Euskal hizlariak Hizkuntza Indigenen Nazioarteko Urtearen Kongresuan

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-10-29

2019a Hizkuntza Indigenen Urte gisa deklaratu zuen UNESCOk eta, horren harira, nazioarteko kongresu bat antolatu du Indianako (AEB) Purdue unibertsitateak. Urriaren 30etik azaroaren 2ra bitarte, munduko bazter ezberdinetatik etorritako adituak egun hizkuntza indigenek dituzten erronken inguruan mintzatuko dira.

2019a Hizkuntza Indigenen Urte gisa deklaratu zuen UNESCOk eta, horren harira, nazioarteko kongresu bat antolatu du Indianako (AEB) Purdue unibertsitateakUrriaren 30etik azaroaren 2ra bitarte, munduko bazter ezberdinetatik etorritako adituak egun hizkuntza indigenek dituzten erronken inguruan mintzatuko dira.

Lau eguneko egitasmo honetan dozenaka hitzaldi eta mahai-inguru izango dira, goizetik arratsalderako egitarauetan banatuta. Horien artean, euskal hizlariak ere izango dira. Esaterako, urriaren 31n, Ane Ortega, Arkaitz Zarraga eta Andoni Barreña adituek hainbat urtez Kolonbiako Nasa indigenekin Yuwe hizkuntza biziberritzeko helburuz egindako elkarlanaren berri emango dute, “Creating networks and partnerships for indigenous language revitalization: the Nasa-Basque experience” izeneko hitzaldian. Azaroaren 1ean, ostera, Amaia Gabantxo itzultzailea euskal poesiaren itzulpengintzaren inguruan mintzatuko da “From the Square to the Page, and onto the other Page: The Order of Things in Basque Poetry in Translation” izeneko hitzaldian.

“International Year of Indigenous Languages 2019: Perspectives Conference” izeneko nazioarteko kongresu honek komunitate eta hizkuntza indigenak goraipatzea du helburu, eta ahots ezberdinen bitartez elkarlana bultzatzea. Gai hauek jorratuko ditu batik bat: hizkuntza indigena duten komunitateen lorpenak; komunitateekin egindako elkarlanak; hizkuntzen biziberritze eta mantentzerako hezkuntza politikak; hizkuntza indigenen egoera XXI mendean; ahots indigenak kultura popularrean (sare sozialetan, fikzioan, poesian, filmetan edota hip hop-ean); eta hizkuntza indigenak eta hizkuntza-aniztasuna.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu