Etxepare Euskal Institutuak bat egin du Euskaraldiarekin, arigune bilakatuta
Euskara. Kultura. Mundura.
Hitzez ekiteko garaia heldu da. Bi urteren bueltan, Euskaraldiaren edizio berria abiatu da, azaroaren 18tik abenduaren 2ra burutuko dena. Kaleak beteko ditugu berriz ere, euskaraz hitz egitea inoiz baino errazago izan dadin. Belarriprest eta ahobiziek aukera berriak izan ditzagun ibiliko dira txapak jantzita, auzoz auzo, herriz herri eta arigunez arigune euskararen erabilera sustatuz. Etxepare Euskal Institutuak ere modu aktiboan hartuko du parte ekimenean, ariguneak sortuz eta bertako langileen parte hartzearen bidez.
Ariguneak euskaraz lasai aritzeko lekuak dira eta euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro. Norbanakoak arigunean ahobizi edo belarriprest izatea erabakitzen du.
Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz egingo dute uneoro. Kideek euskaraz ulertzen ote duten ez jakitean lehen hitzak, beti, euskaraz egiten ditu; euskaraz ulertzen badute, euskaraz jarraitzen du. Belarriprestek, bestalde, aldiro erabakitzen dute euskaraz noiz eta norekin egin. Agian, beti ez du euskaraz egingo ulertzen duten guztiekin, baina euskara dakitenek euskaraz hitz egitea nahi du.
Entitateek ere parte hartu dezakete Euskaraldian, ariguneak sortuz zein bertako langileak ahobizi eta belarriprest roletan izen ematera animatuz, ariketa sozialetan modu kolektiboan ere parte hartuz. Etxepare Euskal Institutuak, beste behin, bat egingo du ariketarekin Euskaraldia 2022 euskal gizartean eta munduan zehar zabaltzeko, arigune bilakatuz.
Euskaraldia munduan
Etxepare Euskal Institutuak kudeatzen duen irakurletza sarearen baitan ere bat egingo da Euskaraldiarekin. Denera 13 nazioarteko unibertsitatetan antolatu dira ekintzak irakurleen eskutik, eta gehien gehienak aurrez aurrekoak izango dira.
Chicagoko Unibertsitatea, Universitat Autònoma de Barcelona, Universitat de Barcelona, Freie Universität zu Berlin, Corkeko Unibertsitatea, Helsinkiko Unibertsitatea, Venezia eta Boloniako Unibertsitateak, La Platako Unibertsitatea, Universidad de la República Montevideo, Poznango Unibertsitatea eta Leipzig-eko Unibertsitatea dira askotariko jarduerak antolatu dituzten unibertsitateak. Mintzodromoak, euskararen inguruko hitzaldi eta mahai inguruak, Euskaraldiaren inguruko aurkezpenak, irakurketa literarioak, euskal filmen proiekzioak, dantza ikastaroak eta euskara ikastaro laburrak egitea dago aurreikusita, besteak beste.
Gainera, irakurletza guztietan Euskaraldia eta euskararen eguna ospatzeko lehiaketak egingo dira Instagramen: ikasleei zuzendutako bideo lehiaketa izango da, eta leku baten deskribapena egin beharko dute.