Etxepare Institutua Europako Kultura Foroan
Euskara. Kultura. Mundura.
Etxepare Euskal Institutuak Europako Kultura Foroan parte hartu zuen pasa den ostegun eta ostiralean, Milanen, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari bezala. Europako Batzordeak bi urtero antolatzen duen erreferentziazko topaketa honetan europako kultura eta sormen industrien alorreko eragile nagusiak elkartzen dira Europar Batasunaren politika eta egitasmoak eztabaidatu, Europa mailako kultur lankidetza estutu eta kultur diplomazian sakontzeko.
Europako Batzordeak gonbidaturik, osoko bilkuran hitza hartu zuen “eskualde europar” bakarra izan zen Euskadi. Bertan, EBk kulturaren alorrean dituen erronkei aurre egiteko eskualde eta nazionalitateen ekarpena defendatu zuen Etxeparek. 2018. urtean zehar aurkeztuko den Kulturarako Europar Agenda berrian txertatuko diren lan-ildoen oinarriak landu ziren osoko bilkura horretan.
Irene Larraza, Etxepare Euskal Institutuko Kultura Sustatu eta Hedatzeko zuzendaria izan zen topaketan parte hartu zuen euskal ordezkaria. Epe ertain eta luzera, europan kulturaren dimentsio estrategikoa eta sormenaren ahalmena garatzeko “eskualde europarrak” funtsezko eragile bezala kokatzen dituen narratiba berria defendatu zuen bertan.
Larrazak nabarmendu zuen eskualdeek europako kultur estrategiei eta espezializazio adimentsurako politikei ematen dieten balio erantsia, eta azpimarratu zuen diplomazia kulturalaren eta kultur lankidetzaren alorrean egiten duten ekarpena.
Halaber, kultura eta hizkuntza ez hegemonikoek europarrok partekatzen dugun ondareari egiten dioten ekarpena balioetsi zuen eta kultur aniztasuna Europar Batasunaren lehentasun bezala kokatzearen beharra azpimarratu zuen, baita agintairei bide horretan sakontzeko eskatu ere.
Kulturak elkartasuna sustatzeko, elkar ulertzeko eta gatazkak gainditzeko duen ahalmenaz ere mintzatu zen.
Azkenik, kulturak eta sormenak lurralde garapenean izan dezaketen garrantzia nabarmendu eta Creadis 3 – Smart Specialisation Creative Districts europar proiektua azaldu zuen. Egitasmo honen helburua da lurraldeetako politika publikoen agendak koordinatzea kultura eta sormen industrien (KSI) alorrean berrikuntza eta garapen ekonomikoa bideratuko duen ekosistema lagungarri bat sortzeko. Euskadi -Etxepare Euskal Institutuaren partaidetzarekin- buru duen egitasmo honetan Europar Batasuneko sei lurraldek parte hartzen dute.
Kulturaren “Davos” europarra
Europako Kultura Foroa Europako Batzordeak kultur alorrean antolatzen duen ekitaldi garrantzitsuena da. Topaketa hau funtsezkoa izaten da europako kultur politikan eragiteko, KSIen papera azpimarratzeko eta kulturak Europako Batzordeak dituen lehentasunei egiten dien ekarpena nabarmentzeko. Gainera, aurtengo edizioak hasiera eman zion 2018an ospatuko den Ondarearen Urte Europarrari.
Bilkuran mila pertsona inguru elkartu ziren: kultur alorreko profesionalak; nazioarteko erakundeetako ordezkariak; europako kultur plataforma eta sareetako kideak; erakunde publiko eta pribatuetako ordezkariak; EBko zenbait herrialdetako ministroak, eta EBko zenbait agintari; Jean Claude Juncker, Europako Batzordeko presidentea; Antonio Tajani, Europako Parlamentuko presidentea; eta Tibor Navracsics, Hezkuntza, Kultura, Gazteria eta Kiroletako komisarioa, besteak beste.