Euskal musika eta zinema Suns Europe jaialdian

Euskara. Kultura. Mundura.

2018-11-28

Azaroaren 29tik abenduaren 2ra bitarte, Suns Europe jaialdia egingo da Friuliako Udine hirian (Italia). Europako hizkuntza gutxituetako artearen jaialdia da Suns Europe, eta aurten ere, Etxepare Euskal Institutuaren ekimenez, bi euskal emanaldi izango dira bertan: batetik, Zestoako Rodeo taldearen kontzertua, eta, bestetik, Asier Altunak zuzendutako Amama filmaren proiekzioa.

Friuleraz “soinuak” esan nahi du “suns” hitzak. Mediterraneoko Alpeen eremuko komunitate gutxituen arteko topaketa bezala hasi zen 2009. urtean, baina 2015. urteaz geroztik egiten da gaur egungo eran: Europa osoko hizkuntza gutxituetan eginiko arte eszenikoen, zinemaren eta literaturaren arteko elkartrukerako jaialdi gisa.

Bere helburua hizkuntza komunitate txikien sektore kultural eta sortzaileak indartzea da, batez ere arte garaikidea sustatzeko. Hau da, hizkuntza gutxituen berme diren beste hainbat jaialdik ez bezala, honek ez ditu kultura horiek tradizio eta folklore moduan ulertzen, baizik eta etengabeko bilakaeran eta eraberritzean oinarritutako gizarte moduan. Duela bi urtetatik, euskal arteak ere izan du oihartzuna bertan, eta Kasernarat taldea (2016) edota La Basu rap abeslaria (2017) izan dira Udinen.

Aurten ere, Euskal Herriko sorkuntzak erakusleihoa izango du Suns Europen. Alde batetik, Rodeo  stoner-rock taldeak emanaldia eskainiko du azaroaren 29an, osteguna, gaueko 21:45ean Yardie aretoan. Bestetik, abenduaren 2an, igandea,  Amama pelikula emango dute arratsaldeko 18:00etan San Giorgio antzokian. Asier Altuna zuzendariak berak aurkeztuko du filma.

Harpidetu gure Newsletterrera informazio gehiago jasotzeko

Gune hau reCAPTACHAk babestuta dago eta Googleko Pribatutasun Politika zein Zerbitzuaren Baldintzak aplikatzen dira.