Euskal kulturari eskainitako bildumako ‘Basque. Bertsolaritza’ liburua, berreditatuta
Euskara. Kultura. Mundura.
Emozioa, inprobisazioa, tradizioa eta aniztasuna uztartzen ditu bertsolaritzak. ‘Basque. Bertsolaritza’ liburuak diziplina artistiko hori aletzen du, Etxepare Euskal Institutuak sustatu duen hamabi kultur adierazpideri eskainitako bildumatik berreditatu den bigarren lanean. Lehen edizio hura duela 8 urte egin zen, eta eguneratuta, aurten plazaratuko da sorta guztia. Joxerra Garziak idatzi du.
Bertsolaritzaren inguruko hainbat aspektu jaso ditu liburuan: lehenengo eta behin, bertsolaritzak gaur egun bizi duen egoera bere konplexutasun guztian azaltzen saiatu da Garzia. Behin fenomeno honen egoera aurkeztu ondoren, bertsolaritzaren historia aztertuko du, bere hastapen ilunetatik gaur egunera arte, ahozko tradizio honen protagonista nagusietako batzuen bitartez.
Liburuxkaren helburu nagusia bertsolaritza zertan datzan ulertu ahal izateko argibideak eskaintzea da. Azaltzen du bertsolaria nor den eta bertso saioak nolakoak diren. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa da lehia nagusia, lau urtean behin milaka lagun biltzen dituena Barakaldoko BECen (Bilbao Exhibition Centre) egiten den finalean. Bertso jaialdi eta errezitalak, txapelketa eta lehiak, bertso-saio libreak, bazkal-afalondoko saioak, ospakizunetan txertatutako saioak eta formatu esperimentaleko bertsogintzaren kategoriatan klasifikatzen du idazleak bertsolarien jarduna.
Egun bertsolaritza mantentzen, elikatzen eta berritzen dutenak, hala ere, bertso eskola deritzen ikastegi-tailerrak dira Garziaren aburuz; bertsolaritzaren irakaskuntza eskola arautuan; eta fenomeno honen presentzia medioetan, idatzietan zein ikus-entzunezkoetan eta interneten.
Ofizioa xehatzeko tartea ere hartzen du, gero, adituak, hau da, bertsolarien gaitegia, inprobisatzeko moduak eta emozioen kudeaketarako gaitasuna.
Bazterretik erdigunera
Behin bertsolaritza zer den, eta egungo egoera zein duen aztertuta, inprobisazio modalitate honen profesionalizazioari heltzen dio ‘Basque. Bertsolaritza’ liburuan. Horretarako, hamaika figura iltzatzen ditu eboluzio horren kronologiara.
Hasteko, Manuel Lekuona apaz oiartzuarraren lana nabarmentzen du bertsolaritzaren errebindikatzaile gisa. Gero, pasa den mendeko lehen herenean nabarmendu zen bertsolaritza klasikoaren erreferente dugun Jose Manuel Lujanbio ‘Txirrita’ hernaniarra aipatzen du, eta Gerra Zibilaren ondoren, Basarri eta Uztapideren lana nabarmentzen du Garziak, Lazkao Txiki eta Xalbadorrenarenaz gain.
1970eko hamarkadatik aurrerako aldian, bi bertsolari gailentzen dira: Jon Lopategi eta Jon Azpillaga. Hurrengo hamarkadei dagokienez, Xabier Amuriza eta Andoni Egañaren lanak nabarmentzen ditu.
Egañaren ondorengo belaunaldiko goi-mailako bertsolarien zerrendan sartzen ditu, besteak beste, Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Jesus Mari Irazu, Jon Maia, Aitor Mendiluze, Iratxe Ibarra, Arkaitz Estiballes, Onintza Enbeita, Etxahun Lekue, Xabier Silbeira, Estitxu Arozena, Oihane Perea, Fredi Paia, Jon Martin eta Nerea Elustondo.
Bertsolaritza multipolarren garaian gaudela uste du Garziak, eta beraz, horiekin batera, belaunaldi berri bat ari dela goren mailako taldea osatzen, txapelketetan ez ezik beste formatu batzuetan ere gailenduz. Maialen Lujanbio eta Amets Arzallusekin batera, uste du aipatzekoak direla: Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Xabier Paya, Julio Soto, Agin Laburu, Miren Artetxe, Alaia Martin, bai eta XX. mendeko azken hamarraldian jaiotako bertsolari batzuk ere, esate baterako, Miren Amuriza, Jone Uria, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal.
Bildumaren jatorria
Berredizio honen sorburura heltzeko, 2012. urtera joan behar dugu. Orduan plazaratu zen, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez, ‘Euskal Kultura saila’ izenburuko bilduma. Hizkuntza, literatura, musika klasikoa, euskal kantagintza, dantza, sukaldaritza, ikusizko arteak, tradizioak, eta euskal zinema zituzten ardatz.
Zehazki, hurrengoak izan ziren liburuen izenburu zein egileak: ‘Euskararen historia laburra’, Ivan Igartua eta Xabier Zabaltzak idatzita; ‘XX. Mendeko euskal literatura’, Estibalitz Ezkerrarena; ‘Euskal Musika klasikoa’, Karlos Sanchez Ekizak osatutakoa; ‘Euskal kantagintza: pop, rock, folk’, Jon Eskisabelek ondua; ‘Estanpa bilduma’, ikusizko arteei eskainia eta Miren Jaiok idatzitakoa; ‘Euskal zinema’, Joxean Fernandezena; ‘Arkitektura eta diseinua’ Pello Agirrek egina; ‘Euskal dantza’, Oier Araolazarena; ‘Bertsolaritza’, Joxerra Garziarena; ‘Tradizioak’, Joseba Zulaikak idatzita; eta ‘Euskal sukaldaritzaz’, Hasier Etxeberriarena.
Liburuxken berrargitalpena 2021ean zehar egingo da, elebidunak izango diren hiru bertsiotan: euskaraz eta gaztelaniaz, euskaraz eta ingelesez eta euskaraz eta frantsesez. Tradizioak, bertsolaritza, sukaldaritza, euskal kantzagintza, musika klasikoa, antzerkia, arte plastikoak eta ikusizkoak, dantza, literatura eta zinemaren ingurukoak izango dira. Formatu digitalean irakurri daitezke.