`Elkano esperientzia´-k erronka global handiei helduko die
Euskara. Kultura. Mundura.
Bihar, irailak 8, egingo den Euskal Diasporaren Eguna dela eta – 1522an, Nao Victoria Sevillara iristearekin batera–, Etxepare Euskal Institutuak, Elkano Fundazioak, Iberoamerikako Estatuen Erakundeak (OEI) eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzak (Mercosur) ozeanoan zeharreko ´Elkano esperientzia´ proiektua jarri dute abian. Alde batetik, ´Munduari lehen itzulia´ ibilbide birtuala izango da, 10 galderatan oinarrituko dena XVI. mendera itzultzeko, eta bihartik aurrera esteka honetan bisitatu ahal izango dena; eta bestetik, irailaren 16an ´500 urte: kontzientzia planetarioaren eraikuntza´ elkarrizketa birtuala egingo dute, non hainbat diziplinatako lau aditu hauek parte hartuko duten: Alvaro Aragón (UPV/EHUko Erdi Aroko, Modernoko eta Amerikako Historia Saileko irakasle agregatua), Nelson Aguilera (Txileko Unibertsitate Australeko antropologoa), María Amelia Mellado (Txileko Unibertsitate Australeko antropologoa) eta Julieta Gaztañaga (Zientzia Antropologikoen Institutua, Buenos Airesko Unibertsitateko Filosofia eta Letren Fakultatea). Topaketa Rafael Zulaika Elkano Fundazioko proiektuen koordinatzaileak moderatuko duela, euskarara eta portugesera aldi bereko itzulpena izango da eskuragarri, eta publikoak bertan parte hartu ahal izango du, formulario honen bidez izena emanda.
Gizakiaren erronkak
Lehen mundu bira egin zenetik 500 urte igaro direla, elkarrizketa birtual horretan aipatutako adituek gogoeta egingo dute bidaiak ekarri zituen aldaketei buruz eta egungo erronka globalekin izan zuen harremanari buruz, hala nola klima-aldaketarekin, migrazio-fluxuekin, kultura-aniztasunarekin eta mundializazioarekin, besteak beste.
Magallanes eta Elkanoren bidaiari buruzko galdera-erantzunen bidaia birtual baten bidez egingo dute, izan ere, bidaia horrek lehen mundializazioaren hasiera eta alteritatearen aurkikuntzaren hasiera ekarri zuen. Besteak beste, honako gaiak izango dituzte hizpide: munduari lehen itzulia ematearen inguruan kultura desberdinek ekarri dituzten narratiba historikoak; globalizazio goiztiarraren mugarri horrek ekonomian, zientzian, kulturartekotasunean edo giza eskubideetan izan ditugun 500 urteko aldaketei buruzko begirada garaikidea.
"Elkano Esperientzia" Etxepare Euskal Institutuaren, Elkano Fundazioaren, Iberoamerikako Estatuen Erakundearen (OEI) eta Euskadiren Argentinako Ordezkaritzaren (Mercosur) arteko lankidetza-hitzarmen baten emaitza da.