Euskal migrazioari buruzko egitaraua Txileko Unibertsitatean

Euskara. Kultura. Mundura.

2019-08-27

Irailaren 8an izango da Euskal Diasporaren eguna munduan zehar, eta aitzakia horrekin, euskal komunitate indartsua duten hainbat herrialdek ekintzak antolatu dituzte. Horietako bat da Txile: Santiago hirian dagoen Txileko Unibertsitatean euskaldunen migrazioei buruzko ekintza bat antolatu dute abuztuaren 28an, asteazkena, arratsaldez.

Irailaren 8an izango da Euskal Diasporaren eguna munduan zehar, eta aitzakia horrekin, euskal komunitate indartsua duten hainbat herrialdek ekintzak antolatu dituzte. Horietako bat da Txile: Santiago hirian dagoen Txileko Unibertsitatean euskaldunen migrazioei buruzko ekintza bat antolatu dute abuztuaren 28an, asteazkena, arratsaldez.

Txileko Unibertsitateko Juan Gómez Millas campusean egingo da Euskal Diasporaren egunarekin lotutako ekintza, eta bertan aurkezpen-hitzalditxo bat, dokumental baten emanaldia eta mahai-inguru bat egingo dira. Helburua izango da euskaldunen migrazioei buruzko datu historiko batzuk eman eta aztertzea eta, ondoren, istorio pertsonalak ikasgelara eramatea.

Hasteko, Txileko Unibertsitatean dagoen Euskara eta Euskal Kultur irakurleak, Mireia Orbegozok, euskaldunek Txilen izan duten presentzia historikoari buruzko aurkezpen hitzaldia emango du, euskal migrazioaren kausa eta ondorioak azalduz, eta Euskal Diasporaren egunari buruzko bideo labur baten laguntzaz. Ostera, Maite Alberdi zinemagilearen Yo no soy de aquí dokumentala emango dute. Filmaren protagonista jatorri euskalduneko emakume bat da, Josebe, aspalditik Txilen bizi dena. Zaharren egoitza batean dago, eta bertako egunerokotasuna agertzen da filmean: egoitzako kideekin duen harremana, hizketaldiak edota gaztetako oroitzapenak, besteak beste. Tartean, euskaraz ere hitz egiten du Josebek. Funtsean, euskaldun batek bere nortasuna atzerrian nola bizi duen erakusten du dokumentalak.

Ekintzari amaiera emateko, mahai-inguru bat egingo dute, eta bertan Jon Zarrantz izango da gonbidatu berezia. Zarrantz Joseberen semea da, eta bere familiaren istorioa eta euskal migratzaileen seme izatearen esperientzia kontatuko ditu mahai-inguru horren sarrera gisa. Ostera, euskal migrazioari buruzko eztabaida bat irekiko da, non bertako ikasleek euren esperientziak kontatu edota Zarrantzi galderak egin ahal izango dizkioten.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko.

Harpidetu