Cinespaña: euskal zinemaren atzera-begirakoa

Euskara. Kultura. Mundura.

Cinespaña: euskal zinemaren atzera-begirakoa
  • 02
    Urr 2020
    11
    Urr 2020
    Toulouse

Urriko lehen hamabostaldian euskal zinemaz beteko da Frantziako Toulouse hiria. Espainiar zinemagintzari eskainitako Cinespaña jaialdian, Etxepare Euskal Institutuarekin sinatutako hitzarmen bidez, euskal zinemagintzari atzera-begirakoa egingo diote, Nouveau cinéma basque izeneko sailaren bitartez.

Jaialdiaren aurkezpen-hitzetan, “Ziklo honek euskal zinemak azken boladan izan dituen ildo ezberdinak zeharkatuko ditu, film arrakastatsuenetatik hasi eta egile independenteen ekoizpenetaraino”. Izan ere, antolakuntzaren ustetan, “Duela hamarkada bat pasatxotik, [Euskal Herriko] toki eta gertaera batzuetan zinema independentearen olatu baten ernamuina sortu da, Espainiako interesgarrienetako eta emankorrenetako bat izaten amaitu duena”.

Euskal zinemagintza berria deritzon XXI mendeko olatuari dedikaturiko atal honek Euskal Herrian euskaraz eta gazteleraz egindako fikzioa, dokumentala, film luze eta laburrak jasoko ditu. Lau ataletan banatuko dute egitaraua: “Moriarti”, izen bereko ekoiztetxearen lan esanguratsuenak bilduko dituena (80 Egunean, Loreak, Handia eta La Trinchera Infinita; “Fictions”, azken urteotan fikzioan gailendu diren pare bat film eskainiko dituena (Amama eta Negociador); “Documentaires”, dokumentalgintzan azken urteotan izandako izenburu esanguratsuak jasoko dituena (Mudar la Piel, Converso eta Emak Bakia Baita); eta “Court-Métrages – Cuerpos, gritos y escenas de vida” izeneko atala, emakumeek film laburren bidez euskal zinemagintzari ekarritako begirada berriari eskainia (Euritan, Gure Ormek, Andrekale, Lursaguak eta Cuerpos #1 Santa Águeda). Hemen ikus dezakezu egitarau guztia.

Euskal zinemagintzari eskainitako atzera-begirakoaz gain, bada beste sail batean izango den euskal film bat ere. Arestian aipatutako Oskar Alegria zinegile nafarraren Zumiriki dokumentala (2019) Film Dokumental Onenaren sariarengatik lehiatzeko hautatua izan da.

25 urtez Espainiako zinema sustatzen

Toulousen urtero antolatzen den Cinespaña jaialdiak 25. urteurrena izango du aurten. 1992an sortu zuen AFICH elkarteak (Zinema Hispaniarraren Nazioarteko Jaialdiaren Elkartea) Les Écrans de l’Histoire izenez, eta Espainiako Gerra Zibila oroitzea zuen helburu. Laster aldatu zuen, ordea, bere izaera, zinema espainiarraren urteroko erakustaldi bilakatuz.

Lehenengo edizioetatik, Madrilgo Zinematografia eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuak (ICAA) laguntza eskaintzen dio jaialdiari eta, urteen eraginez, beste erakunde batzuk gehitu zaizkio laguntzaile moduan. Estatu espainiarreko zinemagintzaren izen esanguratsuak izan dira bertan, besteak beste, Fernando Fernan Gómez, Carmen Maura edota Marisa Paredes. 2019. urteko edizioan 31.500 bisitari izan zituen, eta 119 film eskaini ziren 57 aretotan (11 Toulousen eta beste 46 eskualdeko herrietan).

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu