Euskadi Literatura sariak banatuko dituzte gaur

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-11-24

Euskadi Literatura sariak jasoko dituzte ostegun honetan, azaroak 24, aurtengo zazpi idazle sarituek. Euskarazko literatura, Gaztelaniazko literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura, Euskarazko literatura itzulpena, Literatura lanaren ilustrazioa, Euskarazko saiakera  eta Gaztelaniazko saiakera kategorietako sarituak Donostiako Tabakaleran elkartuko dira saria jasotzeko.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren Euskadi Literatura Sariek gure literaturaren uztarik interesgarriena saritzen dute. Gure sortzaileen lana aintzatetsi nahi dute horrela, haien lana aitortu, eta idazten jarraitzera animatu. Egileei eta haien lanei ikusgarritasun handiagoa ematea ere bilatzen dute. Eta, azkenik, irakurzaletasuna sustatzea ere badago helburuen artean. Herritarrengan istorio berriak irakurtzeko gogoa piztea, hain zuzen.

Uxue Apaolaza, Leire Bilbao eta Maite Mutuberriak Euskarazko Literatura, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura eta Literatur Lanaren ilustrazioa modalitateetan, hurrenez hurren, ‘Bihurguneko nasa’, ‘Barruko hotsak’ eta ‘Irrimola’ lanengatik.

Bestalde, Edurne Portela (Los ojos cerrados), Koro Navarro (Fiesta, Eguzkia jaikitzen da), Irati Jimenez (Begiak zabalduko zaizkizue) eta Teresa Maldonado (Hablemos claro) idazleek irabazi dituzte Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz ataletakoak.

Hausnarketa aberatsa

Lourdes Otaegik, Ane Labakak, Jon Martinek, Yurre Ugartek eta Josu Jimenezek osotu dute Euskarazko Literaturako epaimahaia eta beraien iritziz Uxue Apaolazaren ‘Bihurguneko nasa’ liburuak “identitatearen eta alteritatearen inguruko hausnarketa aberatsa eskaintzen du. Atseginez irakurtzen den prosa gihartsuan idatzia dago, eta elaborazio literario zehatzak nolabaiteko gordintasuna ere ematen dio, soberako azalpen eta luzamendu oroz soildurik. Edukiari ederki egokitzen zaion hizkera da, hiri handiko herrestaren dinamika bizian -ustekabean- irakurleak protagonistaren begirada ernea sumatuko du detaileen tolesduretan sakontzen”.

Bestalde, Leire Bilbaoren ‘Barruko hotsak’ lanari buruz epaimahaiak uste du “forma aldetik, poesia bisuala dela, kaligramaren generoa berritzen duena, errimaz eta erritmoz betea. Liburuko testuaren, tipografia-jolasen eta irudien ustekabeko uztarketek eragiten duten txundidurak askotariko irakurketak egiteko aukera eskaintzen duena”.

Manuel Lopezek, Larraitz Idarretak, Karla Fernandez de Ganboak, Ziortza Onaindiak eta Patxi Zubizarretak osotutako epaimahaiak gaineratu duenez, “Barruko hotsak belarriekin irakurri eta begiekin entzuteko moduko liburua da, jolastia eta umore finez josia. Nabarmentzekoa da, orobat, liburuaren konposizio-, maketazio- eta ilustrazio-lan bikaina”.

Maite Mutuberriak berak Irrimola’ liburuagatik jasoko du aurtengo Literatur Lanaren Ilustrazioaren kategorian Euskadi Literatura saria. Epaimahaiarentzat Mutuberriaren lanak “album ilustratuaren kontzeptua beste dimentsio batera eramaten du, formatu zirkularrean diseinatutako liburu-objektu bat, zeinaren konposizioak esperimentazioa eta irakurketarekin jolastea ahalbidetzen duen. Ilustrazioen atzean landutako kontzeptu bat dago, baliabide grafikoen erabilera egokiarekin batera, irakurtzeko geruza eta modu desberdinak indartzen dituena. Gainera, irudien plangintzak zirkuluaren geometriaren errepikapena baliatzen du beste erreferentzia batzuk gogora ekarriz, hala nola planisferioa edo zootropoak, eta haien irakurketa eta berrirakurketa beti bestelako plazer bihurtzen du, liburua lan agortezin bihurtzen duena”. Javier de Isusik, Maria Altunak, Jon Mantzisidorrek, Yolanda Mosquerak eta Miren Asiaienek osotu dute Literatur Lanaren Ilustrazioa modalitateko epaimahaia.

Sari gehiago

Edurne Portelak Gaztelaniazko Literaturaren saria irabazi du, Koro Navarrok Euskarazko Literatura Itzulpenarena, Irati Jimenezek Saiakera Euskaraz kategoriakoa eta Teresa Maldonadok Saiakera Gaztelaniaz atalekoa. ‘Los ojos cerrados’ (Galaxia Gutenberg), ‘Fiesta Eguzkia jaikitzen da’ (Ernest Hemingway) (Erein&Igela), ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ (Elkar) eta ‘Hablemos claro’ (Catarata) lanengatik egin dizkiete aitortzak, hurrenez hurren.

Bestalde Euskarazko Literatura Itzulpenaren kategoriako epaimahaiak uste du Koro Navarrok liburuak duen balio literario handiari erantzuteko, jatorrizko testuaren indarra eta bizitasuna ez galtzeko erabaki egokiak hartu dituela. Aintzane Ibarzabalek, Idoia Gilleneak eta Idoia Santamariak osotu dute Euskarazko Literatura Itzulpenaren Euskadi Literatura saria erabaki duen epaimahaia.

Irati Jimenezen ‘Begiak zabalduko zaizkizue’ lanak Euskadi Literatura Saria jaso behar duela erabaki duen epaimahaian Alexander Gurrutxagak, Ane Miren Larrinagak, Aitor Zuberogoitiak, Katixa Agirrek eta Xabier Aierdik parte hartu dute. Beraien erabakian Jimenezen liburuak “hipotesi ausartak” proposatzen dituela azpimarratu dute eta gaineratu dutenez “testuak badu probokaziotik ere, eta nahi duenean badaki politikoki zuzena ez izaten. Aipagarria da irakurleari etengabe interpelatzeko egiten duen ariketa, honengan gogoeta sorraraziz. Liburuaren tonuak literaturarekiko pasioa, maitasuna eta grina transmititzen ditu, eta estilo aldetik landua eta pertsonala da”.

Epaimahaiko kideen ustetan Portelak “kontatutakoaren eta kontatu gabekoaren arteko tentsioa sortzen duen ikuspuntu joko aberasgarria ezartzen du, eta orainaren eta iraganaren arteko elkarrizketa proposatzen du, erruari eta barkamenari buruz hausnartzeko”. Txani Rodriguezek, Javier Maurak, Aixa de la Cruzek, Jesus Camarerok eta Patricia Millanek osotu dute Gaztelaniazko LIteraturako aurtengo epaimahaia.

Azkenik Gaztelaniazko saiakerako epaimahairentzat Teresa Maldonado “estilo bereziki zehatz eta argiarekin, gai konplexu eta polemiko bat modu zehatz eta errazean baina zehaztasunez heltzeko gai da”. Mikel Reparazek, Iñigo Maraurik, MªJesus Pandok, Ainhoa Novok eta Javier Camarrak osotu dute Gaztelaniazko Saiakerako epaimahaia.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu