Euskal dokumentalgintzak arrakasta izan du Sunny Side of the Doc azokan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-07-15

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azokak ateak itxi ditu beste urte batez, eta bertan izan diren euskal ekoiztetxeek egun horietan egindako lanaren balorazio positiboa egin dute. Etxepare Euskal Institutuak, Eiken klusterrak eta Zineuskadik antolatutako Basque Audiovisual standaren irudi berriak harrera ona izan du, eta bertan izan dira koordinazio lanetan Etxepare Euskal Institutuko eta Eikeneko hainbat kide.

Sunny Side of the Doc dokumentalen nazioarteko azokak ateak itxi ditu beste urte batez, eta bertan izan diren euskal ekoiztetxeek egun horietan egindako lanaren balorazio positiboa egin dute. Etxepare Euskal Institutuak, Eiken klusterrak eta Zineuskadik antolatutako Basque Audiovisual standaren irudi berriak harrera ona izan du, eta bertan izan dira koordinazio lanetan Etxepare Euskal Institutuko eta Eikeneko hainbat kide.

15 euskal ekoiztetxe egon dira aurten Arroxelako azokan, ekainaren 24tik 27ra: Nafarroako 3, Ipar Euskal Herriko 1 eta EAEko 11. Guztira, inoiz baino euskal ordezkari gehiago izan dira aurten azokako Basque Audiovisual standetik pasa direnak: 23, hain zuzen ere. Ekoiztetxeko eta erakunde antolatzaileetako kideei, SSIFF Donostiako Zinemaldiaren baitan Ibaiak antolatzen duen Lau Haizetara Koprodukzio foroko arduradun Catherine Ulmer gehitu zaie.

Azokan izan diren ekoizle eta zinegileek bertan bizitakoaren eta lortutako negozio-aukeren balorazio baikorra egiten dute. Hauek dira aurten bertaratu diren ekoiztetxeak: Arena Comunicación, On Produkzioak, Gastibeltza Filmak, Media Attack, Sonora Estudios, Haruru Filmak-Kooperatiba, Komiki Films S.L., Pimpi & Nella Films, Fascina Producciones, Taui Media S.L., Maluta FIlms, Tentazioa Produkzioak, Sincro Producción eta Brisney S.L.

Lan harreman asko jorratu dituzte euskal ekoiztetxeek azokak iraun dituen egunetan. Fascina Producciones-eko Alfredo Torrescallesek dio “Aurretik zehaztutako bilerek eta gauzak inprobisaziorako ez uzteak, denbora gutxian lan gehiago egitea ahalbidetu” diela. Pinpi & Nella Films ekoiztetxeko Iratxe Fresneda zinegileak, bestalde, “azokako decision maker-ekin bilera asko” egin dituztela aipatu du; “horietatik guztietatik, interesa batez ere Canada, Eskozia eta Espainiatik heldu da”. ON Produkzioak ekoiztetxeak ere “Bolante Baten Historia dokumentala banatzeko kontaktu batzuk” lortu dituztela esan digu Iban Toledok. Akordio zehatzetara iritsi gabe ere, “kontaktu interesgarrietara iritsi eta horiekin etorkizunean akordioren bat sinatzeko bideak irekitzeko” aukera izan du, besteak beste, Emana Films ekoiztetxeko Miguel Gomezek. “Ekoiztetxe guztien partetik, dokumentalgintzaren munduko azokarik garrantzitsuena den honetan bizitako esperientzia oso baikorra izan dela jaso dugu”, diosku Etxepare Euskal Institutuko ikus-entzunezko teknikari Alex Aginagaldek.

Ekoizpen etxeen bilerez gain, networking gosari bat antolatu da Basque Audiovisual standean Celtic Stand-eko kideekin: BBC Alba (Eskoziako telebista Gaelikoa), TG4 (Irlandako Telebista gaelikoa), Ipar Irlandako Telebista, eta Gales, Eskozia eta Irlandako bost ekoiztetxek parte hartu dute topaketan, 11 euskal ekoiztetxerekin batera. Catherine Ulmerrek, tartean, bilera horren balorazio ona egin du: “Ideia bikaina iruditu zait; koprodukzio aukera asko sortu baitira bertan”.

Orotara, urtetik urtera, euskal ikus-entzunezko sektorearen presentzia gero eta nabariagoa izaten ari da munduan zeharreko hainbat azokatan; eta hori bistan geratu da baita ere Sunny Side of the Doc-en 2019. urteko edizioan.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu