Chicagoko Koldo Mitxelena Katedra martxan da

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-02-26

Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan koordinatzen dituen zortzi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitatean duen Koldo Mitxelena Katedra. Bertan 2019. urtearen lehen erdian burutuko den programa berria martxan dago jada. Otsailaren 21ean hasi zen, eta martxoaren 7ra bitarte iraungo du.

Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko unibertsitateetan koordinatzen dituen zortzi katedretako bat da Chicagoko Unibertsitatean duen Koldo Mitxelena Katedra. Bertan 2019. urtearen lehen erdian burutuko den programa berria martxan dago jada. Otsailaren 21ean hasi zen, eta martxoaren 7ra bitarte iraungo du.

Euskal ikasketei buruzko graduondoko irakaskuntza eskaintzen duen Katedra honetara, aurten, Jon Kortazar idazle eta EHUko Euskal Literaturako irakaslea gonbidatu dute. Kortazarrek hitzaldi bat emango du martxoaren 4ean, astelehena, arratsaldeko 16:30ean, Chicagoko Unibertsitateko Franke Institute for Humanities gunean. Hitzaldiak Tensiones en el campo literario vasco izango du izenburua, eta euskal literaturaren esparruan izan diren gatazka eta tentsioak izango ditu aztergai.

Koldo Mitxelena Katedra, Chicagoko Unibertsitateko Division of Humanities fakultatean txertatua dago. Ikasturte bakoitzean, entzute handiko euskal irakasle edota adituren batek egonaldia egiten du bertan, euskal ikasketa humanistikoekin zerikusia duten eskola, mintegi edota hitzaldiak emateko xedez. Aurtengo katedra, Kortazarren gidaritzapean, euskal literaturaren autobiografia eta autofikziozko lanetan zentratuko da, eta bi idazle aztertuko ditu: Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe. Ikastaroaren helburu nagusia, fikzioaren barnean ematen diren adibide biografikoak aurkeztea eta fikzioan nola txertatzen diren ikertzea da. Landuko diren lanen artean, Nevadako Egunak (Atxaga) edota Bilbao-New York-Bilbao (Uribe) daude.

Koldo Mitxelena Katedrarekin batera, Etxepare Euskal institutuak koordinatzen dituen beste zazpi Katedra ere badaude munduan zeharreko unibertsitate ezberdinetan. Denek, graduondoko irakaskuntza espezializatua eskaintzen dute, ikasturtero gai ezberdinak landuz; eta euskal hizkuntza, kultura eta artea maila akademiko gorenean zabaldu eta aztertzeko helburua dute. Horietako batzuek jada zehaztuak dituzte aurtengo programa akademikoak; beste batzuek, ordea, aste batzuk barru ekingo diote lan horri, urtearen bigarren erdian gauzatuko baitira.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu