Euskal antzerkigintza: erraldoia eta txindurriarena

Euskara. Kultura. Mundura.

2021-09-03

Eszena zabala da antzerkigintzarena Euskal Herrian. Euskal Autonomia Erkidegoan, Nafarroan eta Iparraldean bizi dituen egoera desberdinak aztertu eta jaso dituzte Aizpea Goenaga eta Pedro Bareak ‘BASQUE. Antzerkia’ liburuan, batik bat zentratuz antzerkigintza euskaldunaren produkzioan. Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditatu den lana da. Lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta, aurten plazaratuko da sorta guztia.

Izan ere, Goenagak azaltzen du zenbateraino den hizkuntza “oso funtsezkoa” kultur adierazpide honetan: “bai garapenean, bai ekoizpenean, bai eta zabalkundean ere. Haurrei zuzendutako antzezlanak euskara hutsean gehien egiten direnak dira. Konpainia profesional oso gutxi dira, ordea, helduei zuzendutako antzezlanak euskaraz bakarrik ekoizten dituztenak”.

Euskaraz egindako antzerkiaren bigarren ezaugarri edo baldintza nagusia mugikortasuna da. Taldeak bere antzezlanaren emanaldi bakarra egin ohi du herri edo antzoki bakoitzean; euskal antzerkiaren aurkezpen-eredua emanaldi edo bolo solteena da. Bi bertsio badituzte, euskarazkoa eta erdarazkoa, antzoki berean bi saio egin ohi dituzte, baina ez da ohikoa egun bat edo bi baino gehiago leku berean antzezten aritzea.

Ondorioz, muntaia errazekoak izaten dira, hots, tamainaz txikiak, aktore gutxikoak eta eszenografia gutxienekoa dutenak. Hirugarren ezaugarria euskal antzerkiaren ekoizpen publikoaren gabezia da. Eta hala ere, “euskal antzerkiaren sorkuntza-maila oso altua da”.

Euskal antzerkiaren historia laburra

Euskal Herrian antzinako garaietatik datoz dantza, festa eta bestelako adierazpen erritualak. Euskal leizeetan agertu diren irudiek gurean ere iraganeko gizarteek erritu-dantzak egiten zituztela erakusten dute. Zorionez, gure herrian, Iparraldean batez ere, gizarteak aurrera egin ahala antzerki-adierazpen tradizionalek bizirik iraun dute. Pastoralak eta maskaradak horren adibide dira. Halaber, Euskal Herri osoan ahozkotasunean oinarritutako adierazpide herrikoiek bizirik iraun dute, batez ere, gure artean hainbeste indar eta garrantzi duen bertsolaritzak oso bizirik dirau.

Jasota dagoen lehen antzerki-testua XVIII. mendekoa da. Pedro Ignacio Barrutiaren ‘Acto para la Nochebuena’ edo ‘Gabonetako ikuskizuna’. Barrutia Arrasateko eskribaua izan zen. Bere antzezlan labur hau XIX. mendean aurkitu zuten, eta Resurreción María Azkuek Euskalzale aldizkarian argitaratu zuen lehenengo aldiz.

XVIII. eta XIX. mendeetako euskal antzerkiaren ondoren, euskal antzerkia nola munduari begira jarri zen kontatzen du Goenagak. XX. Mendeko lehen erdialdea zen, eta kezka unibertsalei begira hasi zen, adibidez, Toribio Altzaga (Donostia, 1861-1941), euskal antzerkiaren sustatzailerik garrantzitsuenetakoa bilakatuz. Altzaga eta bere kideek, lanean hasi eta berehala, antzezlan-errepertorio zabala prestatu zuten eta Euskal Herrian barrena antzeztu zituzten.

Hegoaldeko euskal antzerkia Bigarren Errepublika garaian berrindartu egin zen. Talde-lana eta kolektibitate-izaera baliotsua zituen. Ondo pasatzeko eta ondo pasarazteko jarduera zen. Belaunaldi ezberdinak bateratzen zituen eta balioak zabaltzen zituen. Oro har, euskara eta euskaltzaletasuna indartzeko tresna biziki indartsua bihurtu zen.

Diktaduraren lehen hamarkadaren ondoren, poliki-poliki, antzerkia berpiztu egin zen. Asko, elizaren babespean sustatutako lanak izan ziren; helburu zituzten euskara eta gizarte abertzalearen espiritua bizirik mantentzea. 1960 eta 1970eko hamarkadekin, haize berritzaileak heldu ziren teatrora, eta aurreko mendeetatik jasotako antzerki tradizional, herrikoi eta balio kristauetan zein abertzaleetan oinarritutakoaren aurrean, hainbat gazte-talde antzerki modernoa eta berritzailea egiten hasi ziren.

Bi hari-mutur horien bueltan sortu zen garaiko antzerkigintza, demokraziaren lehen urteekin batera heldu zen arte antzerki-sorkuntzaren garapena. Maila artistikoa ere sendotu zuten, batez ere gaztelaniaz, eta euskaraz ere bai, haurrei zuzendutako ikuskizunetan gehienbat. Sekulako lana egin zuten hizkuntzaren normalizazioan antzerki talde zein aktore euskaldunek, euskara teknikoegiaren kontra eta hizkuntza bizia sortzeko.

Horrela, liburuak errepasatzen ditu lehen antzerki taldeen elkarteak, antzerki jaialdiak, lehen euskal talde profesionalak, antzoki sareak, eskolen sorrera eta jardunaldi zein topaketak. Baita ere, dirulaguntzak, erakunde publikoekin elkarlana… Sektorearen profesionalizazio prozesua, finean. Taldeetatik edo eskoletatik irtendako aktoreen lana maila handikoa zen, teknikariak espezializatzen joan ziren eta zuzendariek ere lengoaia dramatikoa garatu zuten.

Kalitatezko antzerki prekarioa

XXI. mendeko teatrogintzaren inguruan egileak nabarmentzen duen lehen ezaugarria da sortzaile nahiz langileen prekarietatea. “Alde batetik, kalitate handiko muntaiak egiten dira, bai maila artistikoan, bai estetikoan, bai poetikoan, baita jorratzen diren gaiei dagokienean ere, baina mundu globaleko paradigma gure eszenara ere iritsi da; hots, nahiz eta antzerkiaren kalitatea oso ona izan, kultura kontsumitzeko beste ohiturek publikoaren beherakada ekarri dute”.

Azken bi hamarkaden errepasoaren ostean, Pedro Bareak  euskal antzerkiaren gaiak ditu aztergai, frankismo garaiko euskarazko antzerkitik hasita. Nazionalismoak, identitatea, terrorismoa, mitoak, gerrak, ongiaren eta gaizkiaren arteko tentsioa…

Emakumeek euskal antzerkiari emandakoa ere aztertzen du, ‘Bultzada femeninoa euskal antzerkian’ izenburuko atalean. Antzerki alternatiboaren garai heroikoei dagokienez, zenbait emakumeren gidaritza eta lidergoa guztiz nabarmentzekoak dira; hortxe daude, esate baterako, Ofelia Rivero (Ateneo, Akelarre) eta Maribel Belastegi (Orain), bai eta Enkarni Genua (Txotxongilo) txotxongilolari historikoa, Carmen Ruiz Corral (Denok eta Gasteizko Eskola) eta Maite Agirre (Agerre Teatroa) ere, denak ere 1960 eta 1970eko hamarkadetako belaunaldi abangoardistetako kideak. 1980an iritsi zen hurrengo oldea, bikain-bikaina hura ere, eta tartean zeuden, besteak beste, Yolanda Martínez (Mari Urrike taldeko burua), Elena Armengod (Bekereke taldekoa; Cuando el hielo arde [«Izotza sutan»] lanaren egilea da), Elena Bezanilla, Andaluzian irakasle dabilena, Helena Pimenta (UR, Kataluniako Antzerki Konpainia Nazionala, Galiziako Antzerki Zentroa eta Zentro Dramatiko Nazionala), Ana Pérez (Legaleon), Olatz Beobide zuzendari eta aktorea, Mireia Gabilondo (Antzerti, Tanttaka), eta Agurtzane Intxaurraga (Hika).

Antzezlan ugari ere nabarmentzen ditu. Eta azaltzen du nola landutako gaitegia ez den izan beti feminista. Hala ere, nabarmentzen du idazleak zenbait gai lantzean, ez dela paradoxikoa emakumezkoak nagusitzea. Generoari dagokionez, hiru gai-ildo gailendu dira: “batetik, kultura matxista bateko ekintza politikoaren nolakoa; bestetik, askapen sexualaren aldeko borrokan dabiltzan emakumeen ikuspegia; eta, azkenik, askoz unibertsalagoa den indibidualismo eta errealizazio pertsonalaren gaia, gizonezkoek ere partekatzen dutena, baina emakume gisa lortzen zailagoa dena”.

Liburua ixteko, tartea hartzen dute euskal artisten diasporari begiratzeko, eta sektorearen azpiegituraren analisia egin zein euskarazko dramaturgiaren garapena errepasatu eta etorkizunean datorrenaren inguruan ere hausnartzeko.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu