Euskal ikasketen katedra berria Galesen

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-04-07

Etxepare Euskal Institutuak euskal ikasketen katedra berri bat sustatu du Galesen, University of Wales Trinity Saint David unibertsitatean. Aberystwyth hirian egoitza duen Galesaren eta Zeltikoaren Ikasketa Aurreratuko Zentroan (CAWCS ingelesezko siglatan) egongo da kokatuta eta euskal eta galesko soziolinguistika, hizkuntza plangintza eta hizkuntza politikaren inguruko ikerketa eta elkarlan akademikoa sustatzea du helburu, baita euskal eta galestar kultura eta hizkuntzen arteko elkar ezagutza indartzea era. Galesko Unibertsitatean 1985ean sortu zuten CAWCS talde dinamikan oinarritutako ikerketa gune gisa. Ordutik Galesko eta beste herrialde zeltikoetako hizkuntzak, literaturak eta kulturak, eta hauen arteko harremana ditu ardatz.

Alan R. King hizkuntzalari, hizkuntza gutxituen aldeko aktibista eta 2003az geroztik euskaltzain urgazle izen zen ikertzailearen izena daraman katedra berri honen bidez, Galesko Unibertsitateko graduondoko programetan eta CAWCSeko ikerketa foroetan euskal ikasketak sustatuko dira hitzaldi eta mintegien bidez.

Urtero, deialdi ireki bidez hautatutako irakasle edo ikertzaile gonbidatu batek sei asteko egonaldia egingo du Galesko Unibertsitateko  CAWCS zentroan. Egonaldi horren baitan, ikerketa mintegia burutu eta hitzaldi ireki bat eskainiko du hizkuntza politika eta plangintzaren inguruan, Unibertsitateko graduondoko programetako ikasleei  hainbat saio emango dizkie eta hizkuntzalariei zuzendutako euskal gramatika edo hizkuntza mintegi bat ere emango du.

Lehenbiziko irakasle edo ikertzaile gonbidatua hautatzeko deialdia martxan

Alan R. King katedrako lehen irakasle edo ikertzaile gonbidatua hautatzeko deialdia gaur zabaldu da eta maiatzaren 9ra arte (barne) jasoko dira hautagaitzak. Eskabideak Etxepare Euskal Institutuaren webgunean (www.etxepare.eus) eta University of Wales Trinity Saint David unibertsitatearen (www.uwtsd.ac.uk/cawcs) webguneetan aurki daitezke, eta posta elektronikoz bidali beharko dira helbide honetara: canolfan@cymru.ac.uk.

Hautagaia hautatzeko orduan, irakasle eta ikertzaile profilez gain, kontuan hartuko dira euskararen hizkuntza plangintzan, eremu soziolinguistikoko azterketetan eta euskararen alfabetatze munduan ari diren aditu eta profesionalenak ere.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Harpidetu