Europako I. Podcast Lehiaketa egin dute Valentziako eta Madrilgo euskal etxeek

Euskara. Kultura. Mundura.

2023-06-30

Aurten lehenengo aldiz Valentziako eta Madrilgo euskal etxeak Etxepare Euskal Institutuaren laguntzarekin podcast lehiaketa bat antolatu dute Europako euskal etxeen artean euskararen erabilera eta zabalkuntza sustatzeko asmoz. Lehiaketa euskal diasporako euskaldunei eta Euskal Herritik kanpo euskal etxeetan, hizkuntza eskoletan, eta irakurletzatan euskara ikasten dutenei zuzenduta egon da.  

Audio-lanak Valladolid, Valentzia, Madril eta Bordeleko Euskal Etxeetatik eta Valentziako Hizkuntza Eskolatik aurkeztu dira. Valentziako eta Madrilgo Euskal Etxeetako irakasleek osatutako epaimahaiak aurkeztutako 14 lanen artean bi podcast irabazleak aukeratu ditu. Erabakia hartzeko hizkuntzaren egokitasuna, originaltasuna, sormena eta lanaren kalitate teknikoa baloratu dira. Madrildik bidalitako bi podcast irabazleak ‘Akelarre Festa’ eta ‘Winnipeg’ izan dira. 

Sari banaketa egiteko ekitaldia egin zuten Valentzian pasa den ostiralean, hilaren 23an. Bertan, irabazleak iragarri eta jasotako podcasten aukeraketa egin zen. Ekitaldia aurtengo euskara ikasleen agur-festa ere izan da. Sariak Etxepare Euskal Institutuak emandako euskarazko liburu, eta ikus-entzunezko material sorta izan dira. 

Hala ere ospakizunak ez dira amaitu, hilaren bukaeran Madrilgo Euskal Etxean Europako I. Podcast Lehiaketari aipamena egiteaz gain, euskarazko XI. Poesia Lehiaketaren sari banaketa ere egingo da. Madrilgo Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutua, Susa Argitaletxea eta Erein argitaletxearen laguntzarekin antolatutako Euskarazko XI. Poesia Lehiaketaren lehenengo sariduna Aingeru Otxotorena Uralde izan da, ‘Maite Min’poemarekin. Aitzitik, euskal etxeko bazkideen arteko saria Maria Izaga Aguirrek irabazi du ‘Bidali gabekoak’ poemarekin. 

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu