Euskal literaturaren presentzia nabarmena Edinburgh International Book Festival-en

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-08-13

-Jada Book Festivaleko gune ezberdinetatik igaro dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazleak eta lagun izan dituzten hainbat musikari eta dantzariak.

- Larunbatean, hilak 17, Bernardo Atxaga bere lanen itzultzaile Margaret Jull Costarekin ariko da solasean eta igandean Eider Rodriguezek bi ekitalditan esku hartuko du.

- Jada Book Festivaleko gune ezberdinetatik igaro dira Iban Zaldua, Harkaitz Cano, Miren Agur Meabe, Uxue Alberdi eta Danele Sarriugarte idazleak eta lagun izan dituzten hainbat musikari eta dantzariak.

- Larunbatean, hilak 17, Bernardo Atxaga bere lanen itzultzaile Margaret Jull Costarekin ariko da solasean eta igandean Eider Rodriguezek bi ekitalditan esku hartuko du.

Joan zen astetik euskal sorkuntzak toki berezia du Edinburgoko jaialdietan, Etxepare Euskal Institutua urte osoan zehar burutzen ari den #ScotlandGoesBasque ekimenaren eskutik. Edinburgh Festival Fringe arte eszenikoen jaialdian aritu dira Tio Teronen Semeak, Proyecto Colectivo HQPC, Akira Yoshida eta Krego-Martín Danzak taldeak eta bertan estreinatu da Atlantik 1050 euskal eta eskoziar dantza tradizionalen ikuskizuna; gainera, hilaren 25era arte ikusgai dago 2Theatreren Interbeing: Stories From a Current War. Edinburgoko mundu mailako topaketan jarduteak aukera eman die euskal artistei euren lana ezagutzera eman eta arte eszenikoen alorreko profesionalekin hartu-emanak sendotzeko.

Eta euskal literaturak toki berezia du, halaber, aurtengo Edinburgh International Book Festival jaialdian. Joan zen larunbatean, jaialdia ireki berria zela, Garden Theatre gunean Iban Zalduak eta Txekhov vs. Shakespeare egitasmoan bide lagun izan duen James Robertson idazle eskoziarrak azken hilabeteotan partekatu dituzten gutun-sorta biltzen duen liburua aurkeztu zuten, Magnus Linklater moderatzaile zutela. Aurkezpen horrek jakin-min nabarmena eragina zuen eta sarrerak agortu egin ziren. Bakoitzak idatzitako seina gutun biltzen ditu argitalpenak eta landutako gaiak dira euskal eta eskoziar kultur egoera eta, batik bat, bi idazleen sorkuntza-tresna nagusi diren bi hizkuntzen egoera, eskoziera eta euskara, eta horien literatura; bi hizkuntzak oso ezberdinak izan arren (eskoziera hizkuntza germanikoa da, euskara aurre-indoeuroparra), hizkuntza minorizatuak izaki, muga eta erronkak berei egin behar diete aurre eta antzerako zailtasunak dauzkate  mundu globalizatu batean hazteko. Eta erronka horien artean, Europaz ere jardun dute gutunetan; eta europar kulturari dagokionez, iritzi berekoak dira bi idazleak: zerbait bada, hori aniztasuna dela, hain zuzen ere. Eta ondoren, Writer’s Retreat gunean Harkaitz Canok Twist bere nobela aurkeztu zuen A Small Silence bere lehenbiziko eleberria aurkeztu zuen Jumoke Verissimo poeta nigeriarrarekin izandako solasaldian.

Igande eguerdian, berriz, Miren Agur Meabek berriki ingelesez argitaratu den Kristalezko begi bat bere lana aurkeztu zuen Zinzi Clemmons estatubatuar idazlearekin izandako solasaldian. Autofikzioa, galera, idazketa prozesua, nortasuna bilaketa, genero nortasuna, nortasun raziala eta abar izan zituzten hizketarako gai. Miren Agur Meabek euskaraz esandakoak Danele Sarriugartek itzuli zituen zuzenean. Arratsaldean, The Spiegeltent gunean, lehendabizi, Wine and Words ekitaldian “kata literarioa” izan zen Harkaitz Cano, Danele Sarriugarte eta Tio Teronen Semeak taldeko musikarien eskutik; ardoaren alorrean aditu Peter Rascombe kazetari eskoziarrak aurkeztu zuen ekitaldian Arabako Errioxako hiru ardo dastatzeko aukera izan zen eta, bata eta bestearen artean, Harkaitz Canok (euskaraz) eta Danele Sarriugartek (ingelesez) poema eta testu batzuk irakurri zituzten, musikaz lagunduta; horretarako sarrerak ere agortu egin ziren aurrez. Iluntzean, aldiz, eta etenik gabe ari zuen euriari aurre eginez, jende ugari bildu zen Unbound With Edinburgh Gin zikloa ireki zuen Scotland Goes Bertsolaritza! ikuskizunaz gozatzera. Etxepare Euskal Institutuak Mintzola Ahozko Lantegiarekin eta Laboral Kutxarekin elkarlanean burututako What is Bertsolaritza? ikus-entzunezkoarekin abiatu zen eta, horren ostean, Uxue Alberdik bertsotan jardun zuen, eta berak kantatzen zuen bitartean Danele Sarriugartek zuzenean egiten zuen ingelesera itzulpena, idatziz, pantailan proiektatuta. Bertsotarako, Uxuek publikoaren laguntza izan zuen: pertsona batek Uxueri objektu bat esan, berak horrekin bertsoa bota eta gainerako ikus-entzuleek asmatu egin behar zuten zein zen objektua; gainera, buruz buruko saioa ere izan zen, Uxueren beraren eta Tio Teronen Semeen kide Antton Fernandez bertsolari eta dantzariaren artean. Saioa osatzeko bertso musikatu nahiz abestiak ere izan ziren, pianoaz lagunduta.

Atzo arratsaldean, Indigenous Voices zikloan, hunkigarri bezain ederra gertatu zen Uxue Alberdik eta Ciara MacLaverty poetak eskainitakoa. Duela hilabete batzuk hasi ziren Uxue eta Ciara Throwing Voices saioa prestatzen: lau objektu aukeratu behar zituzten eta objektu horietatik abiatuz testu literarioak edo poemak idatzi; bart testu horiek irakurri zituzten, Rachel Newton folk abeslari eta harpistaren musika eta kantuak lagun eta, ondoren, horien inguruko solasaldia izan zen, publikoaren galderei erantzunez eta abar.

Book Festibalen izango den hurrengo euskal idazlea Bernardo Atxaga izango da, abuztuaren 17 larunbatean. Atxagak 1992an Obabakoak Erresuma Batuan argitaratzearekin batera hartu zuen parte lehenbiziko aldiz Edinburgh International Book Festival-en eta ordutik beste bost bider izana da letren topaketa horretan. Aurtengoan Indigenous Voices zikloan izango da, Margaret Jull Costa itzultzailearekin batera Sin City Through Basque Eyes (Pekatu hiria, euskal begietan) izenburudun solasaldian. Horretan euskal idazle gailenak Nevadako egunak bere eleberriaz hausnartuko du, besteak beste, Fernando Pessoa, José Saramago edo Carmen Martín Gaiteren idazlanekin batera, Atxagaren beraren lanak ere ingelesera itzultzen dituen Margaret Jull Costarekin.

Eta amaitzeko, jaialdian estreinakoz izango den Eider Rodriguez izango da aurtengo Edinburgh International Book Festival-en ariko den azken euskal idazlea. Abuztuak 18 igandean bi ekitalditan esku hartuko du: lehenbizi, goizean irakurketa saio batean izango da, Ten at Ten zikloan; eta eguerdi partean itzulpengintzaren inguruko maisu eskola emango du Margaret Jull Costarekin batera. Hone your creative writing (Hobetu zure sormenezko idazketa) izenburu hartuta, bi idazleek itzulpenaren artearen inguruan dituzten ezagutzak partekatuko dituzte, hainbat genero hizpide hartuta: istorio laburrak, eleberriak, poesia edo ez-fikzioa.


EUSKAL SORTZAILEAK EDINBURGON.

Edinburgh Festival Fringe eta Edinburgh International Book Festival.

Datozen egunotarako agenda

 

Abuztuak 17, larunbata

19:00etan: Bernardo Atxaga & Margaret Jull Costa: Sin City Through Basque Eyes. Baillie Gifford Corner Theatre. Edinburgh International Book Festival

 

Abuztuak 18, igandea

10:00etan: Eider Rodriguez: Ten at Ten. Writer’s Retreat. Edinburgh International Book Festival

14:00etan: Eider Rodriguez & Margaret Jull Costa: Translation Workshop. Kimpton Charlotte Square Hotel. Edinburgh International Book Festival

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu