Euskal literatura nazioarteko hainbat ekitaldi garrantzitsutan izango da datozen hilabeteetan

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-09-27

Euskara eta euskal literatura atzerrian ezagutzera eman eta euskal idazleei eta hauen lanei ikusgaitasuna emateko helburuarekin Etxepare Euskal Institutuak hainbat idazleren parte hartzea sustatu du nazioartean, urte amaiera bitartean, burutuko diren literatura ekitaldi garrantzitsuenetako batzuetan.

Euskara eta euskal literatura atzerrian ezagutzera eman eta euskal idazleei eta hauen lanei ikusgaitasuna emateko helburuarekin Etxepare Euskal Institutuak hainbat idazleren parte hartzea sustatu du nazioartean, urte amaiera bitartean, burutuko diren literatura ekitaldi garrantzitsuenetako batzuetan.

Urrian Miren Agur Meabe “Con barqueira e remador” VIII. Itzulpen Poetikoko Nazioarteko Mintegian izango da Galizian, San Simón Uhartean. Hilaren 1etik 6ra egingo da mintegia eta Galizia, Portugal, Alemania, India eta Irakeko idazleek ere hartuko dute parte. Egun horietan zehar poeta hauen lana ezagutzeko aukera egongo da, baita lan horien galizierarako itzulpenak ere, urriaren 3an Pontevedran, 4an Vigon eta 5ean Redondelan egingo diren jarduera publikoei esker.

Aste berean, Bruselan irakurketa poetiko bat egingo da Transpoesie jaialdiaren testuinguruan. Juanjo Olasagarrek hartuko du parte, Feroe Uharteak, Letonia, Luxenburgo, Polonia, Errumania, Eslovenia eta Turkiatik joandako beste zazpi idazlerekin batera. Jaialdiak Europako poesiaren aberastasun eta aniztasuna erakustea du xede. Gainera, aurten, jaialdian parte hartzen duten idazleen lanak Bruselako garraio publikoan ikusiko dira, jatorrizko hizkuntzan, frantsesez eta nederlanderaz.

Era berean, urriaren 5etik 12ra International Short Story Festival jaialdia egingo da Wroclawen, Polonia. Aurreko urteetan Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Xabier Montoia eta Arantxa Iturbek hartu zuten parte. Aurtengoan Karmele Jaioren txanda izango da.

New Yorkera ere iritsiko da euskal literatura, Kirmen Uriberen eskutik. CUNY-n (City University of New York) izango da, Bernardo Atxaga Katedran, urriaren 12an. Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria ardatz izango duen topaketan hartuko du parte aurtengo programa akademikoaren baitan. Katedrak euskal literatura eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea du helburu eta aurtengo gaia kontakizunaren borroka eta identitate nazionalekin Espainian dagoen talka izango da. Gaian sakontzeko hainbat idazleren lanak aztertuko dituzte.

Bestalde, Garazi Arrula eta Elizabete Manterola, EIZIEko (Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea) ordezkariak biak, Sofian eta Plovdiv-en (Bulgaira) izango dira urriaren 17, 18 eta 19an. Euskal literatura eta kulturaren garapenean itzulpenek duten garrantziaz arituko dira.

Azaroan Latinoamerikako kultur ekitaldi garrantzitsuenetako batean hartuko du parte Miren Agur Meabek: Hay Festival Arequipa jaialdian. Azaroaren 8tik 11ra egingo da Peruko hiri honetan. Joxemari Iturraldek hartuko du testigua Miami Book Fair azokan (azaroak 11-18) Haur eta gazte literaturaren inguruan egingo den mintegi batean eta mahai inguru batean izango da Iturralde. Jarraian, Kirmen Uriberen txanda izango da Lettres du Monde jaialdian, azaroaren 16tik 25era. Hamabosgarren edizioa betetzen duen jaialdi honek hogei bat gonbidatu –idazleak, itzultzaileak, editoreak- bilduko ditu Frantziako Nouvelle-Aquitaine eskualdean burutuko diren 70tik gora literatura ekitalditan parte hartzeko. Uribek Elkarrekin esnatzeko ordua eleberriaren frantsesezko edizioa aurkeztuko du.

Amaitzeko, Juan Kruz Igerabide izango da aurten Guadalajarako Nazioarteko Liburu Azokan (azaroak 23-27), munduko bigarren azoka garrantzitsuenean, parte hartuko dueneuskal idazlea. Mexiko Hiriko UNAM-era (Universidad Nacional Autónoma de México) ere joango da, ikasleekin egingo den topaketa batera.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu