“Eskolak nekagarriak izan daitezke, baina horiei esker asko ikasten ari gara”

2023/01/23

Euskara. Kultura. Mundura.

Joan den urtarrilaren 9az geroztik, Etxepare Euskal Institutuaren irakurletza sareko Euskara eta Euskal Kulturako 13 ikasle Aurten Bai barnetgian ari dira ikasten. Gehienak online modalitatean, baina gutxi batzuk, Zornotzako Barnetegian. Euskara ikasteko eta euskal kultura bertatik bertara bizitzeko gogoz iritsi dira ikasle horiek.

Constanza Ortiz, Pontificia Universidad Católica de Chileko ikaslea, Zornotzan egonaldia egiten ari diren hiru ikasle txiletarretako bat da. Argi Ocamicak eta Javiera Yulisak osatzen dute hirukotea. Ortizekin hitz egin dugu bere esperientziaz, hilaren 27ra arte luzatuko dena.

- Zornotzako Barnetegiak, Aurten Bai Fundazioak kudeatutzen duena, 30 urte daramatza helduen euskalduntze eta alfabetatzearen arloan lanean. Zein dira, zehazki,  egiten ari zareten egonaldiaren helburuak?

- Egonaldiaren helburu nagusia murgilketa da, egun osoan euskararekin kontaktuan izateaz ikastea. Barnetegian otorduak ematen dizkigute eta horietan, euskara maila altuagoa duten ikasleekin egoten gara, haiek euskaraz nola egiten duten entzuteko aukera izanez, eta guri ere euskaraz hitz egiteko aukera ematen diguna. Gainera, egunean zehar 6 orduko euskara klaseak ditugu, eta beste 2 curriculumetik kanpokoak.

- Nolakoa da orain arteko esperientzia?

- Esperientzia, orain arte, oso ona izan da. Jakina, apur bat nekagarria izan daiteke eskola-ordu horiek guztiak egitea, baina haiei esker asko ikasten ari gara, ikasgai asko lantzen baitugu. Gainera, gure lankideek asko laguntzen digute eta otorduetan kontzeptu asko itzultzen laguntzen digute, gure euskara maila oso oinarrizkoa baita.

- Zein da eguneroko errutina?

- Nire eguna 8:45ean hasten da. Jaiki eta gero, berehala, 9:00etan, gosaldu egiten dugu. Gero, 14:00ak arte irauten duten euskara eskolei ekiten diegu. Bazkaldu ondoren, eskola berriro, 15:30etik 17:30era. Bazkalorduan, ikastaroak egiten ari diren gainerako pertsonekin elkartzen gara eta atseden hartzen dugu, goiz osoaren ondoren apur bat nekatuta baikaude.

18: 00etan hasten dira curriculumetik kanpoko jarduerak. Normalean, hirian paseatzera ateratzen gara, edo tailerrak egiten ditugu, horietan ere euskaraz ere hitz eginez. Jarduerak 20:00ak aldera amaitzen dira eta, jarraian, afaldu egiten dugu. Normalean denbora luzez afaltzen dugu, barnetegian lo egiten dugun 12 pertsonak elkartzen garelako.

Gauean bakoitzak bere errutina du eta asteburuetan bakoitza bere kabuz ibiltzen da. Nire kasuan, Bilboko ikasle-egoitza batean izaten naiz.

- Etxepareren irakurle-sareko kide zara. Zein da zehazki honekin duzun lotura?

- Nire unibertsitateak ‘Euskara eta euskal kultura’ izeneko ikastaroa du, eta ikastaro horren bidez Euskal Herria eta euskara ezagutu nituen. Asko gustatu zitzaizkidan hizkuntza eta bere kultura, eta beraz, gure irakasleak aukera honi buruz hitz egin zigunean, ez nuen aukera galdu nahi izan, bekarako aurkeztu nintzen, eta hemen nago!

- Lehen aldia duzu Euskal Herrian?

- Bai, lehenago ez naiz inoiz Euskal Herrian izandakoa. Ikastaroa hasi baino egun batzuk lehenago etorri nintzen Euskal Herriko beste leku batzuk ezagutzera, hala nola Iruñea, Gasteiz, Donostia eta Bilbo. Gero etorri nintzen Zornotzara, ikasturtea hastera.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu