Etxepare Euskal Institutuak eta Bordeleko Université Bordeaux Montaigne unibertsitateak Jean Haritschelhar Katedra sortu dute

Euskara. Kultura. Mundura.

2016-09-13

Etxepare Euskal Institutuak eta Université Bordeaux  Montaigne unibertsitateak hitzarmen bat sinatu berri dute Bordelen, euskal ikasketak bertan sustatzearren. Hélène Vélasco-Graciet unibertsitateko presidenteak eta Mari Jose Olaziregi Institutuko Euskara Sustatu eta Hedatzeko zuzendariak eta unibertsitate alorreko arduradunak izenpetu duten akordioaren ondorioz, “Jean Haritschelhar Katedra” abian jarriko dute Bordeleko unibertsitate horretan 2017. urtean.

Katedra berri honek Jean Haritschelharren ikerketa eremu izan ziren euskal ikasketak, bereziki literatura eta linguistika, eta iberiar ikasketak sustatzea du helburu, Haritschelharren beraren izpiritu izan ziren nazioarteko eta mugaz gaindiko harremanak  bereziki zainduz. Hala, datorren urtean hitzaldi ireki bat eta nazioarteko mintegi bat École Doctorale deitutakoaren baitan antolatuko dituzte, eta, mugaz bestaldeko elkarlanari eutsiz, irakasleak hitzaldiak eta eskolak emango ditu UPV/EHU-n eta Baionako IKER Ikerketa gunean.

Hitzarmenaren sinadura ekitaldian, Jean Haritschelhar irakaslearen gaitasun akademiko eta diplomatikoa, eta eskuzabaltasuna ekarri zituen gogora Mari Jose Olaziregik -gertutik ezagutu zuen, Euskaltzaindiako Literatura Ikerketa Batzordeko kide izan baitziren biak-. “38 urtez aritu zen Haritschelhar Euskaltzaindian, zuzendaritza kargu desberdinetan, eta hainbat ikerketa kaleratu zituen 400tik gora sarrera dituen bere argitalpen zerrendan”, nabarmendu zuen Olaziregik. “Langile porrokatua, katedra honekin saiatuko gara bere ekarpena ohoratzen eta berak hasitako hainbat bideri jarraipena ematen”. Eta hori guztia Frantzian Euskal Ikasketen lehenengo katedra sortu zen unibertsitate esanguratsuan, Bordeaux Montaigne unibertsitatean.

Sinaduraren ondoren Katedraren ardura akademikoa duen taldea ere bildu zen, honako adituek osatzen dutena: Frédérick Boutoulle  Université Bordeaux  Montaigne unibertsitateko Nazioarteko Harremanetako burua,  Jean Casenave eta  Aurelia Arcocha katedradunak (UBM), IKER guneko zuzendari Ricardo Etxepare eta Mari Jose Olaziregi (EEI/EHU) bera. Adostu zutenez, Katedra berriaren lehen programak, 2017ko udaberrian mugaz bi aldeetan burutuko denak, eleaniztasuna izango du ardatz.

Jean Haritschelhar Katedra Etxepare Euskal Institutuak zabaldu duen zortzigarrena izango da; hauek dira, hain zuzen, 2011. urteaz geroztik Institutuak nazioartean sortu dituenak:  Bernardo Atxaga Katedra (CUNY, New York),  Koldo Mitxelena Katedra (University of Chicago), Eduardo Chillida Katedra (Goethe Universität Frankfurt),  Manuel Irujo Katedra (University of Liverpool),  Jon Bilbao Katedra (University of Nevada-Renoko), Eloise Garmendia Bieter Katedra  (Boise State University) eta William A. Douglass Katedra (University of Massachusetts Amherst).

Emaitza aipagarriak ematen ari den katedra sare honek, euskal ikerlariak nazioarteko unibertsitate gune entzutetsuetan graduondoko irakaskuntza eta ikerkuntza burutzea dute helburu, Euskal Ikasketak nazioartean hedatu eta sendotzeko Institutuak Mari Jose Olaziregiren gidaritzapean azken bost urteotan zehaztutako estrategiaren barruan. Euskal Literatura eta Linguistika, Ikasketa Kulturalak, Ikasketa Politikoak, Artearen Historia eta Teoria ikasketak, Euskal Diaspora Ikasketak...horra, orain artean, katedra horietan landu diren ikerketa arloak.

Ikasturte honetako eduki zehatzei dagokienez, udazken honetan hiru programa burutuko dira; lehen bietan Olaziregi ere izango da, gonbidatu gisa:

Irailaren 26an William A. Douglass Katedraren lehen programa zabalduko da University of Massachusetts Amherst unibertsitatean, eta Douglassek berak emango du zabaltze hitzaldia. “William Douglass, Basque Studies and the Anthopology of Europe” nazioarteko sinposioa ere egingo dute, honako adituen partaidetzarekin: Caroline Brettell, Susan Carol Rogers, Sharon Roseman eta Joseba Zulaika

Bernardo Atxaga Katedraren programa akademikoa urriaren 5etik 7ra bitartean izango da, City University of New York-eko Graduate Center gunean. Aurtengo Mintegiak “Language ideology and Political Practice in Basque Language Revival” du izenburu eta Jacqueline Urla eta Esti Amorrortu Gómez izango dira irakasleak.

Eta Frankfurteko Goethe Universität Unibertsitateko Eduardo Chillida Katedraren programa urriaren 17an hasiko da, eta otsailaren 10era arte iraungo du. Nina Schallenberg doktoreak diseinatu du "Politics of Sculpture in Public Space" aurtengo programa, eta berak irakatsiko ditu programak eskainiko dituen bi ikastaroak eta tailerra.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu