Eider Rodriguezek euskal literatura ordezkatuko du FIL Guadalajara Azokan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-12-04

Azaroaren 30ean ireki zituen ateak FIL Guadalajara liburu azokak eta, aurten ere, euskal literaturaren presentzia bermatua egongo da bertan. Urtero milaka egile, profesional eta editore biltzen dituen Iberoamerikako literatura jaialdirik handienean Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) izango da aurten euskal literaturari ikusgaitasuna ematen, lehen lerroko beste hainbat nazioarteko autorerekin batera.

Azaroaren 30ean ireki zituen ateak FIL Guadalajara liburu azokak eta, aurten ere, euskal literaturaren presentzia bermatua egongo da bertan. Urtero milaka egile, profesional eta editore biltzen dituen Iberoamerikako literatura jaialdirik handienean Eider Rodriguez (Errenteria, 1977) izango da aurten euskal literaturari ikusgaitasuna ematen, lehen lerroko beste hainbat nazioarteko autorerekin batera.

2018. urteko Euskadi Literatura Sarietan birritan saritua izan den Rodriguezek, horrela, jarraipena emango dio azken urteotan azokan egon diren euskal idazleen zerrendari. Kirmen Uribe, Iban Zaldua, Arantxa Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Karmele Jaio, Harkaitz Cano, Mikel Ayerbe, Anjel Lertxundi eta Juan Kruz Igerabide izan dira azken bederatzi urteetan, Etxepare Euskal Institutuak sustatuta, bertan egon diren euskal idazleak. Halaber, urtero legez, Euskal Editoreen Elkarteak eta Euskadiko Editoreen Elkarteak dozena bat argitaletxe bilduko dituzte azokan aurkitu ahal izango den postu batean.

Rodriguezek, orain gutxitik Bihotz Handiegia izeneko bere azken kontakizun liburuaren gaztelaniarako eta katalanerako itzulpenak kalean dituela, azokarenprograma ofizialeko bi jardueratan hartuko du parte. Horrekin batera, euskal literaturari  ahalik eta oihartzun handiena emateko helburuz, Etxepare Euskal Institutuak agenda mediatiko sendoa antolatu du berarentzat.

Bihar, abenduak 5, ‘Ecos de la FIL’ izeneko atalean hartuko du parte Eiderrek. Atal honen helburua, idazle gonbidatuak FIL Guadalajara azokaren eremutik atera eta unibertsitate edota institutuetako ikasleekin euren zentroetan harremanetan jartzea da, eta testuinguru informalean gauzatzen diren hartu-emanen bitartez, ikasle horiengan irakurzaletasuna sustatzea. Rodriguez UTEG Plantel Olímpica zentrora joango da 17:00etan, bertako ikasleekin solasean aritzera; ikasleek, jarduera horretan parte hartu aurretik, idazlearen lan batzuk irakurriko dituzte.

Halaber, abenduaren 6an, Nazioarteko Ipuingileen Topaketan izango da Eider Rodriguez, arratsaldeko 18:00etan. Mahai-inguru izaerako topaketa honetan ipuingintzaz arituko da euskal autorea nazioarteko beste izen batzuekin batera: Rosina Conde (Mexiko), Felix J. Palma (Espainia) eta Diego Muñoz Valenzuela (Txile). Alberto Chimal autore mexikarrak gidatuko du mahai-ingurua.

Hori guztia baino lehen, abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, Mexiko Hirian izan zen idazlea. UNAM-en (Universidad Nacional Autónoma de México) bertako euskara eta euskal kultura irakurleak antolatutako ekintza batean hartu zuen parte; izan ere, Rodriguezen ipuinetan oinarritutako antzerki lehiaketa bat antolatu dute azaroan zehar, eta egun horretan izan zen finala. Idazleak finaleko obrak ikusi zituen eta, ostean, solasaldia izan zuen bertako ikasleekin.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu