Euskal kantagintzaren bidea heterogeneotasunera

Euskara. Kultura. Mundura.

2022-04-04

Askotarikoa izatea da euskal kantagintzaren ezaugarri nagusietako bat, ia edozein estilo euskaraz entzuteko aukera baitago, eta kalitate teknikoaren aldetik gero eta disko hobeak argitaratzen dira. Jon Eskisabel Urtuzaga adituak euskal kantagintzaren ibilbide historikoari errepasoa egin dio eta biografia hautatuak garatu ditu ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’ liburuan, ‘Euskal Kultura saila’ liburu bildumaren baitan berreditatu dena. Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen bildumaren lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta ari da izaten sorta guztia.

Urtean 200 bat lan argitaratzen dira euskaraz, badok.eus euskal kantagintzari jarraipena egiten dion atariak argitaratutako datuen arabera. Folk, pop eta rock musikak ia denetarako balio izan du Eskisabelen ustez. Izan ere, lirikarako zein aldarrikapen sozial eta politikoetarako, olgetarako zein engaiamendurako, tradizio zaharren berreskurapenerako zein berrien sorrerarako erabili da.

Mixel Labegerie-k magnetofoian grabatutako lanaren argitalpenak, 1961an, euskal kantagintza modernoari abiapuntua jarri zion. Gitarra espainola erabili zuen, kantuen hitzak eta doinuak berak sortutakoak ziren eta euskal nortasunaren ukazioaren kontrako protesta-kanta ekarri zuen. Euskal kulturaren ernetze aroa zen, eta, urte gutxiren buruan, Ez dok Amairu kolektiboa sortuko zen Jorge Oteiza eskultoreak hala izendatuta. 1965tik 1972ra herri kantutegi tradizionala gaurkotu zuten eta kanpoko eraginetatik edan zuten kantu berriak sortzeko. Talde hartan musikariak eta idazleak elkartu ziren eta, beren ikuskizunetan, kantua, dantza, txalaparta (euskal perkusio tresna) eta poesia uztartu zituzten beste adierazpide batzuekin. Han bildu ziren Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Joxean Artze eta Jose Anjel Irigarai. 1970ean, diktaduraren amaiera zetorrela-eta esperantza errotu zen. Garaiko protesta-kantagintzak utzitako hainbat kantu euskaldunen memoria kolektiboan arrasto ezabaezina utzi dute. Pantxoa eta Peio, Gorka Knorr, Imanol Larzabal, Gontzal Mendibil eta Maite Idirin izan ziren garaiko kantautore nabarmenenak.

Euskal rock-a eta folk-a heldu ziren gero, eta taldeek lekua hartu zieten kantautoreei. Taldeok XX. mende amaierarako euskal herri-musika berria sortzeko lehen urratsak egin zituzten. 1980ko hamarkada rock erradikalarena izan zen. Gizartearen ondoezak sistemaren aurkako jarrera inkonformistak eragin zituen eta punk, ska, reggae, hardcore eta rock taldeak sortu ziren. Gaztelania hizkuntza nagusi izan zuten talde gehienek. Ordurako, folk musikaren alorrean, euskal herri-musika berreskuratzeko ahaleginean ari zen Juan Mari Beltran musikari eta ikertzailea.

Mende hasierari dagokionez, nazioartean bezala, Euskal Herrian ere diskogintzaren alorra nabarmen eraldatu da. Autoekoizpenera egin dute askok, eta hori da, hain zuzen, herri musikan mende berriarekin sortu den fenomenorik aipagarriena. Egun ez dago eszena homogeneo edo nagusirik, eszena txiki ugari dago Euskal Herrian.

Biografia hautatuei dagokienez, hurrengoak landu ditu Eskisabelek: Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Xabier Lete, Imanol, Niko Etxart, Errobi, Itoiz, Beñat Achiary, Ruper Ordorika, Hertzainak, Juan Mari Beltran, Negu Gorriak, Fermin Muguruza, Su Ta Gar, Berri Txarrak, Joseba Tapia, Kepa Junkera, Jabier Muguruza, Anari, Mikel Urdangarin, Glaukoma, Mursego, Izaro Andres, Gatibu, Zea Mays, Willis Drummond, Ken Zazpi, Bide Ertzean eta Maddi Oihenartenak.

Euskal sorkuntzari buruzko bilduma

Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu, orduan plazaratu baitzen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma, euskal sorkuntzari buruzko informazio eguneratu, erakargarri, eta aldi berean, sendoa eskaintzeko asmoz, jakin nahi duten horiengana erraz iristeko moduan aurkeztuta.

Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.

2021 eta 2022an zehar egin da liburuen eguneratzea, elebidunak diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Liburuak eskuragarri daude, doan, formatu digitalean.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu