen digute, eta alde horretatik espero dudana ustekabekoa da, hain zuzen ere; coaching turbokapitalistan ibiliko banintz orain, zerbait txertatu beharko nuke “konfort eremutik ateratzeaz”, baina ez dut halakorik egingo, denon osasunaren alde… Maila pertsonalean, bestalde, ikastea espero dut, Eskoziaz, eskozieraz, hango egoeraz eta hango literaturaz. 

J.R.: Euskal hizkuntza eta kulturaren inguruan gehiago ikastea, neure lehentasunak eta jarrerak proban eman, Iban Zalduarengandik ikasitako hainbat gauza neure lanean erabili eta, hortaz, eskozieraz gehiago idatzi.

Gutun sorta hau zure obraren barruan ikusten al duzu? Edo ez da hain pertsonala izango?

I.Z.: Sortzen dugun guztiak osatzen du gure obra. Zorionez, eta zoritxarrez, gauza batzuez, halabeharrez, damutu egiten delako, denbora igarota, idazlea: ezin du bestela izan; tira, ahal dudan guztia egiten saiatuko naiz lan hau kategoria horretan sar ez dadin.... Edonola ere, esango nuke guztia dela pertsonala, neurri handiagoan edo txikiagoan, nahiz eta agian formatu honek, epistolarrak, bere naturagatik, ni-a ageriagoan uzteko arriskua duen, beste batzuek dutena baino.

J.R.: Bai. Arreta bereziz idatziko ditut gutun horiek, poema edo fikziozko obrak balira bezala. Nire iritzien eta esatekoen adierazpenak izan daitezen nahi dut, aldi batean defendatu ahal izango ditudanak. Gainera, beste pertsonek irakur ditzaten argitaratu egingo dituztenez, ahal bezain ongien idaztea komeni da!

Iban Zalduarekin / James Robertsonekin elkarbanatuko dituzu gutunak. Ezagutzen al zenuten elkar lehenagotik?

I.Z.: Ez. Horrek lehen aipatzen dudan ustekabekoaren faktoreari leku gehiago utziko dio, ziurrenik, gure harremanean zehar, eta hori ere biziki interesgarria iruditzen zait.

J.R.: Ez, ez dut ezagutzen, ezta bere lana ere. Haren (ingelesera) itzulitako hainbat saiakera eta ipuin irakurtzen ari naiz, beraren eta bere lanaren berri zabalagoa izateko.

Gutun trukaketan, besteak beste, Europa, identitatea, hizkuntza eta literaturarekin loturiko hausnarketak izango dituzue langai nagusi. Bada bereziki kezkatzen zaituen ezer aipatutako gai horietatik?

I.Z.: Denak dira kezka iturri, niretzat, une honetan: Europa, bere proiektua –edo bere proiektuetako bat, behintzat– krisi larrian ikusten dudalako, eta garai latzak datozela uste dudalako; identitatea, denborarekin kontu horren inguruan gero eta zalantza gehiago dauzkadalako –duela hogeita bost urte esango nuke ziurrago nengoela nire identitateaz, edo nire identitateez, gaur egun baino–; hizkuntza, zalantzarik gabe, hala euskara nola eskoziera hizkuntza gutxituak direlako, eta zulo horretatik ateratzeko zailtasun garaikideak erronka handikoak iruditzen zaizkidalako; eta literatura, besteak beste, alor horretan gero eta apokaliptikoagoa nagoelako, literatura baino “produktu literario” gisa izendatu ditzakegunen nagusitzearen aurrean adibidez.

J.R.: Bai, lehen aipatu dudan bezala, gai horiek oso garrantzizkoak dira, bereziki une honetan,  Brexit-aren afera eta Eskozian, Euskal Herrian, Katalunian eta Europako beste zenbait tokitan duda-mudako egoera politikoak bizi ditugun honetan. Literaturak, identitateak, hizkuntzak eta kulturak eragina dute egoera politikoarengan, eta horrek eragina du haiengan. Uste dut Ibanek eta nik ezingo ditugula gutun hauek idatzi dimentsio politikoa aipatu gabe. 

Iraultza digitalaren ondorioz, geroz eta gutun gutxiago idazten dira gaur egun. Gustatzen al zaizu formatua bera? Eusten al diozu tarteka gutunak bidaltzeko ohiturari?

I.Z..: Bueno, nik uste dut ez diodala sekula gutunak idazteari eta bidaltzeari utzi, nahiz eta egia den, gaur egun, ez ditudala paperean eta eskuz idazten, garai batean bezala, posta elektronikoaren baitan baizik.

Izan ere egingo dugun ariketa hau ez da nire ohiko eskutitz idazkeratik hainbeste urrunduko: diferentzia bakarra da Gmailen edo Outlookeen zuzenean idatzi beharrean, testu prozesatzaile batean idatziko ditugula,  eta gero atxekituta bidaliko dizkiegula, posta elektronikoz, euskararako eta eskozierarako itzulpenez arduratzen direnei, eta haiek hartzaileei. Edo hori da nik egingo dudana, bederen; izan ere, horrela jokatzen dut askotan, karta bat e-mailez bidali aurretik, testu prozesatzailean idatzi eta gero kopiatu eta itsasten baitut Gmaileko kaxatxoan.

Kontziente naiz, edonola ere, posta elektronikoa bera gero eta zaharkituagoa geratzen ari dela, eta formatu laburragoak eta are bat-batekoagoak inposatzen ari direla egun. Baina nik uste dut, luzeago edo laburrago, beti idatziko ditudala gutunak, luma, lehorgarria, gutun-azala, ezkoa eta Correos-eko zigilua ez erabili arren…

J.R.: Ez ditut gutun asko idazten, ezta jaso ere. Posta elektroniko bidez gauzatzen dut nire posta harreman gehiena. Gutun batek badu zibilizatutik eta iraunkorretik zerbait, bereziki idatzizko gutun fisiko batek, sinatu eta postaz bidalitako gutun batek. Arretaz lan egin behar da gutun on bat idazteko. Azpimarratu egingo dut: arrazoi bikaina da hori egitasmo honetan esku hartzeko!

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu