Eñe Jaialdiak euskal literaturari leihoa ireki dio
Euskara. Kultura. Mundura.
Eñe Jaialdiak euskal literaturari leihoa ireki dio bigarren urtez jarraian bere 15. edizioan. Eñe Jaialdia 2009tik egiten da Madrilen, eta udazkenero idazle, liburu eta irakurleen arteko topagune bihurtzen da. Aurtengo edizioa urriaren 27an hasi zen eta azaroaren 5era arte luzatuko da. Euskarazko letrek Etxepare Euskal Institutuaren laguntzari esker lekua izan dute jaialdian.
Kirmen Uribe idazleak komisariatu du euskal literaturaren leihoa. Proposamena hiru ekitaldik osatu zuten, urriaren 27an eta 28an Madrilgo Arte Ederren Zirkuluan egin zirenak. Monika Madinabeitia Medrano Etxepare Euskal Institutuko euskara sustatzeko eta zabaltzeko zuzendariak euskal leihoa aurkeztu zuen, eta Eñe Jaialdian literaturari eta euskal kulturari eskaini zaion lekuak duen garrantzia nabarmendu zuen, baita Euskal Leihoan programatutako jardueren gaien eta formatuen aniztasuna ere: "Horrelako euskal leihoek aukera ematen digute hizkuntza ez-hegemonikoek irauteko egiten duten ahalegina eta lana begiratzeko, ikusteko, behatzeko eta ulertzeko.”
Era berean, Madinabeitiak euskal kulturari eskainitako espazio hauen funtzio nagusian azaldu zuen: "Leihoak gertukoaren eta ezezagunaren arteko muga hauskorrak izan daitezke, eta munduari haien bidez begiratzeko ere balio dute, baita munduak horien barruan begiratzeko ere.”
‘Munduari begiratzeko’ ikuskizunak inauguratu zuen Euskal Leihoa, Fernando de Rojas antzokian. Bertan, Mikel Urdangarinen eta Rafa Ruedaren abestiak, Kirmen Uriberen poemen errezitaldia eta Mikel Valverdek sortutako animazioen proiekzioa konbinatu ziren.
Gainera, ‘Mundos Queer en euskera’ mahai-inguruak euskal kulturan queer mugimenduak bultzatutako iraultza jorratu zuen. Bertan, Angel Erro poetak, Danele Sarriugarte idazleak eta Aitzole Araneta sexologo eta aktibistak parte hartu zuten.
Azkenik, Katixa Agirre eta Karmele Jaio euskal idazleek Kirmen Uribe idazlearekin solastu ziren, gizartean azken boladan gertatu diren aldaketei eta horiek literaturan izan duten islari buruz ‘De migraciones e identidades’ mahai-inguruan.
Jon Maia eta Miren Amuriza bertsolariek bertsoak inprobisatu zituzten mahai-inguruaren ondoren, bertan esandakoa komentatuz. Jon Maia bertsolaria izateaz gain, idazlea eta abeslaria ere bada. Bere hitzaldian oso presente egon zen Extremadurako migratzaileen semea dela. Miren Amuriza bertsolaria eta eleberrigilea da. Bere ‘Basa’ eleberriak harrera bikaina izan zuen kritikaren eta publikoaren aldetik.