Euskal idazleak Bruselako liburu azokan
Euskara. Kultura. Mundura.
Otsailaren 14tik 17ra bitarte iraungo du aurtengo Bruselako Liburu Azokak. 50. urtea beteko duen zita honetara, bi euskal idazle eta itzultzaile bat gonbidatu dituzte, elkarrekin jarduera batean parte hartzeko: Karmele Jaio, Mikel Santiago eta Edurne Alegria.
Otsailaren 14tik 17ra bitarte iraungo du aurtengo Bruselako Liburu Azokak. 50. urtea beteko duen zita honetara, bi euskal idazle eta itzultzaile bat gonbidatu dituzte, elkarrekin jarduera batean parte hartzeko: Karmele Jaio, Mikel Santiago eta Edurne Alegria.
Karmele Jaiok eta Edurne Alegriak, azokaren programazio ofizialak antolatutako mahai-inguru batean parte hartuko dute, eta Mikel Santiagok nobela beltzaren inguruko foro batean. Era berean, euskal argitaletxeek Europa mailako argitaletxeekin harreman komertzialak garatzeko abagunea edukiko dute, eta euskal literaturaren eskaintza ikusgai egongo da azokan hizkuntza ezberdinetan.
Euskadiren Etxepare Euskal Institutuaren bidezko parte hartzea, EUNIC erakundeak Europako Batzordearekin duen akordioaren markoan sartzen da, Institutua EUNIC-en partaide izanik. Bestalde, Batzordeak aurten “Gure Etorkizunak” lema hautatu du, eta bere stand-ean lema hori hizkuntza ezberdinetan azaltzen duen irudi-horma bat ezarri du. Bertan, Euskarazko itzulpena ere ageri da, Karmele Jaiok idatzitako esaldi batez lagunduta.
Azokaren antolatzaileek euskarazko literaturarekiko interes berezia erakutsi dute aurten; horren adibide da programazio nagusian Karmele Jaio eta Edurne Alegriaren elkarrizketa sartu izana. Bi euskal idazleen jarduerak azokaren lehen egunean, otsailak 14 osteguna, arratsaldeko 17:00etan izango du tartea. Unifier les variations: l’exemple du basque (Ezberdintasunak bateratu: euskararen adibidea) izenpean, mahai-inguru honek, euskararen batasunak itzulpengintzari eman dion bultzadari buruz hitz egitea du helburu. Programazioan aurki daitekeen jardueraren deskribapenak dioenez, euskarak, hizkuntza gutxitua den arren, “eskualde, bailara edota herrien araberako bariazio eta ñabardura asko ditu”, eta, “paradoxikoa bada ere, hizkuntzaren batasunak aberastasun editoriala ekarri du”. Mahai-ingurua Anne Casterman itzultzaileak zuzenduko du.
Hizketaldia amaitutakoan, Jaiok liburuak sinatuko ditu leku berean, Place de l’Europe gunean, alegia. Jarduera hauek TraduQtiv erakundearen eta Etxepare Euskal Institutuaren laguntzaz antolatu ditu Bruselako Liburu Azokak.
Batez ere, frantsesezko literatura lehen planoan jartzeko sortu zen Foire du Livre de Bruxelles 1969. urtean. Frantzia, Suiza, Luxenburgo eta Quebec-etik frantsesezko literaturaren sektoreko profesional asko (argitaratzaileak, idazleak, itzultzaileak…) joan ohi dira bertara, baina baita nazioarteko beste hizkuntzetako literaturaren profesionalak ere. Urtero 70.000 bat bisitari izan ohi ditu azoka handi honek; 500 argitaletxetik gorako 1.100 autore gonbidatu ohi dira; eta 300 jarduera inguru antolatzen dira azokak dituen orotariko guneetan. Aurtengo ohorezko herrialdea Flandes da.