Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Saria: izen-emateak irekita

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-06-03

Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak 5. edizioa izango du aurten, eta bertara hautagaiak aurkezteko epea gaurtik ekainaren 28ra bitarte egongo da irekita. Saria 2015. urtean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak euskarazko literaturaren itzulpengintza sustatu eta balioan jartzeko.

Etxepare - LABORAL Kutxa Itzulpen Sariak 5. edizioa izango du aurten, eta bertara hautagaiak aurkezteko epea gaurtik ekainaren 28ra bitarte egongo da irekita. Saria 2015. urtean sortu zuten Etxepare Euskal Institutuak eta LABORAL Kutxak euskarazko literaturaren itzulpengintza sustatu eta balioan jartzeko.

Ekimenak, jatorriz euskaraz idatzitako literatura-lanen itzulpenak saritzea du xede, itzulpenak baitira euskal idazleak eta euren lanak nazioartean ezagutzera emateko zubia. Halaber, sari honek itzultzaileen ezkutuko lana ere nabarmendu nahi du.

Mundu osoko itzultzaile eta argitaletxeak aurkeztu daitezke sarira, betiere ondorengo baldintzak betetzen badituzte: aurkeztutako liburua jatorriz euskaraz idatzitako eta argitaratutako literatura-lan baten itzulpena izatea, eta itzulpen hori 2018. urtean argitaratutakoa izatea. Eskabideari dagokionez, itzultzaileak berak, argitaletxeak edota liburugintza, literatura edo itzulpengintzaren arloko beste eragile batek egin dezake.

4.000 euroko sari bakarra emango da, itzultzaileak eta argitaletxeak erdibana banatzekoa. Izan ere, irabazleak nortzuk diren erabakitzeko orduan aintzat hartzen dira bai itzulpenaren kalitatea, baita literatura-lana argitaratu duen argitaletxearen sustapen plana ere. Halaber, 2.000 euroko laguntza jasoko dute irabazleek saria jasotzera Euskal Herrira etortzeko edota literatura-lana argitaratu den herrialdean sustapen lanarekin (aurkezpenak, publizitate kanpainak, etab.) jarraitzeko.

Sari banaketa ekitaldia Itzultzaileen Nazioarteko Egunaren inguruan (irailak 30) izango da, Etxepare Euskal Institutuak eta Laboral Kutxak aurrerago adostuko duten lekuan eta egunean. Epaimahaia, berriz, itzulpengintzaren arloko, Etxepare Euskal Institutuko eta LABORAL Kutxako hainbat ordezkarik osatuko dute.

Sari honek Etxepare Euskal Institutuak euskal kultura sustatu eta nazioartean ezagutzera emateko lantzen dituen lan-ildoekin bat egiten du. Literaturaren alorrean, itzulpenak egiteko diru-laguntzak eskaintzeaz gain, euskal idazleentzat bidaia-poltsak ematen ditu eta nazioarteko liburu azoka eta literatura jaialdietan euskal idazleek parte hartu eta euren lanak aurkeztea ahalbidetzen du. Halaber, sari honen bitartez LABORAL Kutxak euskara eta euskal kulturarekiko konpromisoa berresten du.

Sariaren oinarriak esteka honetan aurki daitezke.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.