Edinburgo, kultur jaialdien hiriburua

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-04-25

Datozen asteotan hasi eta udazkena bitartean Edinburgon ere izango da erakusgai euskal artisten uzta oparoa. Izan ere, Eskoziako hiriburua kultur jaialdien munduko hiriburu bilakatzen da urtearen sasoi honetan.

Scotland Goes Basque ekimenaren baitan, dakizuen legez Eskozia jomuga nagusi dugu aurten. Bertan euskal kultura eta arteen lagin erakusgarri bat izango da eta, Glasgow-en Celtic Connections, Erresuma Batuko neguko musika jaialdi handienean gure musikaren ordezkaritza izan ostean, datozen asteotan hasi eta udazkena bitartean Edinburgon ere izango da erakusgai euskal artisten uzta oparoa. Izan ere, Eskoziako hiriburua kultur jaialdien munduko hiriburu bilakatzen da urtearen sasoi honetan.

Askotariko diziplinak lantzen dituzten mundu osoko sortzaileek nazioarteko ikus-entzuleei aurkezten diete euren lana, publiko hutsari nahiz profesionalei. Izan ere, udaberrian eta, batez ere, udan kultur-giro horrek herrialde ugarietako talentuak ez ezik, kanpoko jende ugari ere erakartzen du Edinburgora, munduan barrena landutako kulturgintzan zer berri ezagutzeko irrikitan. Hartara, 3.000 emanaldi baino gehiago, 25.000tik gora artista eta sortzaile eta 70 herriadetatik etorritako 4.500.000 ikusle izaten dira urtero Edinburgon. Itzela.

Kultur-mugimendu erraldoi horrek Bigarren Mundu Gerraren ostean du sorburua. 1945. urtean, Rudolf Bing-ek, nazien Alemaniatik ihes egin zuen austriar enpresariak sustatuta, “giza espirituaren loraladia” ekarriko zuen eta Edinburgo, europarrentzat kulturgune bihurtuta, nortasun berriz jantziko zuen musika eta arte eszenikoen inguruko jaialdia antolatzeko batzordea eratu zen. Horrek erabaki zuen 1947an egingo zela estreinakoz eta horrelaxe izan zen: urte horretan abiatu zen Edinburgoko Nazioarteko Jaialdia, eta horrekin batera baita Edinburgoko Nazioarteko Zine Jaialdia eta Fringe jaialdia ere.

Edinburgh International Film Festival (EIFF) Erresuma Batuko nazioarteko zine jaialdi nagusiena bihurtzeko asmo arranditsuaz sortu zen 1947an, International Festival of Documentary Films izenburupean. Egun Centre for the Moving Image erakunde nazionalaren baitan antolatzen da,  Eskozian zine industria sutsu eta arrakastatsua garatzeko abangoardian dagoen erakundea. Jaialdi horrek sinesten du zinea ikusteak, egiteak eta ulertzeak bizitza eraldatzeko duen gaitasunean. Hortik abiatuta, zinemaren inguruko ideia berriak aztertzen ditu eta bertako eta nazioarteko ikusleei emankizun, dokumental, film laburrak eta zine esperimentala uztartzen dituen programazio anitza eskaintzen die, talentu berriengan arreta berezia ipinita. Hastapenetan Roberto Rossellini, Robert Flaherty edo Jacques Tati bezalako zinemagileen lanak aurkeztu ziren eta 70ko hamarkadan, Lynda Myles-ek, munduan zine jaialdi baten zuzendari izatera iritsi zen lehenbiziko emakumeak, amerikar zine berriaren erakusleiho bihurtu zuen jaialdia eta ezinbesteko bultzada eman zien Brian De Palma, Martin Scorsese edo David Cronenberg-en ibilbideei. Aitzindari izan zen, halaber, sortzaileen inguruko atzerabegirakoak antolatzen: Douglas Sirk, Werner Herzog eta Martin Scorseseri egindakoen ondoren ohiko bihurtu ziren gainerako zine jaialdietan ere.

Horren harira, laster emango dizuegu aurtengoan Edinburgh International Film Festival delakoan eta CinemaAtticen eskutik udaberrian eta udan euskal zineak Eskozian izango duen presentziaren berri.

Fringe jaialdiaz, berriz, mintzatu gara jada aurreko hainbat artikulutan. Askotariko kultur topagune hori harro dago bere egitarauan kontatzeko istorioren bat izan eta berau aurkezteko agertokiren bat duen edonori bide egiteaz eta bere izenak dioen bezalaxe (fringe=muga) helburu du beti haratago joatea. Xede horren eredu, aitzindari bihurtu zen 1999. urtean, teknologia berriak eta horien erabilgarritasuna aintzat hartuta, bere egitarau osoa bisitarien eskura jartzen zuen lehenbiziko sakeleko telefonorako berariazko aplikazioa aurkeztu eta merkaturatu zuenean. 

1983tik literaturak ere toki berezia du kulturaz eta arteaz blaitutako Edinburgoko udan. Urte horretan sortu zen Edinburgh International Book Festival delakoa. Denbora laburrean letren arloko munduko jaialdirik handiena eta dinamikoena bilakatu da berau: abiatu zenean idazleekin 30 topaketa izan ziren; egun, aldiz, 900 ekitalditik gora izaten dira, adin orori zuzenduak, 200.000 pertsona biltzen dituztenak hiriko erdiguneko Charlotte Square Gardens lorategietan eta horien inguruan. Jaialdiaren ezaugarri nagusienetakoa da urtero berean hartzen dituen goi mailako mahai-inguruak eta eztabaida-zikloak. Urtero, mundu osoko idazleak bertaratzen dira euren irakurleekin egun pil-pilean dauden gaien ildotik ideiak, pentsamoldeak, ezagutza eta iritziak partekatzeko. Eta aurten, abuztuaren erdialdean izango da hain topaleku gailenean bere ikuspegia ezagutzera eman eta gure kulturaren berri zabaltzeko aukera izango duen euskal idazlerik; esaterako, han izango dira, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Iban Zaldua eta Eider Rodriguez.

Jaialdi nagusi horiek garatzearekin batera, azken urtetotan beste hainbat sortu dira jazz eta blues-a, haur eta gazteei zuzendutako arte eszenikoak, underground antzerkia edo zientzia hizpide hartuta. Guzti horiek ere mundu mailako festibal gailenak bilakatu diren einean, Edinburgoren nortasunaren ezaugarri bihurtu da artean, kulturan eta zientzian bikaintasuna eskaintzea. Horregatik, urtero kulturzale zein artezaleentzako topagune ezin saihestukoa da Eskoziako hiriburua.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu