Die Baskische Venus: euskal opera alemaniarra Leipzigen aztergai

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-11-27

1928ko azaroaren 18an, Die baskische Venus (Venus euskalduna) izenburuko opera estreinatu zen Leipzigen. Hermann Hans Wetzler konpositore alemaniarraren opera bakarra izan zen hura, baina, tamalez, haren libretoa bakarrik mantentzen da gaur egun, partitura galduta baitago. Lan paregabe eta interesgarri honen 90. urteurrena ospatzeko, azaroaren 29an, osteguna, hari buruzko hitzaldia antolatu da Leipzigeko Unibertsitatean, arratsaldeko 17:15ean.

1928ko azaroaren 18an, Die baskische Venus (Venus euskalduna) izenburuko opera estreinatu zen Leipzigen. Hermann Hans Wetzler konpositore alemaniarraren opera bakarra izan zen hura, baina, tamalez, haren libretoa bakarrik mantentzen da gaur egun, partitura galduta baitago. Lan paregabe eta interesgarri honen 90. urteurrena ospatzeko, azaroaren 29an, osteguna, hari buruzko hitzaldiaantolatu da Leipzigeko Unibertsitatean, arratsaldeko 17:15ean.

Denborak ahanzturara eraman nahi izan duen arren, oraingoa ez da lan honi buruz ikerketa bat egin den lehen aldia. 2007. urtean, Klaus Niebel historialariak gaiari buruzko artikulu bat argitaratu zuen Eusko Ikaskuntzaren Musiker 15 aldizkarian. Euskal Herrian egona zen Niebel, Gernikan zehazki; eta, jaioterrira itzuli zenean, Euskal herriaren historiak liluratuta, Hermann Hans Wetzler konpositorearen obra ezagutu eta horren inguruan ikertzen hasi zen. Historialariaren lana jarraitu duena, hain zuzen, bere seme Ingo Niebel izan da; eta bera izango da ostegun honetan Leipzigeko Unibertsitatean hitzaldia emango duena.

Baina zertan datza opera bitxi hau? Niebel aitari esker badakigu, adibidez, XIX mendean kokatua dagoela, Ipar Euskal Herriko landa-eremuan. Protagonista Alfonso izeneko aristokrata bat da, Reynalda kondesa euskaldunarekin ezkondu behar dena eta, era berean, Juanita izeneko gazte euskalduna maitale duena. Alfonsok dituen lurretako eremu batean, bat-batean, Venus baten brontzezko irudia azaltzen da. Juanita, Alfonso Reynaldarekin ezkondu behar dela jakiten duenean, haserre, Venus irudiarengana doa eta bere maitalea madarikatzen du. Hauxe izango litzateke obra honen hasiera.

Wetzlerrek 58 urterekin konposatu zuen opera, Euskal Herriko mito eta melodietan oinarrituta. Leipzigen estreinaldia egin ostean, Alemaniako beste hiru hiritako antzokietan erakutsi zen arrakasta handia lortuz: Lübecken, Bremenen eta Kolonian, hain zuzen.

Leipzigek musika tradizio oso aberatsa dauka, XIX mende bukaera eta XX mende hasieran Alemaniako hiribururik garrantzitsuenetakoa izan baitzen. Orain arte, Leipzigeko Unibertsitatean ikasitako euskal adituak (Barandiaran tartean) edota aleman hizkuntzalariak (Schuchardt) kenduta, ez da ezagutzen Leipzig eta euskal kultura edo iruditeria hobeto biltzen duen gertakizunik.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu