Estibalitz Urresola: "Euskarak balio narratiboa du pelikulan"

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-05-10

Estibalitz Urresola Solaguren (Laudio, 1984) euskal zinemagilea da. Hamarkada bat baino gehiago ikus-entzunezkoetan lanean eman ondoren, eta genero eta formatu ugari zuzendu ondoren, Urresolak ikusmiran oinarritutako harreman-, ikaskuntza- eta eraldaketa-prozesu gisa ulertzen du ikus-entzunezkoa. Besteak beste, ‘Nor nori nork’ (2019), ‘Polvo Somos’ (2020) eta ‘Cuerdas’ (2021)  filmen egilea da, eta bere azken lana, ‘20.000 erle espezie’ (2023), arrakasta handia izaten ari da, nazioarteko hainbat jaialdietan eta zinema aretoetan.

Euskal Herrian girotuta, ´20.000 erle espezie´ filma, Cocoren (Sofia Otero) historia kontatzen du. Filmak genero-nortasunaren gaia, transexualitatea haurtzaroan eta familiaren eta gizartearen egituren aniztasuna jorratzen ditu, besteak beste.

Mugarri bat izan zen euskal zinemarentzat Urrsolaren lan hau Berlineko Berlinale nazioarteko zinema jaialdian estreinatu izana. Berlinaleko Sail Ofizialean lehiatu den lehenengo euskal filma izan da. Bertan, Sofia Oterok Interpretazio onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Ondoren ere, hainbat sari eskuratu ditu, hala nola, Malagako Jaialdiko Urrezko Biznaga. Filmak Grand Jury Award saria irabazi berri du Seattle International Film Festival jaialdian. 

Estibalitz Urresolarekin hitz egin dugu bere azken lanaz, zinea euskaraz egitearen inguruan eta euskal zinemaren nazioartekotzeaz.

Atzera eginez, ’20.000 erle espezie’ filmak Berlinen izan zuen publikoarekin lehenengo kontaktua eta bertan, arrakasta handia izan zuen. Nolakoa izan zen Berlinen bizitakoa?

Berlinalen izandako esperientzia zoragarria izan zen, opari ederra. Inoiz ez genuen amestu sail ofizialen lehiatzearekin eta hautaketa bera gure saririk handiena izan zen. Aste hura izugarri polita izan zen. Prentsaren harrera oso ona izan zen, elkarrizketetan nabaritu zen pelikularen geruza asko kontuan hartu zituztela, eta maila zinematografikoan elkarrizketa politak egin genituen bertan.

Filmaren estreinaldiaren eguna nire bizitzako egunik hunkigarrienetarikoa izan zen. Ez nuen espero horrelako publikoaren harrera, txalo zaparrada “bero beroa” bota zuten. Hori oso garrantzitsua izan zen, azken finean filmaren aurkezpenean oso zaurgarri egon zaitezke ziurgabetasunarengatik, ez jakiteagatik filmak zer nolako bidaia egingo duen eta ez dakizulako nola konektatuko duen printzipioz hain urrutikoa den audientziarekin. Publikoak pelikula nola arnasten zuen ikustea oso polita izan zen, batzuetan barre egiten zuten, beste une batzuetan arnas-estuka… Hori guztia aurrez aurre konprobatzeko aukera duzunean ulertzen duzu ez dagoela mugarik pertsonen artean, ez herrialde ezta kulturen artean ere, eta emozioak lengoaia unibertsala direla.

 Nolakoa izan da Sofia Oterorekin lan egitea?

Sofiarekin lan egitea plazer hutsa izan zen. Oso neska azkarra da eta unibertso emozional handia dauka. Gure lehenengo saiotik ikusi nuen komunikaziorako oso kanal garbia eta gardena geneukala eta oso erreza zitzaidala berarekin emozioez eta gai sakonez hitz egitea. Hau gainontzeko aktoreek nabarmendu duten zerbait izan da, oso erreza izan dela berarekin lan egitea eta maila handiko aktore bat izan dugu aurrean. Oso azkar barneratzen zituen indikazio tekniko eta artistikoak. Sofiak bederatzi urte zituen errodajean eta gainontzeko aktoreentzako bereziki erreza izan da berarekin lan egitea. Sofiak ekarpen handia egiten zion eszenari.

 Nola izan zen Luciaren pertsonaia sortzeko prozesua eta pertsonaiaren lanketa?

Sofiarekin lan egiteko modua berezia izan zen. Nik ez nion gidoia aldez aurretik eman nahi, izan ere, puntu batera arte berak zekarren freskotasuna bermatu nahi nuen. Bere dialogoak ikasi izan balitu, seguraski ez lioke aztarna hori emango bere pertsonaiari. Berarekin hainbat saio egin nituen gidoiaren geruza nagusien eszena mugarriak kontatzeko edo irakurtzeko, berak ulertu zedin zer norabide zeukan gidoian dagoen harreman bakoitza. Nik kontatzen nion bitartean, berak harreman horiek marrazten zituen. Marraztutako gidoiaren laburpen modukoa egin zuen, eta egunez egun, joan ginen geruza ezberdin hauek lantzen. Sekuentzien artean hutsuneak uzten genituen, beste egun batean geruza hori lantzen genuenean bere marrazkien bitartez sekuentzien hutsune horiek betetzeko. Denbora dezente eskatu du lanketa honek, baina uste dut formula interesgarria izan zela berak ere bere irudimenarekin eta bere unibertso emozionalarekin falta zen guztia osatzen joateko.

Pelikulan euskara, frantsesa eta gaztelania erabiltzen dira. Nola hartu zenuen hiru hizkuntzak uztartzeko erabakia? Eraginik edo zerikusirik du filmaren narratibarekin?

Noski. Nik aniztasunaren aldeko pelikula bat egin nahi nuen eta filmaren identitate ezberdin horien lekuko ere badira hizkuntzak. Kultur identitateei egiten die erreferentzia bereziki Euskal Herriak, zein muga batez banandutako lurraldea den eta horren inguruan euskara, gaztelania eta frantsesa hizkuntzak biltzen diren.

Gainera, kasu honetan, pelikulan euskarak balio narratiboa dauka. Pertsonaia nagusiari hizkuntza honek bere buruaren generoa ez deklinatzeko balio dio, euskarak baduelako berezitasun polit hori. Gainera euskarak ere eramaten gintuen erlezainaren pertsonaiaren bitartez antzinako euskal kulturaren pasarte eder bat berreskuratzeko. Pasarte horretan erakusten da nola gure herrian erleak sakratuak kontsideratuak izan ziren garai batean eta familia unitatearekin zuten harreman estua. Pasarte hau euskal balada batean jasotzen zen eta hura baliatu nahi izan nuen pelikulan modu narratibo batean. Bestetik, mugaren gaira itzulita, mugaren kontzeptua erabili nahi nuen ez soilik muga geopolitikoa irudikatzeko, baizik eta familia honek gainditu behar duen muga bat bezala ere.

 Cannes, Nantes, Berlin, Malaga... Zure lanak txoko handi guztietara eramaten ari zara.

Oso pozgarria da niretzat ikustea nire azken lan hauek munduan zehar ari direla bidaiatzen. Bereziki, egiten ditudan pelikulak gai sozialekin lotuta daudelako, eta jendeari gai horiek helarazteko eta ahalik eta jende gehienak ikusi ahal izateko aukera ezin hobea da. Horrelako plaza handietan aurkeztu ahal izateak filmari bermatzen dio ibilbide handiagoa izango duela. ´Cuerdas´ Canneseko Zinema Jaialdian aurkeztu izana edo Berlinalen ´20.000 erle espezie´, fokoan jartzen ditu lan hauek eta mundu mailako beste programadoreek badaukate aukera horretan fijatzeko edota horretan interesa jartzeko beste herrialde batzuetara eramateko. Hori da niretzat garaipenik handiena: helarazi nahi dudan mezu hori hedatzen doala ikustea.

Nola ikusten duzu euskal zinemaren zabalkundea azten urteotan, zure ikuspuntu eta lanetik abiatuta?

Behin pelikula edo laburmetrai bat bukatuta ez da gehiago zurea, ikusle guztiona da. Partekatze horrek poztasun handia ematen dit. Epe luze baten emaitza da guzti hau, izan ere, duela 17 urte bukatu nituen gradu ikasketak eta ordutik ibili naiz ikus entzunezko sektorean, ekoizpenean, telebistan, zineman eta baita nire lan propioak sortzen, baina ez da izan momentu honetara arte loraldi hau ikusten dudala.

Ez dakit zer puntutaraino genero arrakalak eragin duen hainbeste urte behar izatea momentu hau bizitzeko. Badaude ikerketak esaten dutenak zer adinarekin heltzen den emakume bat bere lehen film luzea egitera eta normalean gizonezkoek baino askoz nagusiagoak izaten dira. Imajinatzen dut badela arazo estrukturala eta gure gizartearen kulturari lotuta eta emakumeok betetzen ditugun esparruei lotuta dagoela. Azken urteetan asko hitz egiten ari gara emakumeon lanez, emakume zinemagileen lorpenez… eta horrenbeste hitz egiten dugu, seguraski aurretik ez direlako egon, eta horretan datza alderaketa. Hala ere, esango nuke hori ere badela zeinbat ekimenen fruitu. Adibidez, Euskal Herriko NOKA programa, emakume zinemagileei bideratutako erresidentzia artistikoa; Ikusmira Berriak bezalako erresidentziak, hasieratik parekidetasuna lortzeko irizpidea jarraitu dutenak; HEMEN, euskal zinemagileen elkartearen Aukera programa eta bestelako instituzio, , eta erakunde eta dirulaguntzak esleitzen dituzten agenteek ere hori balorean jarri izan dutelako. Beraz, orain ari gara momentu berezi hau bizitzen emakume zinemagile euskaldunok, oro har. Uste dut euskal zinemagintza orokorrean zabaltzen ari dela eta teknikarien esparruan profesional ikaragarri gehiago eta hobeak dauzkagu. Horrek ere sortzen du aukera atzerriko ekoizpenak gure herrialdera erakartzeko, eta horrek gure ehundura garatzen eta aberasten du.

Agerikoa da ekosistema handi honetan kulturaren alde jartzen diren neurri guztiek badutela eraginak, epe ertainean ikusten direnak eta horrek bultzatu behar gaitu epe luzera etorkizunean lorpen eta emaitza gehiago ikusi ahal izateko. Honek guztiak izan dezakeen eragin finala gizartearen aberastasuna da, geroz eta demokratikoa eta anitzagoa da, non adin, genero eta maila sozioekonomiko ezberdinetatik datozen pertsonek aukera daukaten haien historiak kontatzeko eta errelatoak sortzeko.

 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu