“Eskola digitalei esker lortu daitezkeen aukera berriak landu eta indartzen jarraitu nahi dugu”

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-12-27

Pandemia aurreko dinamiketara bueltatzeko asmoz eta eremu digitalak eskaintzen dituen aukerak optimizatzeko bideen bila hasi zuten urtea Etxepare Euskal Institutuko euskara sustatu eta hedatzeko alorrean. “Ikasturte berriaren hasierarekin batera, irailean hasi ginen pentsatzen nola egin aurre koronabirusaren ondoriozko gorabeherei. Aurrerapausoak eman dira bertatik bertarako irakaspenari dagokionez, adibidez, baina egindako lana asko desegin egin behar izan da, baita ere, egoera aldakorren ondorioz”. Urtearen balantzea egin du Garbiñe Iztueta Euskara Sustatu eta Hedatzeko Zuzendariak. “Eskola digitalei esker lortu daitezkeen aukera berriak landu eta indartzen jarraitu nahi dugu”.

Nazioarteko 19 herrialdetako 36 unibertsitatetan euskara eta euskal kultura irakasten duten irakurle sareko lagunek egoera oso desberdinak bizi izan dituzte herrialdearen arabera. 2020-2021eko ikasturte hasieran, denak joan ahal izan ziren helmuga herrialdetara, salbuespen batzuekin, Errusia eta Hego Amerika, tartean. 2021eko irailean, berdin. Hala ere, irakurletza berria jarri da martxan: Georgiako Tbilisi State Universitykoa.

Iztuetak nabarmendu du, hain zuzen, “pandemiak pandemia, eskatzaile kopurua mantentzea lortu ahal izan dutela”. Georgian hastear zegoen irakurletza atzerapen txiki batekin hasi bazen ere, irailean lortu zuen, azkenean, bertaratzea irakurleak eta han lanean hastea. “Itxaropena eman digun proiektua izan da hau”, nabarmendu du.

Hain zuzen, 2022an, nazioarteko kongresua izango da Tblisiko unibertsitatean, literaturaren ingurukoa, eta ‘euskal sekzio’ bat lantzen ari dira irakurle horrekin. Hiru urtetik behin izaten da eta han tokatzen da egitea datorren urtean. “Beharbada internet bidez egingo bada ere, proiektu interesgarria da”.

Bestalde, hiru katedra berri jarriko dira martxan 2022an. “Quebecen 2018an sinatu zen lankidetzarako lehen oinarria Montrealgo McGill Unibertsitatearekin eta zehaztapen guztiak jasoko dituen hitzarmena 2022an sinatuko da. University of Wales Trinity Saint David-ekin Alan R. King Katedra jarriko da martxan, soziolinguistikaren ingurukoa, eta lehen irakurlea hautatuko da. Hirugarrena izango litzateke California State University Bakersfield-go Frank Bidart Katedra, ikerketa eta sorkuntza eremukoa. Horretako gaia izango litzateke kultura eta berrikuntza”.

Helburuak beteta

Pandemia aurreko dinamiketara bueltatzeko helburuari dagokionez, lortzera heldu direla uste du Iztuetak, ahal den heinean. “Momentu hobe eta okerragoak izan dira, egokitzapenak egin ditugu urtean zehar. Unibertsitate eta euskal etxeetan bueltatu dira aurrez aurrekoetara, behar izan diren neurriekin. Egiaztagintza frogak ere egin ahal izan dira zurrez aurre. Aurtengoan, gainera, lehen aldiz, deialdi ireki bidez egin dira: euskal etxe eta unibertsitateko ikasleez gain, Madril edo Bartzelonan azterketa egin nahi izandako orok eman ahal izan du izena”.

Streaming bidezko aukeretan egonkortze bat egon dela uste du. “Urteroko Udako Ikastaroan, adibidez, emaitza onak ematen ari den formula bat da bertaratzeaz gain, internet bidez ere jarraitu ahal izatea. Ateak zabaldu dizkie interesatuei eta jorratzen jarraituko dugu modalitate hori. Zornotzako Barnetegira euskara ikastera etortzen diren ikasleen kasuan ere berdin gertatu zaigu. Etorri ahal izan direnez gain, online bidez bat egin nahi izan dutenei ateak zabalik utzi dizkiegu. Aukera horiek lantzen jarraituko dugu”.

Irakurleen eta euskal etxeetako irakasleen topaketak bertatik bertara burutu ahal izan dira aurten. Lorpen “oso interesgarria” izan da, bestalde, Maizpide Barnetegian Argentina, Txile eta Uruguaiko euskal diasporako 11 lagunek egindako egonaldia, Euskara Munduan programaren eskutik. Taldea 2013an hasi zen zerotik euskara ikasten eta lehen aldiz testuinguru euskaldunean murgilduta egingo duten ikastaro trinkoa amaitu eta gero, euskara irakasle arituko dira nor bere hiriko euskal etxean.

Bai aurrez aurreko jardueretan, eta baita online egin direnetan ere, parte hartzaile kopuruak mantentzea lortu dutela nabarmendu du Iztuetak, “parte hartzaileek motibazioa mantentzea lortu dutela”, batez ere. “Ezohiko neurriak hartu ziren 2020an, eta 2021ean ere behar izandako garaietan ondo moldatu dira horietara”.

Egoera zailetatik, aukera berrietara

Etorkizunera begira, galdera baten bueltan egin du hausnarketa teknikariak: tresna eta plataforma digitalak nola indartu edo nola erabili nazioartean euskararen irakaskuntza sendotzeko, areagotzeko? Izan ere, uste du inoiz baino behar handiagoa nabaritu dela eremu digitalean euskararen presentzia handitu eta areagotzeko, eta ildo horretatik egin behar dela aurrera datorren urtean ere.

“Prestakuntza programetan streaming formula barneratzen jarraituko dugu, irakurletzak hobetu eta sendotzeko moduak bide horretatik lantzen. Adibidez: Poznango  Adam Mickiewicz Unibertsitateko irakurletzan, behar berezi batzuk zeuden irakaskuntzan, salbuespenezkoak, eta lortu dugu behar horiek asetzea aurrez aurreko irakurlearen irakasgaiak eta beste lankide baten streaming bidezko irakaskuntza-osatze lanak konbinatuta. Bestalde, Budapesteko ELTE Unibertsitaean, aurrez aurreko irakurlerik izateko baldintzarik ez dago egun, eta  online bidezko irakaskuntzari esker, lortu dugu Brnoko irakurleak eman ahal izatea ikasle horiei euskara ikasgaiak”.

Horrela, ondorioztatu du: “eskola digital horiei esker lortu daitezkeen modalitate berriak landu eta indartu nahi ditugu datorren urtean, ikusi baitugu unibertsitate sarea indartzen dela horrela, eta horrek askotariko onurak ekar ditzakela”.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu